Joseba Garmendia
EHU-ko irakaslea

Grebak eta soldatak

Norbaitek ulertzen du Estatuko soldata onenak dituen herrialdea greben buru izatea?». Arrautza edo oiloa lehena ote den dilemaren antzera (biologiak aspaldi ebatzitako gaia), esaldiak eztabaida sortu du. Soldaten eta langileen mobilizazioaren arteko erlazioa konplexua eta multifazetikoa da. Eztabaidan murgildu baino lehen, bi galdera: Estatuan greba kopuruaren rankingean buruan gaude?, soldatarik onenak ditugu?

Iazkoa urte berezia izan zen. Grebengatik lan egin ez ziren estatu osoko lanaldien %56 Hego Euskal Herrian gertatu ziren, soldatapeko langileen pisua %6 denean. 2008an krisia hasi zenetik gaur egun arte, Estatuko greba egunen %23 hemen jazo zen. Urtetik urtera ehuneko hori asko aldatzen da, baita greba kopuru absolutua ere. Gehiago Estatuan, Hego Euskal Herrian baino; eta horrek eragiten du termino erlatiboetan gora egitea. Joan den urtean batez beste 0,37 eguneko greba egin da lau probintzietako soldatapeko bakoitzeko, edo 1,6 egun greba mila laneguneko. Ondoriozta daiteke gure lurraldeak buru direla greba kopuruan. Europa mailan ere omen. Halere, ez da beti horrela izan.

Hori guztia sindikatuen sendotasun handiagoari eta estrategia berezituei egotzi dakieke. Baita industria pisuari, gizarte eta politika indar korrelazioari eta koiunturazko ahaleginei ere: krisiaren lehenengo urteetan lanpostuak gordetzea, 2012ko lan erreformaren ondoren enpresa eta sektore hitzarmen kolektiboak berreskuratzea, inflazio handiko testuinguruan erosteko ahalmenari eustea edota prekaritate egoeretan lan baldintzak eta soldata hobetzea.

Estatuko Estatistika Institutuko datuen arabera, euskal lurraldeek beste edozein autonomia erkidegok baino soldaten maila altuagoa dute, bai emakumeen bai gizonezkoen kasuan. Ez soilik batez bestekoari dagokienez, kuantil guztiei dagokienez ere; Madrilgo langileen %10 aberatsenen salbuespenarekin, horiek hemengoek baino gehiago irabazten dute. Autonomia erkidego bakoitzeko prezio mailen arteko desberdintasunak ezabatzearren, erosteko ahalmenaren parekotasunean neurtzen badugu ere, errealitate hori mantendu egiten da.

Baieztatu al daiteke harreman kausalik dagoenik grebetan buru egotearen eta soldata onenak izatearen artean? Bai eta ez. Ebidentzia zientifikoak enpirikoki erakusten du sindikazioaren eta soldata hobekuntzen zein soldata desberdintasunen murrizketen artean kausa-erlazio positiboa dagoela. Erlazio kausal horrek baldintza batzuk eskatzen ditu, ordea, balio erantsi nahikoa sortzearena eta produktibitatea hobetzearena, hain zuzen. Munduko Bankuak egindako azterketa batean, 1980tik 2010era bitartean industrializatutako 20 herrialdetako soldata igoerak eta sindikatu dentsitatearen bilakaera konparatu ziren, eta korrelazio positiboa eta esanguratsua aurkitu zen bi aldagaien artean; hau da, sindikatu dentsitate handiena duten herrialdeek soldata igoera handiagoak izan ohi dituzte. Lanaren Nazioarteko Erakundeak garapen bidean dauden 49 herrialdetan 1995 eta 2015 bitartean egindako beste azterlan batek ere emaitza bera eman zuen. Europako Institutu Sindikalak egindako hirugarren azterlan batean, Europako Batasuneko 28 herrialdetako zerrenda aztertu zen 2008 eta 2018 artean, eta bi aldagaien arteko korrelazio positiboa eta esanguratsua aurkitu zen, nahiz eta ezberdintasun batzuk ageri, negoziazio kolektiboaren ezaugarrien arabera. Herrialde espezifikoetan egindako azterketetan zentzu bereko ebidentziak aurkitzen dira.

Erakutsitako ebidentzia enpirikoetatik harago, zehaztu behar da ekoizpen sareak behar adinako balio erantsia edo errenta sortzeko gai izan behar duela. Hori hainbat faktoreren mende dago, hala nola enpresak merkatuetan duen posizioa, berrikuntza teknologikoak eta ez-teknologikoak txertatzea, prozesuak automatizatzea, enpresen kudeaketa eta antolaketa produktiboa hobetzea, langileen kualifikazioa, kooperatibismoaren garrantzia, lanaren intentsitatea…

Bi faktore multzoen eragina modu konbinatuan aztertzerik badago. Madril, Katalunia, Kantabria, Asturias eta Andaluziako Input Output tauletan oinarrituta, jarduera-adar desberdinetarako (ostalaritza, ibilgailuen salmenta eta konponketa, txikizkako merkataritza, paperaren industria eta eraikuntza, kasu) bi aldagai alderatu daitezke: i) soldaten ordainsariek balio erantsi gordinean duten pisua, sortutako errenta lan faktoreari nola ordaintzen zaion eta eragin sindikalaren gerturapen gisa; ii) lanpostu bakoitzeko sorturiko errenta gordina, produktibitatearen eraginaren adierazle gisa. Bi aldagaien biderketak langile bakoitzeko ordainsaria emango digu. Jarduera-adarren eta autonomia erkidegoen araberako konparazio gehienetan, hobeak dira Euskal Autonomia Erkidegoko langileen ordainsariak (25 konparazioetatik 22tan) eta altuagoak soldatek errenten banaketan duten portzentajea (25etatik 17tan). Azken emaitza horrek indartu egiten du errentaren banaketa langileen aldekoagoa dela hemen.

Beste ariketa adierazgarri bat probintziako hitzarmen kolektiboak konparatzea da. Har dezagun adibide gisa lanbide ugarienetako bat. Ostalaritzako 2022. urteko hitzarmenak, Madrilen, taberna zerbitzarientzako 1.070 euroko oinarrizko soldata ezartzen du. Arabako hitzarmenean, 1.417 euro 2018an. Ez dut uste bi probintzietako tabernetan alde handirik dagoenik produktibitateari dagokionez edo aurrerapen teknologikoak sartzeari dagokionez. Zentzuzkoagoa da pentsatzea soldataren %32ko diferentzia hori sindikatuen jardunaren ondorioa dela.

Amaitzeko, ikuspegi sinplista bat baztertu behar dugu. Ekintza sindikala eta produktibitate hobekuntzak ez dira derrigorrez elementu independente edo kontrajarriak. Izan ere, Norvegiarentzat berriki egin den ikerketa batek frogatzen duenez (Barth, Bryson & Dale-Olsen, 2021), sindikatu dentsitatea handitzeak enpresen produktibitatea hobetzea ekar dezake, barne komunikazioa eta kudeaketaren eraginkortasuna hobetzearen ondorioz.

Search