Hamar ziztada albiste
Milioi bat pertsona hondartzara joan diren asteburu batean hamar bainularik marmoken ziztada jasan dute, eta albiste da. Marmokengatik piztu zen alarma egiazkoa balitz, miraria litzateke hain ziztada gutxi izatea, baina alderantziz, hamar ziztada erabiltzen dira dozenaka hondartza itxi eta alarma justifikatua dagoela berresteko. Absurdoa absurdoaren atzetik, eta gu, ustez espiritu kritikoa dugunok, hari beretik tiraka, eskasen munduan ere eskasenak izan nahian.
Karabela portugesa baten ziztadak min egiten du? Bai, ziztadaren kalanbreak astinaldia eragiten du, erredura txiki bat geratzen da azalean eta pozoi apur bat sartzen da gorputzean, baina hori da dena, ez gehiago. Muturrera jota, adineko norbaitek ziztada indartsuekin bihotzekoa izateko arriskua omen du, baina ez dira zaharrak beldur direnak, gazte osasuntsuak baizik. Aurretik doa ez naizela gai hauetan aditua, alegia, ez zaidala kasurik egin behar, baina tira, ziztada baten beldur bagara, sentitzen dut, baina ez dugu itsasoan bainu bat hartzea merezi, zeren orain marmokak izango dira, gero algak eta gero gure kremekin eta olioekin akabatzen ari garen planktona. Itsasoko uraren kalitatea? Ez, ez gara horren beldur, nahiz eta begiak urratu, belarriak infektatu eta Helicobacter pylori-arekin urdaila birrindu.
Aspaldiko kontua da, baina ideia bat egiteko. 21 urte nituela, dozenaka marmokak ziztatu ninduten minutu gutxitan. Australiako hondartza batean izan zen, «blue jellyfish» deitzen zituzten, baina karabela portugesaren oso antzekoak ziren (edo agian berdinak). Gorputz osoa erreta lehorreratu nintzenean, larruazalera itsatsi zitzaizkidan tentakulu luzeak belkroak bailiran kendu nituen, eta artean, oraindik txantxetan egiteko umorea nuen. Momentu hura lagun batek bideoan jaso zuen eta hor daukat sinesten ez didanari erakusteko. Bideoan agertzen ez dena da pozoia efektua egiten hasi zenean, konortea galdu eta egun eta erdi egin nuela deliratzen. Ordea, esnatu nintzenean ez nintzen ezertaz oroitzen, beraz ez nuen sufritu. Noski, ez nintzen Cronullako albistegietan agertu, ezta ni bezala amaitu zuten beste dozena bat surflari ere.
Orain gure albistegietako ustezko albiste horiekin alderatzen dut nire esperientzia. Ni neu ere ez naiz lehengoa, gizarte txatxu honekin batera izugarri eskastu naiz, baina milioi bat pertsona itsasoratu diren asteburu batean hamar ziztada izan direla albiste nagusien artean ikustea ere... Ohiko bilakatu da maila orokorraren pare egoteko etengabe mailaz jaisten aritzea, baina hau gehiegi da.
Arrantzaleek diote itsaso zabalean, kostatik ez oso urrun, milioika karabela portugesa daudela. Azken egunetan ez da ia haizerik izan eta horregatik bakanak izan dira kostaldera iritsi direnak, nahiz eta komunikabideek kontrakoa sinetsarazi. Aitzitik, ipar-mendebaldeko haizeak apur bat indartsu joko balu, orduan bai, orduan marmoka horiek guztiak itsasbazterrera gerturatuko lirateke, eta orduan bai, albisteak zentzua izango luke, zeren ez lirateke 10 ziztada izango, ehunka baizik. Ordea, datozen egunetan ez da ipar-mendebaldeko haize indartsurik espero. Lastima...