Joseba Alvarez
Sortuko kidea

«Gerran gaude!»

Hasi da dagoeneko biharko eredu berriaren inguruko eztabaida. Nolako jendarte eredua behar dugu? Nolako ekonomia? Nolako zaintza? Ez dago garbi koronabirusaren krisialdi erraldoiak kapitalismoaren gaurko ereduaren erabateko porrota ekarriko duen ala ez, baina garbi dago etorkizunean dena ezberdina izango dela.

Agintariek erabiltzen duten diskurtsoa aztertzea ezinbestekoa da, diskurtso horiek errealitatean eragiteko eta berau eraldatzeko duten gaitasuna handia baita, bai plano psikologikoan, sozialean, ekonomikoan zein politikoan ere. Eta horixe etorri zitzaidan burura Macron presidente frantziarrak koronabirusaren inguruko lehen diskurtso bortitza entzun nuenean.

«Gerran gaude!». Horixe izan zen mandatari frantziarrak koronabirusaren inguruan egin zuen lehen agerraldi nagusian esan zuena. Zazpi aldiz erabili zuen esaldi inpaktante hori. Eta pentsatzekoa da behin eta berriz, eta nahita azpimarratutako esaldi horren atzean, osasun kezkaz baino askoz ere arazo larriagoa zuela gogoan Macron presidenteak: koronabirusak jendartean eta batez ere ekonomian izango duen eragin suntsitzailea ikusirik, nola ziurtatu egungo jendarte eredu kapitalistaren etorkizuna? Eta, gerra aipatu zuenean, gerraren estrategiaz aurre egitea pentsatzen ari zela adierazi zuen argi eta garbi, plano sozialean, politikoan, ekonomikoan eta baita komunikatiboan ere.

Izan ere, Macron eta Sanchez presidenteak ezezik, munduko beste mandatari asko ere jabetu da gaur arte, gure artean hegemonikoa izan den jendarte eredu honek oso etorkizun beltza duela; bere benetako izaera, mugak eta injustiziak agerian utzi baititu larrialdiak. Planetako arduradun politiko nagusiak «zientziaren» izenean justifikatu dituzte eginiko hautu guztiak, zientziak eta ideologiak zer ikusirik ez balute bezala, beren benetako hautu politikoa modu horretan justifikatuz.

Ondorioz, sare sozialetan eta hedabideetan hasi da dagoeneko biharko eredu berriaren inguruko eztabaida. Nolako jendarte eredua behar dugu? Nolako ekonomia? Nolako zaintza? Ez dago garbi koronabirusaren krisialdi erraldoiak kapitalismoaren gaurko ereduaren erabateko porrota ekarriko duen ala ez, baina garbi dago etorkizunean dena ezberdina izango dela. Horregatik, eskuina kapitalismoa birpentsatzen hasi da eta gauza bera egiten ari da ezkerra, benetako aternatiba bihurtzeko duen aukera paregabe hau alperrik ez galtzeko, 2008an gertatu zen bezalaxe.

Baina egungo jendarte eredu kapitalista ez da berez eroriko, botatzen ez badugu, behintzat. Gauzak horrela, ezker antikapitalista anitzaren lan guztia helburu horri begira jarri beharko genuke. Ezkerraren estrategia osoa denon artean birpentsatu behar dugu eta ezkerra kalean nola egituratu eta dinamizatu behar dugun adostu behar dugu, eraldaketa prozesuaren motorra ezin baita egungo instituzioetan kokatu. Instituzioetan egon behar dugu, instituzioetatik at nagusituko dugun dinamika indartzeko. Hegemonia osoa aldatzeko lana bideratu behar dugu guztiok arlo guztietan.

Izan ere, kapitalismoak erakutsi du azken bi mendeetan bere burua berrosatzeko gai dela bizi izan dituen krisialdi ezberdinetan. Bere burua eraldatzen jakin du egoera berrira egokituz, baina betiko helburuei eutsiz. Eredu ekonomikoak berrikusi izan ditu. Gauzak asko aldatu ditu, funtsezkoa ez aldatzeko. Eta oraingoan ere hori egiten saiatuko da, Naomi Kleinek azaldutako shock-aren teoria berriz baliatuz.

Eta euskal lubakian nola egingo diogu aurre honi? Zertan dago indar harremana Euskal Herrian? Zertan dago bi ereduen talka eta konfrontazioa? Zertan dago borroka ideologikoa? Zertan dago borroka mediatikoa? Non dago masa borroka? Non dago kapitalismoaren eredu alternatiboa? Ba al dugu espazio antikapitalista egituraturik erronka hauei guztiei modu adostuan eta estrategikoan aurre egiteko? Gaurdanik eta egungo krisialdia gainditu aurretik, horretan hasi beharko genukeelakoan nago.

Zoom, Meet eta horrelako programak zapaltzen gaituztenekin bilerak egiteko baino, ez al genituzke ezkerraren esparru sozial, sindikal eta politikoa bilduko lituzkeen espazio politikoa eta estrategia lantzeko erabili behar? Ez al da auzo-auzo egiten ari garen elkartasun sareen bidezko lan komunitarioari marko globala emateko unea iritsi?

Euskal Herriko sektore antikapitalista guztiak bildu eta, sozialismoa ipar, garatu behar dugun eredu alternatiba horretan zein izan daitezkeen urrats bideragarriak eta metatzaileak aztertu behar ditugu. Jabego pribatuaren edota merkatuaren abolizioa eskatzetik hasi behar dugu? Ez dut uste. Baina badaude beste aldarrikapen batzuk, hala nola soberania eskuratzea, sektore estrategikoen izaera publikoa indartzea, enplegua defendatzea, banku publikoa sortzea, sektore ekonomiko batzuen nazionalizazioa bultzatzea, hedabideen demokratizazioa eskuratzea, langile mugimenduaren subjektu berria osatzea, herri ekimenari zentralitate osoa ematea, aberastasunaren birbanaketa helburutzat duen bestelako politika fiskala ezartzea, ekonomia soziala eta feminista ezartzea, komunitatea ardatz bihurtzea, euskara normalizatzea, autogestioa bultzatzea… Hau da sozialismora eramango gaituen klase borroka eta nazio askapenerako borroka bere ezaugarri guztietan indartzea eta konfrontazioa areagotzea.

Antikapitalistak elkartuko gaituen espazioa eta estrategia finkatzen hasteko urrats zehatzak emateko garaia da, bizitza komunitarioa eta zerbitzu publikoen defentsa abiapuntutzat hartuz. Koronabirus politikoa da gainditu behar duguna.

Search