Har ezazu baja eta lekualdatzea eskatu
Inoiz, zure haragitan ezagutu baldin baduzu zu ukitzeko edozein abagune aprobetxatzen duen irakasleren bat; sorbalda ukitzen dizunean titia ere ukitzeko aukera baliatzen duena; zure gorputzari buruzko iruzkinak egiten dituena, edota, argiki, modu lizunkoi eta inbaditzailean gerturatu zaizuna... Edo zuk pairatu ez arren, zure alabak, ilobak, lehengusinak edo zure auzokidearen alabak kontatzen badizu berak baietz, bizi izan duela... orduan, esaten dute, kontatzen dute, agian, honelako zerbait gertatzen ari zaizula.
Konturatuko zara, apika, ikastetxeak diskrezioa, zuhurtasuna eta pazientzia eskatzen dizkizula. Beharbada, ez da hainbesterako; horiek oso salaketa larriak dira eta.
Mihi gaiztoek diotenez, arazoa ikasle kopuru nabarmen batek pairatuz gero, eta hain nabaria izaki ezen saihestu ezin den, orduan ikastetxea urduritzen hasiko da, zer egin jakin gabe. Diskrezioa eskatuko dizute, eta pazientzia.
Jakina, haurren ezinegonaren aurrean ez du inork ardura hartuko, arreta ez baita euren beharretan egonen.
Esaten dutenez, giroa asko estutzen baldin bada, ikuskatzaile bat bidali eta gutxira, irakasleak, bat-batean, laneko baja hartuko du.
Entzuna dut, halaber (nola gustatzen zaion jendeari hitz egitea...), urak baretzen ez badira, orduan irakasleak ikastetxez aldatzeko eskatuko duela.
Kondairaren arabera, zuhur jokatzeari uzten diozularik, gerta lekizuke irakasle horrek azken hamarkadan izandako ikasleei gertatutakoaren berri izatea. Nola sentitu diren eta nola inork ez zuen ezer egin arazoaz jabetzeko.
Halaber, honen inguruan mintzatzen hasten zarelarik, ohartuko zara irakaslearen aurreko ikastetxean ere berdina gertatu zela, eta baja eta lekualdatzea eskatu eta hartu zituela.
Segur aski, entzungo duzu, zuhurtasuna eskatzen denean, haurrak babesteko dela. Haatik, ikusiko duzu irakaslea babesteko baino ez duela balio. Ikastetxean, agian, esango dizute ez dela existitzen halako zerbaiten aurrean erantzuteko protokolorik. Agian, Hezkuntza Sailetik, ordea, baietz esango dizute, protokolo bat dagoela. Onarpenaren zain; sinatzeke.
Segur aski, bada indarrean dagoen protokolo bat, espero ez zenuena. Erraza da; bi pausotan: batetik, baja eta lekualdatzea irakaslearentzat, eta, bestetik, zuhurtasuna eta pazientzia familientzat.
Ikaragarria da pentsatzea (hau guztia egia balitz), zuhur eta paziente garen bitartean, irakasle hori harat-honat eta bajaz baja ibiliko dela, erretiroa hartu arte.
Hara, kontatu didatenez, asko tematzen baldin bazara, bizi-biziki tematu ere, eta Hezkuntza Sailak haurren oinazearen aurrean erantzuteko ardura hartzen badu, baliteke emakume oso jator bat bidaltzea, «errestaurazio-zirkuluak» deritzenak abian jartzeko. 12 urteko neskatilek abusu egin dien 54 urteko irakaslea barkatzen ikas dezaten, alegia.
Nahastera narama honek guztiak. Izan ere, Istanbuleko hitzarmenaren 48. artikuluaren kontra doa. Baina, tira, esan bezala, bihotz oneko neskatila hauek ikas dezatela barkatzen, zarata handirik egin ez dezaten, eta, horrela, guztiok bake santuan. Bakoitza bere etxean eta jaungoikoa guztienetan. Hezkuntza Sailarekin egin dugu topo. Errealitatearekin izaten ahal duen antzekotasun oro kointzidentzia baino ez da.