Gure Gregori gogoan
«Urte hauen etorrian, gure inguruan Soziologian nor den inor gutxi izango da Gregori bera ezagutu edo bere aditzerarik izan ez duena. Eta bere eragina hurbiletik jaso dutenak milaka dira, ikasle eta irakasle.»
Bizkaiko alaba euskalduna, sinestuna, langilea, emakume fina, hizketan zehatza, ekintzetan oparoa eta harremanetan eskuzabala. Edonoren bizitzak izan ohi duen lez, bereak ere alde ugari izan ditu. Jatorriko etxeak eman zizkion sustraiak beti zaindu izan ditu, ondo ureztatu eta lora berritzen saiatu. Bere adarretatik atera diren hostoek, baina, gerizpe ugari eman diote hainbat jenderi euskal herrietatik kanpora ere. Fruizen jaio zelarik 1931n, 18 urte bete zituenean bere burua osorik eskaini zuen, kristauerazko berri onaren lekuko izateko Misiolari Sekularren Institutuan. Gipuzkoako Aiako apaiz gazte batek abian jarri zuen ekimena zen, pertsona arrunten kanpo itxura izanik, laneko eta gizarte jardueran kristau balioak era bikainean bizitzeko, zerbitzurik onena eskainiz, bakoitzak eskura zuen egitekoan. Gijon, Madril, Salamanca, Sevilla, Toledo… eta beste hainbat tokitan ari izan da.
Bilbora, bere Bizkai maitera, itzuli zen 1972an, Deustuko Unibertsitatean ekin zion lanari eta auzo horretantxe eman du azken arnasa, 2014ko ekainaren 7an.
Diktaduratik demokraziarako bidean gure artean gertatu diren erakundetze prozesuek bete-betean harrapatu dute Gregori. Bere kasuan, edonolako herri edo gizarte zerbitzuetan gertatu diren aldaketak goi mailako ikas-irakaskintzan bizi izan ditu, Deustuko Unibertsitatean. Urte horietan gertatu zaizkigunen gainean, Gregoriren nortasuna proiektatzean, bada zerbait nabarmentzen dena: bokazioz ari izan den pertsona dela. Bokazioz aritzea, ia-ia sospetxapean dago.
Truke-ordaineko harremanak nagusitu dira gure artean. Hortik ateratzen dena, mundu pribatuaren ganbara da, ohizko lan harremanetatik kanpo utzi beharrekoa.
Gregori guztiz alderantzizkoa izan da: egin beharrik burokratikoenetan ere, bere buru-bihotzen betea jarri izan du, zerbitzua eskaintzen zion ikaslearen edo irakaslearen premiak kontuan hartuta. Urte hauen etorrian, gure inguruan Soziologian nor den inor gutxi izango da Gregori bera ezagutu edo bere aditzerarik izan ez duena. Eta bere eragina hurbiletik jaso dutenak milaka dira, ikasle eta irakasle. Horietako asko da diodanaren lekukorik eman dezakeena. Agian, azken berrogei urteotako euskal soziologiaren zenbait datu bil daiteke lekuko horiekin, norbaitek tesina gisa jasoko balitu.
Bere barruak markatu izan dio zegokion jarduera profesionala. Beharrean zegoen edozein pertsonari zerbitzurik onena eskaintzeko jarria zuen bizia. Ofizioz betetzen zuen lanean ere, beti zen harreman pertsonalekoa, bakoitzari berea aitortzen ziona, errespetuz eta eraginkor.
Argia zen eta argia maite zuen. Sinetsi izan duen Jainkoak eskain diezaiola itzaltzen ez den betiko argiaren maitasun hilezkorra.