Natxi Aranburu, Jose P. De la Torre eta Ibon Goitia
Abusu ikastola

(H)Arri, herri, hor

Balioa eman nahi diogu autoeraketari eta autoeraketarako behar diren baliabideak topatzeari.

Gogor dator nonbait aurtengo Ibilaldia; hau da, gure probintzian beste euskal lurralde guztietan lez, bestelako hezkuntza bat posibilitatu eta gauzatu izan duen herri-hezkuntza sistema baten jai eguna.
Bilboko auzo definitu batetik; nortasun berezikoa. Zazpikaleetatik hurbil, baina kosta honetakooi Oskorrik aipatzen duen denarengandik aparte egiten zaigu hori; Malmasingo zubia pasatu eta begiztatzen dugun auzoa, eskuinaldera, autobiatik Bilborako sarreran. Hantxe elkartuko gara ospakizun giroan eta jaiaren gutiziak profitatu guran. Herrietan bizi garenoi Bilbora joatea gradua igotzea halakoxea egiten zaigu maiz eta maiatzaren 29an ere hala sentitzeko gonbita bihoa Lekeitiotik eta Azkue ikastolatik!

Jai egitera abiatuko gara, zertara bestela! Eta lagunak ikustera eta Bizkaiko ikastolen jaiari sen berezia ematera eta euskal hezkuntza sistemaren aldeko Euskal Herri osorako balekoa den eskola motaren aldeko apustua berrindartzera; ikastolen ondare historikoa herri honekiko balidatzera eta, herritik herritarrek sortutako hezkuntza ereduak hastapenetan asmatu zuen bezala, gaur ere oraindik gaurkotasuna duela esatera, euskaldunok geure esparru guztiak antolatzeko erronka temoso honetan.

Balioa eman nahi diogu autoeraketari eta autoeraketarako behar diren baliabideak topatzeari. Zenbaitetan minduta sentitu gara Ibilaldia zein era honetako beste jaiak euskararen erreibindikazio jai modura bakar-bakarrik definitzean; errealitatearen ikuspegi errakitikoegia iruditzen zaigu. Badirudi proiektu bat finantzatzen laguntzeko antolatzen den jaia, zelofan paperean disimuluz edo, zaindu behar izan dugula eta euskararen aldeko argudioak nolabait justifikatu zezakeela. Herri honek bere burujabetza inoiz izango badu, bere hezkuntza sistema babesteko diru-bilketak ere egin beharko ditu.

Hirugarren aldiz antolatuko dute Bilboko hegal horretan Ibilaldia; bada zerbait. Tuteran, Sohütan, Ibarran, Balmasedan zein Bilbon ikastolaren egitekoa oraindik ere ezinbestekoa dugula azpimarratzeko. Eta bazter horietan guztietan euskal herritar eredu bertsua posible izan behar dela hausnartuko dugu. Eta eredu horretan gune propioa izan behar dutela hala nahi duten herritar guztiek; berton-bertokoak zein gurera etorri nahi dutenak edota ezinbestean etorri direnak eta etorriko direnak.

Hori bakarrik falta zitzaigun: zer hobetu badaukagula ez ohartzea egun horretan! Horretaz ere egin beharko dugu berba egun horretan, baina horretarako bil gaitezen; kasu honetan, Bilboko La Peñako Abusun. Ikastolen ereduan, Aresti bilbotarrak esaten zuenez, legearen kontra ere hortxe-hortxe eta legearen ertz muturrean aurrera pausoak ematen ikasi genuen eta orain ere jakingo dugu ekarpenak egiten eta konponbideak jartzen –beste batzuekin batera, hobe ez!– jendarte inklusibo, berdintsu eta berdinzale, ekologista, feminista, identitario… baten aldeko apustuan. Burusoilak ondo daki bere soiltasunaren berri; berak daki ondoen. Ikastoletako euskaltzaleok gure hezkuntzarekiko borroka honetan erronka zelai desberdinak zehaztu behar ditugu.

Ez gara onenak izateko jaio, baina ezinbestekoak gara. Gora Ibilaldia jaia, Euskal Herriko Hezkuntza sistema lortze bidean!

(H)Arri herri hor eta Erro harri har! Hantxe egongo gara. Gustuko baduzue, jai giroan blaituko gara milaka eta milaka euskal herritar.

Search