Héctor Puente Sierra

Gutxiengo ozenak

Biluzik, galdeketetako emaitzak eskasak irudi daitezke. Nora iritsi nahi duzun jakiteak orain non zauden ikusten uzten ez bazaitu, seguruenik zuk ere urritzat joko dituzu. Utzi alde batera jarrera hori, arrazoiak soberan daude eta baikorra izateko.

Bi konstante ikus ditzakegu emaitzetan. Batetik, partaidetza baxua izan dela, nabariago herri handietan; eta bestetik, aldeko emaitzak aise nagusitu direla nonahi, %90 baino goragokoak kasu gehienetan. Batzuek lasterka bi gauza uztartuko dituzte esateko bozkatzera gerturatu diren gehienek egin dutela baiezko aldekoak direlako, eta gizarte osora ezin direla estrapolatu datuok. Jakina! Baina horrek, eta horretan datza argudio honen azpijokoa, ez du esan nahi etxean geratu diren guztiak kontrakoak direnik, inondik inora.

Lege, gobernu edo sistema baten aurkako mugimenduak agertzen direnero, politikariek beti esku dituzte gehiengo isilak hauen atzean gotortzeko eta kexuei entzungor egiteko. Protestetan parte hartzen ez duten jende multzo hori dira gehiengo isilak, eta kontrako iritzi edo ekintzarik plazaratzen ez dutenez, haiekiko sostengutzat hartzen dute gobernuek, daukaten oposizioa gutxiesteko eta gehiengo demokratikoaren erabakia onartzen ez duen talde txiki eta arriskutsua bezala aurkezte aldera.

Jukutria honen aurrean zera eduki behar dugu garbi. Hautetsontzietara joan ez direnek hamaika arrazoi izan ditzakete horretarako, baina badago bat zalantzarik gabe baztertu dezakeguna: %70 horrek ez du era antolatu batean erabaki botoa ematera ez joatea, ez dio ere aktiboki galdeketak zilegigabetzeko abstentzio kanpaina bati ekin herriz herri azken hilabetez. Saiatu ere ez ezazu egin, beraz, konbentzitzen galdeketa loteslea izatekotan orain edukiko genukeela aldeko %30 bera eta kontrako %70 bat.

Inongo hauteskundeetan alde baten arrakasta dudan jartzen delako ez emandako botoak kontutan hartuta emaitzak nola liratekeen asmatuz. Eta hauxe da, finean, alderdietan eta hedabideetan Gure Esku Dagok hasitako armagabetze prozesua: bukatu zaie politikari eta kazetari askori jendeak nahi duenaz espekulatzea eta beren ekimenak zuritzeko erabiltzea, lehenbizikoz jendeak berak nahi duena adierazteko aukera izan duelako.

Antolatzaileek erabakitzeko prozesua dute ardatz, eta haien xedea da alde batekoek zein bestekoek prozesu horretan irabazten duten ideia zabaltzea. Baina besteok ez dezagun ahaztu kontsulta hauen beharra ez dela hutsean sortu izan, ez dela erabakitzen erabakitzearren, bi egitasmo bateraezinen arteko liskarra konpontzeko baizik. Eta hemen ikusten da independentismoak zoru sendoa daukala, baina ez nahikoa. Unionistek ez daukate zorurik, baina nor konbentzitu beharrik ere ez, Estatu makineriak euren ordez egiten baitu egunero. Iniziatiba galdu gabe, makina bat jende dago erakartzear hurrengo galdeketak iritsi aurretik, eta gero etorriko direnetarako ere bai. Urtetako lana.

Zorionez, historia ez dute egiten gehiengo isilek, gehien eta hoberen borrokatzen dutenek baizik.

Search