Josu Iraeta
Idazle

Hamaika gezurren aurrean

Egungo ultra liberalismoaz, Francoren oinordeko zitalaz ari naiz. Sistema hau, aspaldidanik ongi barneratutako erregimen politikoa baita askorentzat.

Euskal gizartea, poliki-poliki bada ere, –handik eta hemendik entzuten denari sinesgarritasun gutxi emanez– dagoena ikusiz eta datorrena sumatuz, egoeraren larritasunez jabetzen hasia da, baina ez bere osotasunean. Beharbada horregatik, egoera bitxia ari da sortzen, eztabaida politikoak jendartean alor guztiak bustitzen dituen bitartean, «betikoak» –sasi-botere amarauna– eraikitzen ari dira eta lanabes egokiekin aurre nahi zaionerako berandu, beranduegi izan daiteke.

Eta –nire ustez– hori da larriena.

Egungo ultra liberalismoaz, Francoren oinordeko zitalaz ari naiz. Sistema hau, aspaldidanik ongi barneratutako erregimen politikoa baita askorentzat. Eta ez nago soil-soilik Madrilera begira. Saiakera nabaria da baina, itxurazko txukunketak egin bazaizkio ere, ukaezina da bere izaeraren jatorria.

Edozein tirania instituzional baino fin eta eragingarriagoa azaltzen da, ez baitu estatu kolperik ez gerra zibilik behar inposatzeko. Aitzitik, normaltasun demokratikoaren itxura baketsupean jartzen dute indarrean, eta demokrazia urruntzen doan neurrian, indartzen dira muturreko frankista berriak.

Hau da, erabat egoera aldatuz, elkarbizitzari bidea ireki dion erakundeari –ETAri– ematen ari zaion erantzuna, ze pena. Horrela, aspaldian «zatorren pare» bizi direnentzat, etxera itzultzeko, uste baino etorkizun ilunagoa. Beraz, bakea, elkarbizitza, demokrazia, nolakoak dira, non daude, norentzat dira? Agian igeltsero ez izanik, karea erabiltzen dutenentzat?

Azken berrogeita hamar urte hauetan gauza asko igaro dira eta ez dut urrutira begiratu beharrik.

Ni urte mordo batez fraide artean lehenik eta beste bost edo sei handik at ikasten ibilitakoa izanik, nire kuadrillan neska gutxi ikusten genituen oporretan, egia esateko, bakarrik ere ez. Baina fraideen itzaletik aldendu nintzenean bai, orduan bai.

Baina, garai ahietan beste gauza berri asko ezagutu genituen, tartean askoren larrialdiak ere bai. Errepide bazterretan jarritako zezen beltzetatik Ikurrinak zintzilik ikusten ziren. Baita, ikurrina bera, jausgailuz hegan danborrada egunean «Konstituzio plazan». Bestean Atotxako futbol zelaian sartzeko bazkide txartelarekin ikurrina eramateagatik, atxiloketak ere bai, beti ba zegoen zerbait.

Egun nahasi samarrak ziren. Uste gabean, Kuadrillako neska aski jator bat, atxilotu eta torturatu ondoren, espetxera eraman zuten. Zioten, ETAko bati laguntza eskaintzeagatik.

Urte pila bat espetxe barruan pasa ondoren, libre utzi zuten, baina bere egoera asko larritu zen. Urte latzak hurrengoak, etxean egoten zen, diru sarrerarik gabe bizitzen ikasi zuen. Espetxean egon izanaren mesedeak. Beti ere susmagarria zen, «auskalo zergatik bota zuten lanetik». Eta aren lagunak beldur ziren laguntzeko.

Denbora honetan egiazko miseria ezagutu zuen. Beti beldurrez, poliziak maiz egiten zion «bisita» etxera.

Urteak pasa eta ez nuen lagunaren berririk. Eskola garaiko lagun baten elizkizunak tarte, ikusi nuen. Esan zidanez, berriro ere ikastetxeko langilea zen, bere bizitza egiten zuen, eta herritik kanpora bizitzea joateko asmoetan zebilen.

Bere bizitza gogorra kontatu zidan. Nola hasi zen han-hemenka lan txikiak egiten. Baita etxean ikasle bakarren batzuk zituela eta horri esker, aurrera pausuak ematen.

Ez zioten egin, egiteko zeukan epaiketa eta pozik zegoen. Berriz herritar «normal» bat zen, ez susmagarria, eta bizi egin nahi zuen. Bizi. Espetxea eta urte beltz haiek ahaztu.

Estatuaren guztiahalmenaren morroi. Beldurrak, miseriak, bakardadeak. Lan pixka bat erregutzen leihatilaz leihatila eskale ibili beharrak. Hau da apaldu, hautsi, eta barrutik hustu egin zuten neskaren historia.

Idealik gabe, adiskide gabe, «normaltasun» anonimoaren espazio txiki batean errefuxiatu behar izan zuen neskaren historia. Horrela bizitzea oso gogorra da.

Nik ez dut adiskidea epaituko. Nire ondoan, abertzale ezagutu nuen. Bere aita –nirea bezala– Francoren aurkako erresistentziatik preso eta espetxeratu izana. Nire adiskidea ez zen «damutua», ez jauna. Kemenez eta ideiaz beteta ezagutu nuen. Benetan sinesten zuen askatasunean.

Pena ematen zidan, nola kontatzen zidan, –agian ulermen pixka bat erregutuz–, bere miseria. Ezer barkatu gabe kontatu zidan, noraino makurtu eta hondoratu zuten. Nola bere ahuldadeaz baliatuz, ezagun zituen torturatzaileekin kolaboratzea behartu zuten. Malkoak begietan zioen, egin behar izan zuen guztia, berriro «pertsona» izateko.

Nahiko zalantzagarria bada ere diktadura batzuk demokraziaren antzeko zerbait bihurtzen dira, –nahiz orain espainiar asko– lehengo egoerara itzuli nahian urratsak ematen ari.

Herriaren etorkizuna aske erabakitzeko daramagun borroka luzeak, gogortu, zaildu egin du euskal gizartea, baina ez bere osotasunean, horregatik –nire laguna– ilusioz beterrik ibili ondoren hainbat urte, etsi eta jota utzi zuten. Oso nekatua, abailduta, garaitua.

Nire lagunak aski ongi zakien, arazoak ez zirela bukatu. Gizarte sozial berri baten beharra zegoela, jakin bai, bazekien, baino bizi egin nahi zuen. Eta bere garaian borrokatzen zuen Estatuaren barruan, «ustezko» bake berriaren epelean, bere bizitza «berria» egin nahi zuen.

Nire adiskide jatorrak gorriak eta beltzak pasa zituen, eta bizi nahi zuen.

Nire lagunak ez zuen «ongi etorririk» ezagutu. Hau etsi egin zuen neska baten historia da. Bere beldurrarekin xantaia egin zioten historia da. Baina zoritxarrez historia ez da nire lagunarekin amaitzen. Egia da bai, nire lagunak bere burua makurtu zuen, bale, baina etsi beharrean, eutsi egin dutenei, zer eskaintzen diogu?

Tarteka etortzen zait burura eta irudikatzen dut gure auzoko kai politean barne, –garai batean– 'Pantxika' zenaren aurretik pasatzen, bere bake pertsonala egin nahi zuen neska. Torturatzaileen Estatuarekin adostu beharrean, bere izana eta izaera eskaini zuena.

Ez dut aspaldian ikusi, ez dakit non dabilen, baina gu bai, gu hemen gabiltza.

Hau ote da ba, -gaur ere- preso eta iheslari ditugun lagunei eskaintzen dioguna?

Search