Karlos Aretxabaleta Ormaetxea

Harrien poema

Hala izan da, ateak ireki eta denak irten gara tropelean kalera, mendira edota errepideetara kirola egitera

Aspaldion, sarri asko entzun dut nire inguruan bizi izan dugun konfinamenduak, eta honek ekarri duen estualdiak, gu inguratzen gaituen guztia baloratzen erakutsi digula.

Hala izan da, ateak ireki eta denak irten gara tropelean kalera, mendira edota errepideetara kirola egitera. Topikoak ez zaizkit gehiegi gustatzen, baina argi dago isolamenduak ekarri duen ajeak hausnarketa partida utzi duela, eta, irakurri ditudanen artetik, Ainhoa Lendinez kazetariak idatzitako “Totem morado” izeneko kronika azpimarratu nahiko nuke. Hura bai kronika freskoa eta arina, lotsabakoa, lehenengo pertsonan idatzia, hurbila, gogoan geratzen den horietarikoa. Ez dakit oker nabilen, baina “harrimina” sumatu nuen bere berbetan –nik neuk eskalatzaile moduan itxialdian sentitu dudan hori berori–, eta, nolabait, eskaladan eman nituen lehenengo urratsetara eraman ninduen Lendinezen hausnarketak.

Eskalatzaile gipuzkoarrak idatzitakoaren ildora, neure buruari galdetu diot ea zerk bultzatu gaituen eskalatzaileoi hankak horman itsastera lurrean jarri beharrean, eta orain arte etxean eskalaezinak ziren zirrikituak eskalatzera: balkoiak, sukaldeko armairuak, umeen apalak...

Gainerako kiroletatik nabarmendu nahi izatea, jaiotzetik ukatutako dohain baten bila aritzea, edo berezkoa den dohainaz gozatzea, agian? Naturak ostendutako altxorrak bilatzea, edota altxor horiek maite dugun jendearekin elkarbanatzea? Nagusien munduan lekua irabaztea, abenturazko kontakizunetan kontalari izatea, granitozko ametsekin amets egitea edo bidean galdutako lagunekin oroitzea? Zenbat buru, hainbat aburu; eskaladan ibiltzearen arrazoien zerrenda amaiezina da, mendiak beste.

Bizitzak erakutsi digu mendietan, denboraren poderioz sortutako harrizko koliseoetan, bakarrizketa zein elkarrizketa bikainak suerta daitezkeela, izarrez jantzitako zeru urdinaren estalpean. Paine, Lavaredo, Trango, Jorasses, Dru, Tsaranoro, Yosemite, Urriellu, Monrebei, Fitch Roy... milaka istorioren lekuko dira, argi dago. Haatik, Lendinezen kronika irakurtzean, gogoratu nuen ez dela postaletako edota liburuetako zokoetara bidaiatu behar gure bitakora koadernoan esperientzia zirraragarriak jasotzeko, eskalatzaile gisa oso-osoan bete gaitzaketen aukera ezin hobeak egon badaudelako gure inguru marian: Atxarte, Balerdi, Egino, Ziordia, Aiztondo, Txindoki, Ogoño, Ranero, eta abar.

Gure kordada kideei, edo gure eskaladako arbasoei (Rebuffat, Bonatti, Cassin, Terray...) galdetuko bagenie eskaladaren zentzuagatik, batzuek, agian, poemak balira bezala apainduko lituzkete euren erantzunak. Noski, ni ere erromantikoa izan naiteke eta Lord Byronen plantak egin; izan ere, mendian ibiltzen garenok erraz amets egin dezakegu eskalada perfektuarekin, bukolismoz beterik dagoen horietarikoa.

Edozelan ere, nire ustez, gai hau askoz prosaikoagoa da, sinpleagoa, errazagoa. Aukera ona eta ederra da eskalada poesia bailitzan ulertzea, eta harria, poema gisa, poeta baten begiekin ikustea, Gabriel Arestiren erara, alegia. Hala ere, ezin dugu ahaztu poema horri eskuekin –eta oinekin– heldu behar diogula, bestela, irudi poetiko horiek haizeak eramango lituzke, eta gu deskuiduan gure harrizko aldaretik eroriko ginateke.

Beraz, gogoratu, poeta maitea! Duela gutxi paisaia kontenplatzearen erruz eskalatzen erori bazara, eta hilda ez bazaude zeure buruari selfie bat egiteagatik, egin ezazu Ainhoa Lendinezek egin zuen moduan, hatz-koskorrak kraska itzazu, jarri magnesioa eskuetan eta irmoki heldu iezaiozu berriro aurrean duzun poemari!

Search