Gontzal Mendibil

Hauspoa zabaldu da berriro

Aberri egunaren hurbileran, beti gure barruan eta airean ditugun gogoak eta asmoak nolabait indartzen eta era berean puskatzen zaizkigu. Batasunaren faltan eta egitasmoen sakabanatzean, aldarriak ere gogoz baina putzik gabe geratzen baitira sarritan. Hala ere, batasunaren premia horretan, baditugu denon gogoko zaizkigun garrantzizko ikur edo eredu batzuk: hizkuntza, lurraldetasuna eta batik bat herri legez, aurrera ekiteko adorea. Hor ditugu geureak egin ditugun euskararen irakaskuntzan eskola-ikastolak, erakundeak eta bestelako ikurrak ere, hor dugu guztiona den ikurrina, hor dugu Nafarroako bandera ikurra. Eta hor ditugu guztiok aho batez kantatzen ditugun kantuak.

Eta kantuetara eta herri sentimenduetara etorriz, zein ote da ba gure ereserkia? Iritziak iritzi, zabal begiratzea dagokigu, historia aztertuz eta hara begiratuz, orainaren ikuspegia ere kontuan hartuz, baina batez ere herritarron batasun nahi handienean jokatuz. Eta honetan, ezbairik gabe, aberriaren zentzuz, itxaropen gogoz eta gehienon aburua kontuan hartuz, ez dugu sentimendu eta ideologia zabalenez jokatuz barneratzen gaituen "Gernikako Arbola" kantua baino kantu adierazgarriagorik. Gehienon begirunekoa eta miresmenekoa izanik, esparrurik zabalenean, ideologia askotako pertsonei abagunea emango dien kantu sinbolikoa dugu. Abertzale ez direnek ere zera diote: «‘Gernikako Arbola’ herri baten identitatearen ikurrik ederrena dugu». Halaxe da, garai baten, Libertadearen sinbolo bihurtu zitzaigun "Gernikako Arbola". Anaikidetasunez, Euskal Herriaren izena eta nortasuna zabaltzeko kantu eredugarria.

"Gernikako Arbola"-k, besteak beste, batasunaren ikur dugun eran, himno baten solemnitatea du; beraz, zor historikoa diogulakoan nago. Iparragirrek idatzia baita: «Gerturatzen da eguna nazioen liga edo aliantza ikusiko deguna». Eta zer esanik ez bere «ez bedi galdu euskera, galtzen badegu, galduak gera». Gaur gaurko aldarriak eta nahiak; askatasun deiadarrak begi bistan jartzen dizkigu. Himno batek, orainaren eta etorkizunaren nahian, betiko himnoa bihurtzeko, nor eta zer garen jakinaraziz, erroak eta urratsak ondo finkaturik izan behar ditu.

Jakina, Iparragirrek sortu zueneko garaia, XIX. mendea, eta oraingoa ez direla inondik ere berdintsuak eta, harrezkero ideia berriak eta kantu adierazkorrak sortu izan dira eta sortuko direla espero dugu.

Davantek Iparraldeko hainbat kulturgile eta kantariren hitzarmenez eta guztion sinaduraz oraintsu idatzitakoak sona handia izan du eta honetan beti pentsatu izan dut Iparraldetik eta Nafarroatik bultzatzea onuragarria dela, guk, hiru probintzia hauetako Euskadikook, Euskal Herri osoarekin kidetasunean bat egin dezagun.

Jakin badakigu ofizialtzeko proposamenik ez dela aurkeztu oraindik. Ziur etorriko dela eguna. Dakiguna da, historia errepasatuz, Iparragirrek "Gernikako Arbola" kantatzen zuenean bazterrak asaldatzen zituela. Euskal Herriko Tolosan epaitu ondoren desterratu zutela, eta dakiguna da geroan Iparraldean ekimen instituzional askotan "Marsellesa"-ren pare kantatzen zela.

 Aberri amaren deiadarraz, "Gernikako Arbola", askatasun ereserki hau, gure geroaren eraikuntzaren eta herrigintzaren sostengua da. Nondik gatozen azalduz, geroa geuregan daukagula eta zuhaitzen antzera zutik bizitzeko sortuak izan garela adierazten diguna.

Iparragirreren eta bere ereserkiaren meritua bere garaian herri xumeak askatasun ikur legez bere gain hartzea eta herritarrok aztoratuz Euskal Herri osoaren batasun sentimendua berpiztea izan zen. Garaian gaude, hauspoa astinduz, «Eman ta zabal zazu munduan fruitua» lau haizeetara kantatzeko.

Search