Gontzal Mendibil
Abeslaria

Geure herriaren zain

Zer egiten du ba gure herriak hor, geure herriaren zain? Honako galdera hau egiten digu aspaldi bateko olerki eder eta esanguratsu batean Joseba Sarrionandiak. Euskal kulturaren alorretan gabiltzanok, sarriegitan konturatzen gara, nahiz eta gu geu herritik gertu egon, zein urrun dagoen gugandik herria.

Diodan honek azalpenen bat merezi duelakoan nago. Gure herria askotariko da, eta jakina, askotarikoa gehiengo horrek ez du bizi euskal kultura. Beraz, herritarren gehiengoak apenas hornitzen dira euskal kulturaz, gure kulturatik at bizi dira, baita euskaldunon gehiengoak ere, erdal kulturan bizi garela eta huraxe kontsumitzen dugula egia nabarmena da.

Pausuak ematen ari garela, jakina, ez dela nahiko, ziur ezetz, baina argi dago ez dugula erakartzen ikasi, edota biztanlegoaren gehiengo hori, gureak ez duela behar den beste betetzen. Eta hementxe ari gara, kontradizio nabarmenen aurrean, garen honetatik gehiago izan guran, baina kontzienteki ala inkontzienteki, inperio kolonialen mentalitatez eta beronen kulturaz jantzirik geure ibileran, berauen partaide garelarik eta beraien kultura egiturarekin uneoro bat egiten dugularik. Eta, kanpokoa ederrago dakusagun honetan, kanpokoa hain gurera sartu den honetan, nahitaez eta halabeharrez, geureari eutsiz, geugan konfiantza areagotuz, zerbait berri iruditu beharko.

Euskeraren erabilerak behera egiten duenean, ondokoak eskeintzen diona onuragarriagotzat hartzen duelako da, edota egiten duguna ez delako nahiko euskal kulturara biztanleriaren gehiengo hori erakartzeko. Hemen ere, bada gure kulturak duen berezitasun bat eta Ruper Ordorikaren adierazpenak interesgarritzat jo ditut, berak esana da: “Une frustragarritzat duela bizi dugun egoera hau, uniformetasun zentzua batetik eta jazarpena bestetik”.

Esparru zabalageotara nola zabaldu, hor koska, gugana ez badatoz, euskal kulturara hurbiltzen ez badira, agian guk geuk joan beharko dugu dauden edo egon litezkeen lekuetara. Honetan, Xabier Amurizari entzun diogun arren, militantismoak ez duela hizkuntza bat salbatzen eta agian bere arrazoiak dituen arren, Kulturan eraiki den ia oro garai baten militantismoaren bidez eraiki zen. Horren premia zegoen.

Eta militantismoak behera egin duen neurrian, zerk salbatzen duen argi da: beharrizanak. Behar izanik ez bada, ziurrenik, erabileraren presentzia ere urritu egingo da, beraz, behartzetik letorke hizkuntzaren salbamena.

Baina ardura gehiago hartzekoa da, ez erdaldunek bizi ez dutena gure kultura, baizik eta euskaldungoaren gehiengoa ere ez dela gure kulturara hurbiltzen, beraz, ez duela berau gozatzen. Bada zer eztabaidatu eta zer aztertu hemen, zeren, eskaintzen dugun honek edo eskaintzeko erak, erakartasun falta nabarmen bat du ziurren.

Hizkuntzari loturiko gaietan, egiten den hori, ondo egiteak, badu erakartasunik, jakina, zeren, kantitatea piskanaka badoa eta geldoegi ari bada ere, kalitateak izugarri egin du gora. Honetan, beraz, zoriontzekotan gaude. Hala ere, aldakuntzak burrunban datozkigun egoera berri baten aurrean gaudenez, betikotasunak betikoa dakarrenez, irudimena erabiltzea dagokigu.

Baina irudimenaren sorkuntzan ere, gauzarik errazenak eta logikoenak izaten dute etekinik handienak. Gure solaskidea, kultura baten parte dela sentiaraztea da gakoa, sentipenetik dator bizipena-eta. Jakina, sentitzen ez duenari, ezin zaio ezer berririk sartu. Eta nola erakarri sentiberatasun hori?, hortxe gakoa.

Adibide bat jartzera noa: norbere estilo propioa goralduz, Athleticken eredua aplikatuko balitz beste ekintzetan, agian gure harrobia handitu eta gorpuztuko litzake eta harrizko herri honek harri printza gehiago izango lituzke bazterretan. Baina zoritxarrez, eredu hori ez da aplikatzen ia beste inon. Adibideekin jarraituz: Nola demontre goralduko dugu euskal musika, Operación Triunfoko tankerako programak geuk bultzatzen baditugu. Horrek musikari eta kantari berrien sorkuntza irendu besterik ez du egiten, eta hortik ez dator ezer berririk. Gazteek hori badute eredutzat eta erreferentetzat, ez goaz ondo, kopiaketeta horretan ez dago ez sorkuntza berririk ez originaltasunik ezta gerorik.

Bestetik, begirada bat botatzea besterik ez, euskal hirietan eta herrietan ere, kanpoko ekintzei, tarte gehiago ematen diogu bertakoei baino. Esan beharrean nago, Euskal Herrian kultura programatzaile gehientsuek euskal kulturaren eta euskeraren susmo izpirik ere ez dutela, ez dutela gurea ez sentitzen ez bizitzen, eta senti eta bizi ez duenak zer du ba eskainiko!

Bittor Kapanagaren hitzak ere, benetan esanguratsuak: “Gauza batez ohartzen naiz: gure jakintsu gehienek erdera gehiegi dakitela, erderen estrukturaz (edo antiestrukturaz) kutsaturik dirala eta, hain zuzen, horixegatik ezin dutela euskeraren arazoa argitu edo erabaki“.

Hauxe da beraz panorama, gure kulturaren eta geure hizkuntzaren gozamenean gutxiengoak garela geure herrian. Baina berriro diot, sentipenak bizipena dakar eta hor badugu zeri ekin, nonnahi eta noiznahi argi izpiak bidaltzea izan beharko gure ekinbidea eta aldez eta moldez beharrizana taxutzea. Athleticken eredua guganatuz, harrobia bultzatuz eta gorpuztuz, biztanlegoak ere senti eta bizi dezakeelakoan, besterik ez dugu, geurea bultzatzea baino, geugan sinestean datza-eta gakoa. Honetan, bertsolaritzarena dugu beste adibide eder bat, zeren, tajuz egituratzeak, eta elkarlanean aritzeak onura dexente ekarri dizkio.

Eta erdal kulturak irensten gaituen honetan Durangoko azokan peregrinazioan bagindoaz itxuran, milaka euskaltzale bertaratuko gara. Izango dugu ziurrenik batekin eta besteekin euskal kulturaren gorabeherak eztabaidatzeko aukera, eta eredu berriren baten izpiak jasotzeko ere akaso. Baina eredugarria oraintsu Sarrionandiari irakurri diodan hau: “errua beti besteei egozten ari gatzaizkio… eta pegatina paparrean ipini eta errua besteei botatzea ez da nahikoa. Modu kritikoan eta autokritikoan begiratu behar zaio egoerari”.

Search