Marisol Saiz-Aja
LAB Osasunbideko ordezkaria

Harrera zerbitzuak besteen hutsak ordaintzen

Hori guztia nahikoa ez-eta, azaroaren 26an iragarri zuten Covid pasaportea beharrezkoa izango dela aisaldiko hainbat lekutan sartzeko. Zein da ondorioa? Izugarrizko iladak osasun etxeetan, pasaportea eskatzeko

Pandemiaren aurrekoa da murrizketen garaia eta orduan ere izaten ziren arazoak hitzorduekin: erabiltzaile guztiei hitzordua emateko gorabeherak, itxaron zerrendak, burokrazia-lanak gero eta handiagoak…eta horiek traba ziren herritarrak artatzeko. Horiez gain, Oinarrizko Osasun Laguntza hobetzeko plana “erabili” egiten zen herritarren eskaerak sanitario egokienetara deribatzeko. Berrikuntza moduan azaldu digute orain, baina ez da gaurko kontua.

Baina 2020an pandemia hasi zenetik, egoeraren larritasunak eta konfinamenduak agerian utzi dituzte gure osasun-sistema publikoaren gabeziak eta mugak. Administrazio arloko langileei osasun etxeak kudeatzea exijitzen zaie, eta doi-doi lortzen dute agendak eguneratuak izatea, behar guztiak artatuko badira.

Goizeko lehenengo orduetan hasten da estres egoera eta erritmo horrek irauten du lanaldia bukatzen den arte: profesionalak falta dira, eskaera handitzen ari da (langile gutxiegi dago eskaerei erantzuteko) eta arretarako hitzordu gutxi ematen da. Harrerako langileek badakite herritarren presiopean egin behar dutela lan, jendeak arreta zuzena eskatzen baitu eta askotan mirariak egin behar izaten dituzte hitzorduak agendan txertatzeko, beti pazienteei onena emateko xedez eta okerren bat egiteko beldurrez.

Horretarako, paziente bakoitzak azaldu egin behar dio harrerako langileari zer behar duen, baina ez langileak informazioa jakin nahi duelako –badaki informazioa pertsonala dela eta sekretupean gordetzekoa dela-, baizik eta kudeatzaileek beste aurkerarik ez diotelako ematen, agendak antolatuko baditu eta profesional egokienera bideratuko badu pazientea. Horren ondorioz, paziente bakoitzari entzuten ematen duen denbora ohi baino luzeagoa da orain, eta, beraz, ezin eman nahi adina hitzordu.

Langile gehiago behar da, eta harrerarako langile gehiago ere behar da, eskaera guztiak kalitatez atenditu nahi baditugu.

Osasun etxeetan gero eta eginkizun gehiago dago eta etengabe egokitzen ari diren protokoloak ezarri behar dira; gainera, protokolo horietako askoren berri ez zaie komunikatzen langileei, eta sarri pazienteek lehenago jakiten dituzte, prentsaren bidez jaso dutelako.

Hori guztia nahikoa ez-eta, azaroaren 26an iragarri zuten Covid pasaportea beharrezkoa izango dela aisaldiko hainbat lekutan sartzeko. Zein da ondorioa? Izugarrizko iladak osasun etxeetan, pasaportea eskatzeko; hortaz, osasun-arreta bigarren mailan utzi beharra. Ez da lehenbiziko aldia planifikatu gabeko neurriak ezartzen dituztela, langilerik gabe eta zentroetan iritzirik eskatu ere egin gabe. Ostiral horretako anabasaren ostean, igandean gerenteak iragarri zuen bi bulego irekiko zirela Covid pasaportea jaso ahal izateko. Ezin ote zen lehenago aurreikusi hori gerta zitekeela?

Herritarrek nahikoa arrazoi dute haserre egoteko eta artatuak izateko baliabide falta dagoela erakusteko. Zailatsun handiak daude osasun etxeetan sartzeko eta ongi artatuak izateko. Nahigabetuta daude ez dakitelako nola konpondu osasun arazoak. Osasun etxeetako administrazio-arloko langileek ematen diete, kasu askotan, beren arazoei eta eskaerei lehenengo erantzuna eta, sarritan, horiengan husten dute amorrua eta haserrea; hala, zentroetan gero eta erreklamazio gehiago jasotzen ari dira, baina langileek ezin izaten dituzte konpondu.

Muturreko egoera batean gaude: ezin dute horrela segi lanean, eta gaizki tratatzen dituztela sentitzen dute langileek. Profesionalak dira eta osasun fisikoa eta psikikoa dute jokoan.

Osasun etxeetako langile guztien lana bokazioanala da, hein handi batean. Administrazio lanetan ari direnak jendaurrean egiten dute lan erabat, eta zuzenean jarduten dute beren herriko/auzoko pazienteekin. Gustuko dute lan hori, eta lan-baldintza duinetan egin beharko lukete, baina gaur egun ez dute horrelakorik.

Administrazio arloko langile eskarmentatuak behar dira, osasun etxeen funtzionamendua ezagutzen duten langileak, dena ez baita eskuliburuetan ikasten. Prestakuntzak erabatekoa izan behar du, eta langile horiek fidelizatu egin behar dira; izan ere, gaur egungo lan-baldintzak kontuan hartzen baditugu, ez litzateke harritzekoa gutxi batzuk irautea eta asko eta asko bestelako lanpostu batzuetara joatea hurrengo lekualdaketan.

Oinarrizko Osasun Laguntza egoera penagarrian dago, antolaketa kaskarra da eta profesional faltak laneko giroa gaiztotzen du; gauzak horrela, herritarrek langileoi leporatzen digute egoeraren erantzukizuna, baina kudeaketa txarraren ondorioa da. Ezinbestekoak izatetik arreta faltaren erantzule izatera pasatu gara. Herritarroi eskatzen dizuegu zuen kexuak Osasunbideko arduradunei bideratzeko, ardura duten horiek konponbideak bilatu beharrean, trabak jartzen ari direlako eta profesionalon lana oztopatzen ari direlako.

Search