Hauteskundeak Flandrian
Europar hauteskundeekin batera, maiatzean Flandrian flandriar hauteskundeak eta hauteskunde federalak (belgikarrak) egingo dituzte. Hiru hauteskunde batera. Flandriar hautesleek flandriar parlamentu eta gobernua, belgikar parlamentu, senatu eta gobernua eta europar diputatuak aukeratuko dituzte.
Azken hauteskunde federalen ondoren, Belgikak 589 egun eman zituen gobernurik gabe. Estatuaren erreformak eta Brussel-Halle-Vilvoorde mankomunitatearen inguruan akordioak erdiesteko ezintasunak Belgikak azken hamarkadetan ezagutu duen krisi politiko esanguratsuena ekarri zuten. Inoiz ez bezala, flandriar eta walloniar alderdien eta gizartearen artean dauden ezberdintasun eta interes zein helburu diferenteak nabarmenki azalarazi ziren.
1954an sortu zen VolksUnie alderdi flandriar abertzalea eta 2001ean bere desegitea gertatu arte, abertzale familia gehienak bildu zituen bere barnean, ezkertiarrak, liberalak, kristau-demokratak eta abar. Guztiak, eskuin muturreko abertzaleak izan ezik. Hauek Vlaams Blok hasieran eta gero Vlaams Belang alderdira joan ziren. XXI. mendearen hasieran VolksUnieren apurketatik bi alderdi berri jaio ziren, Spirit eta Nieuw Vlaamse Alliantie (N-VA), baina hasiera horietan arrakasta gutxi izan zuten eta aldiz bere burua indartu zuen mugimendua Vlaams Blok alderdi xenofoboa izan zen eta momentu batean bazirudien Vlaams Blok bera abertzaleen arteko hegemonia politikoa bereganatzeko gai izango zela.
N-VAk 2003ko hauteskunde federaletan bozen %3,1 lortu zuen eta aldiz 2010ean, %17,4ra iritsita, Belgikako alderdi bozkatuena bilakatu zen. Belgikaren historia laburrean lehenengo aldiz, Flandriaren independentzia aldarrikatzen duen alderdi politiko batek Belgikako hauteskundeak irabazi zituen. Vlaams Blok edo Vlaams Belangek %11,6a lortu zuen 2003an eta %7,8a 2010ean.
N-VAk hauteskundeak irabazi eta gero, gobernua osatzeko negoziazioetarako zabalduriko mezua argia eta bere buruarekin koherentea izan zen. Belgikaren estatu erreforma sakona planteatu zuen, estatu federaletik konfederal batera pasatzeko proposamena. Publikoki Belgikaren lehendakaritza ez hartzeko konpromisoa adierazi zuen eta berarekin akordioa egiteko prest zeuden alderdiei eskaini zien. Adostasun ezak aipaturiko gobernu gabeko 589 eguneko krisia ekarri zuen. Azkenean, N-VAk ez ezik gainontzeko alderdiek ere gobernua osatzeko akordioa egin zuten eta gaur arte eutsi diote.
2010eko egoeraren eta gaur egungoaren artean badira diferentzia nabarmenak. 2010eko emaitzak sorpresa izan ziren, N-VAk emaitza onak espero zituen, baina ez horren onak. Bere egitura politikoa, militante kopurua asko handitu eta indartu da 2010az geroztik. 2013an Belgikan egin diren inkesta guztiak aztertzen baditugu, datozen hauteskunde federaletan N-VAk bere 2010eko emaitzari eutsiko dio edo hobetu egingo du. %17,6 eta %24,3 bitarteko boz intentzioa jaso du 2013an. N-VA alderdi nahiko berria da, esan bezala 2001ean sortua, eta geroztik bere burua sortu eta definitzeko trantsizioan dabil. Familia politiko ezberdinak bildu ditu, ezkerretik eskuinera, baina bere burua definitzeko prozesuarekin aurrera egiten duen heinean ikusi beharko da ezaugarri hori bermatzeko gai izaten jarraituko duen edo ez. Gero eta modu argiagoan, liberalismoa da hautatzen ari den eredu ekonomiko eta soziala.
Azkenik, urriaren 30ean, N-VA alderdiak estatu konfederalerako bere proposamen zehatza argitaratu zuen. Eskoziarren independentziarako “liburu zuria”-k bezala, proposamen honek Belgikaren etorkizun instituzional, politiko eta soziala zehazten du. Gainontzeko alderdiak ez bezala, N-VAk proposatzen duen estatu eredu berria publikoa da eta denen esku dago. Datozen hilabeteetan, Belgikaren etorkizuna urratsez urrats marraztuko duen prozesua martxan jarriko da eta horretarako maiatzean egingo diren hauteskundeek berebiziko garrantzia izango dute.