Gontzal Mendibil

«Hazia»

Haziaren esanahiak etorkizuneko fruitua ekartzen digu eta pentsatu nahi dut akatsak zuzentzeko gaitasuna izango duela, zeren, horrela ez balitz, beste garai okerragora begiratu behar, non, izen asko eta asko galazita zeuden, neurea kasu.

Hizkuntzaren mugak, jakina, ezjakintasunetik datoz edota ideologia maltzurretatik edo gogo ankerretatik, eta beti esan izan da ezjakin baten menpean eta haren pentzuetan egotea baino gauza mingarriagorik eta okerragorik ez dagoela.

Ba, oraingoan Araban gertatu da, bertako epaile ezjakin batek Hazia izenaren interpretazioa desegokitzat hartu daitekeela eta jaio berri bati izena jartzera zihoazenean, debekatzea erabaki du. Ezjakintasuna ausarta dala esan ohi da, oinarririk gabeko arrazoi bideetan gaude beste behin ere.

Euskaldunontzat Hazia izena hain zentzuzkoa bada ere, bere nahi deserosoan, gutxienezko zentzu bat bilatzera joan da eta zentzuduna ez denak bere aginteak eta iritzi propioak ematen dizkion lehentasunak dauzka, besteei bereak inposatzeko. Bere nahiak eta desirak beteko ditu eta berdin izango zaio Euskaltzaindiak edo beste edonork zer esango dion, erabakia hartua du-eta.

Bilatuko du legeak uzten dion zirrikituren bat eta erabakia bere ezkajintasunaren gain jasoko du. «Zerbaiterako naiz epailea eta nire interpretazioak guztiz zentzuzkoak dira». Erdaldunen euskarenganako mugetan bizi da, eta berdin izango zaio euskaldunok berorrek epaitu beharreko izena nola eta zein zentzutan erabiltzen dugun.

Bere ezjaintasunetik harago, hariari ezbeharreko muturrak topatzea eta korapilatzea ote da ba bere eginbeharra? Hor koska, eta zer dela eta? Googlen ikusi omen du: «Semilla» den hori, semen ere izan daitekeela, eta zentzu bako eritzi kontrajarrian, euskeraren gaitasuna kontutan hartu gabe, euskera bera jarri du ezbaian. Baina ah, badu izena aldarazteko ahalmena, beraz latinera jo du eta Zia jarri dezaketela dio, hori onargarria da-eta.

Serioa den gauza bromatzat hartu beharko ote dugu ba. Honek, zera ekartzen dit gogora, euskararen zabalbideak eta egunerokotasunak oztopo gehiegi dauzkala buru itxi askoren garunetan. Benetan ere, argudio eskasak epailearenak. Hizkuntzaren gaietan gaitasunik ez daukala ondotxo erakutsi du epaile ezjakin honek, baina justizia gaietan jakingo ote du? Hazia haurraren amonak zera dio, ez nire iloba ez da Semilla deitzen eta gutxiago Semen, nire iloba Hazia deitzen da eta halaxe deituko da.
 
Baina epailea harago joan da, Euskatzaindiaren iritzia eta onespena ezabatzeko gaitasuna du eta latinezko Zia onartu beharko dutela dio, baina, kontxo, antza latinez ez dago Zia izenik. CÍA: latinez: Cilla: Hazia edo bazka gordetzeko lekua:Siloa. Eta epaileak dion Semen hori, latinezko Semen-seminis; Sementiz..Zemendi: Zemendia: Mes de la siembra edo Azaro(Hazi-aro) Epoca de la siembra. Eta ze zentzu ote du Ziak: Haziarekin? Non ote dago ba korrelazioa?

Hazia neska, beraz, epailearen erabakiz Zia gisa beharko dutela erregistratu, baina gurasoek adierazi dute helegitea jarriko diotela erabakiari, eta kosta ahala kosta eutsiko diotela euren nahiari.

Haziaren esanahiak etorkizuneko fruitua ekartzen digu eta pentsatu nahi dut akatsak zuzentzeko gaitasuna izango duela, zeren, horrela ez balitz, beste garai okerragora begiratu behar, non, izen asko eta asko galazita zeuden, neurea kasu. Eta Itziar, Arantzazu edota Izaskun izenei, nahitaez aurretik Maria jarri behar zitzaien. Maria Izaskun beraz. Baina, aurreko garaiak utzi eta gatozen egun hontara, zeren, Hazia izena dugu kolokan. Eta epaileak berorrekin dituen oniritziak eta aurreritziak eta perzepzio obsesiboak eta mingarriak.

Egunoro erabiltzen dugun hitz argi eta ezagun bat jaio berri bati, adiera desegokia izan dezakeela argudiatuz, oztopatzea, justiziaren profesioaren eginbeharrak okerbideratzea litzateke. Hitz batek adiera desberdinak izan litzazkeela argi dago baina irizpide arrazionalak erabiltzea izan beharko litzake epaile baten erabakia bere ezagueran.

Eta, hitz baten esangurak testuingurutik kanpo atera direlakon nagoenez. Ludwuig van Beethoven musikariaren hitzak dakarzkizuet gogora. «hobetzeko ez baldin bada, ez ezaru apurtu isiltasuna» zioen. Ba, terminologia artistikora eta kasu honetan, musikara etorriz, Arabako epaile honi, Gasteizen aurkeztuko dugun Hazia musikala ikustera etor dadin gonbitea luzatu nahi nioke, ziur ere, gustokoa izango duela eta bere eskema eta oneritzi zaharkituak eta logika gabekoak alde batera utz ditzazkeela.

Tira ba, Hazia umetxoa hazten-hazten, ekinez bidea eraikitzen eta fruituak ematen joan dadila.

Search