Iñaki Ostolaza, Iban Asenjo
Gipuzkoako EAko koordinatzailea eta Bilduko batzarkidea

Gipuzkoa, ezkerretik eraikitzen

Duela hiru urte Gipuzkoa beste era batera kudeatzeko Gobernu sendo bat osatzeko gai izan ginen.

Egun, Gipuzkoa Euskal Herrian, zein Estatu osoan, ezkerreko erreferente bilakatu da, krisia beste era batera kudeatzeko ildo berriak aurrera eraman dituelako. Datuek ez diote inongo gezurrik: krisiak gogor astintzen gaituen arren, estatuko langabezia tasa txikiena –Bizkaikoa baino zazpi puntu baxuagoa–, pobrezia tasa txikiena eta, aldi berean, datu ekonomiko onenak ditugu; berrikuntzan ere gehien inbertitzen dugun herrialdea gara; eta obra publikoetan klausula sozialak ezartzen dituen herrialde bakarra ere bagara.

Datu hauekin, ez dago inondik inora ulertzerik EAJk Gipuzkoako Batzar Nagusietan ekonomia suspertzeko aurkeztu zuen Foru Araua. Modu berean, ezin da ulertu PSEk beste bat aurkeztu izana. Are gutxiago uler daiteke EAJk eta PSEk beraien artean Foru Arauak adostu ez, baina elkarri babesa ematea. Marketin politikorako nahi zuten ekimen hutsa erokeria bihurtu dute. Nola kudea litezke helburu bera duten bi Foru Arau ezberdin? Uda ondoren behartuko al du EAJk PSE bere Foru Arau proposamena erretiratzera? Inongo ardura eta seriotasun gabeko ikuskizuna antolatu dute.

Gauza gehiago ere galde genitzake: zergatik proposatu dituzte Foru Arau hauek Gipuzkoan eta ez Araban edo Bizkaian edo Legebiltzarrean? Ez al dituzte datu ekonomiko eta sozial kaskarragoak? Ez al zaio Bizkaiko eta Arabako langabeziari aurre egin behar? Herritarren mesedetan lanean ibili beharrean, alderdi hauek EH Bildu desgastatzeko etengabeko kanpainan murgilduta daude.

Bilduren aurkako estrategiak iraganeko zerbait beharko luke. «Guztiok Bilduren kontra» estrategia, etekin alderdikoia ateratzeko soilik pentsatuta dagoena, frakasora, porrotera kondenatuta dago. PSEk dagoeneko jakin beharko luke estrategia horretatik, beraiek behintzat, fruiturik ez dutela lortzen.

PSE etengabe lerrokatu da EAJk eta PPk Bilduren aurka diseinatu duten estrategiapean –Eudelekin izan, Kutxabankekin, EITBeko administrazio kontseiluan, mankomunitateetan…–, baina egia ere bada Gipuzkoan Bildu eta PSE gai izan zirela aurrekontu batzuk adosteko, ziur aski, orduan egin zitezkeen onenak eta aurrerakoienak. Egia da ere fiskalitate berri bat, justuagoa adosteko gai izan ginela. Beharbada, horregatik bi alderdi kontserbadoreetan argi gorri guztiak piztu egin ziren eta PSE beraien estalpera eraman nahi izan zuten, Gipuzkoan inposatuz Bizkaian diseinatutako kontra-erreforma fiskala. Eredugarria izan zen fiskalitate ezkertiar hori eskuinera biratu zuten.

Argi dago Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernuak bere indar guztiak langabezian, berrikuntzan eta politika sozialetan jarri dituela. Zailtasunak zailtasun –eta asko izan dira– arazoak arazo –hauetatik ere asko izan dugu–, oztopoak oztopo –hauek ere asko izan dira eta, oraindik, baditugu–, Gobernua gauzak ondo egiten ari da. Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, gobernua martxan dago, norabide onean.

Beraz, bere burua ezkerrekotzat duen alderdi bati laguntzeko eskatu beharko genioke. PSEk jendea laguntzen duten politiketan sakondu nahiko balu, ze ate jo jakin beharko luke. Gu prest. PSEren asmoa benetan baldin bada, besteak beste, langabeziari hobeto aurre egitea, berrikuntza are gehiago bultzatzea, babes soziala indartzea, politikak hobetzea, inork ez dezala zalantzan jarri bidean topatzeko prest gaudela. Ez daitezela izan gipuzkoarren interesetik kanpo dauden beste ilunago batzuk Gipuzkoako politikagintzan gailenduko direnak.

Gipuzkoa bide onetik doa, Euskal Herrian zein Estatu osoan erreferente bilakatu da, ezkerreko politiketan aitzindariak gara. Gipuzkoa ezkerretik eraiki nahi duen oro ongi etorria da gure ondora, baina, arren, ez dezala, euskal eskumakoekin batera, Gipuzkoako gobernu aurrerakoia oztopatu.

Search