Josu Iraeta
Idazlea

Helmugaren atarian

Bide propio bat, guk, euskal abertzaleok egitekotan, garbi eta zintzo eztabaidatu beharra dago. Baita mahai gainean geure aukera errealak soilik aintzakotzat hartu. Nire ustez, horrela eginez, jartzen ahal da gure herri txiki hau libre izateko bidean.

Giro politikoa berotzen hasia da, hauteskunde usaina dela-eta; bisitak agertzen hasi dira beranduko Olentzero gisa, baina zaku hutsarekin etorri dira. Erdigune politikoa berreskuratu nahian azaldu zaizkigunak ere baditugu bisitaren artean, baina hemen aspalditik dakigu zaharberritzeak ez duela belea birigarro egiten.

Egia mahai gainean jartzen denean, jakina, denak ez gaude ados, baina Euskal Herria herri desintegratu bat da, eta ez administrazio mailan soilik. Horrela entzutea gogor samarra dirudi, baina hainbat froga ditugu egunero aurrez aurre. Nola liteke Espainian egun indarrean dagoen sistemak «oraindik» berrehun preso politiko inguru gordetzea bere baitan, nola? Beraz, zerbait izatekotan, demokrazia ez da.

Dena dela desintegrazio honen gainetik integrazio borondate bat badagoela ukaezina da. Eta hori ez da hauteskundeetan bakarrik sumatzen; komunitate batean elkartu eta beharreko bideak abian jartzeko gogoa ere nabaria da. Baina Francoren garaian bezala, gertatzen zaiguna da geure historia besteek kontatuta ezagutzen dugula. Gure aurkarien esku jarraitzen duela, eta hori erro-errotik aldatu beharra dago.

Egia baita, batzuk handik besteak hemendik, espainiar herriaren homogeneotasunaren bila dabiltzala.

Nik ikusten dudana da euskaldunen artean demokraziaren kontzeptu bera ere manipulatuta dagoela hasieratik. Gauzak argi esatekotan, gu, nahi ala ez, Estatu plurinazional baten «kide» izan gara orain arte, eta gaur ere bai. Hortik aurrera egitekotan, zein izan daiteke jokabide zuzena? Horri erantzun behar diogu. Eta horretarako, historiak, daramagun borrokaren historiak, esaten digu zurruntasun ideologikoak ez duela bermatzen lortu nahi dugun etorkizuna. Horregatik, garai berriak sortzearen beharra.

Euskal ezker abertzaleak azken mende erdian erakutsi du –ongi gainera– borrokan badakiela, baina baita politika egiten ere instituzio eta maila guztietan. Ezker abertzaleak gobernatzeko gauza dela erakutsi du azken hamarkadetan, goi mailako kudeaketa politikoa. Horregatik, euskal gizartearen estimazioak eraman du aldundi eta udal nagusietara, behin eta berriro.

Espainiar komunitate batean integratu nahiko bagenu, euskara utziz, eta «provincias del norte» bihurtu, oso erraza da hori. Aukera bat da, eta badirudi batzuen ibilbidea aztertuz horretara joan nahi dutela, nahiz eta «oraindik» garbi esaten ez ausartu.

Mota guztietako euskaldunek –espainiar zaleak barne– oso ongi dakite herri honen gehiengo handia Euskal Herria historikoaren inguruan ados dagoela. Dena dela ez da herri arazo bakarra, arazoa ez da hauteskundeetako herri honen borondatea, herri honen kontzientzia bera baizik. Hori bai, manipulazio luze, anker eta interesatuak sakonki nahastu duena.

Hori horrela bada –eta nik hala ikusten dut– gure euskal komunitate hau puskatzen, hiltzen ari dira. Probintzia espainiar bat garatzen ari dira. Espainian eroso bizi eta agintea mantentzeko aitzakiarekin, aitaren etxe famatu hori oso merke saltzen ari dira.

Bide propio bat, guk, euskal abertzaleok egitekotan, garbi eta zintzo eztabaidatu beharra dago. Baita mahai gainean geure aukera errealak soilik aintzakotzat hartu ere. Nire ustez, horrela eginez, jartzen ahal da gure herri txiki hau libre izateko bidean.

Badakit garai batean uste genuen baino latzagoa izaten ari zaigula autonomia desmitifikatzea. Estatu espainiarrak herri honi eskainitako opari pozoitsua dela frogatzea alegia. Oso zaila suertatzen baita, nazio askapen prozesu guztietan, autonomia –begira Saharan gertatzen ari dena– independentziaren antidoto gisa erabiltzen duela botere menderatzaileak, aurreko tresna guztiak porrot egin eta gero. Horrela, burujabetasunik gabe, tarteko urratsa baino tranpa hilkorra suertatzen baita, herri honetako askatasun aukerari begira.

Baina gauzak ez dira aldatzen egun batetik bestera. 50 urte luze, eginkizun publikoen agintea, kasta baten pribilegio izandakoari amaiera eman behar zaio.

Hasiera guztiek dute beraiei dagokien amaiera. Ez baita sinesgarria, justizia epaitegietan administrazio publikoan «modus operandi» mafiosoa ezartzeagatik kondenatzen dituztenak, kudeatzaile egokiak izatea. Musika hori aski ezaguna da.

Ez dira denak gozoak izan, baina bihotza, lana eta gogoak ekarri gaitu gaztetatik gaurdaino. Denbora askoz, zuzeneko liskarra garatu genuen, eta hala narriadura geldiaraztea lortu genuen. Egia da, baina ezin izan dugu lagun askoren galera eta beste askoren sakrifizioa eta nekea saihestu. Saiatu bai, gogor saiatu ginen, baina ez ginen nahi genuen helmugara iritsi.

Urte luze hauetan ikasi genuen zurruntasun ideologikoak ez duela eboluzionatzen uzten, eta eboluzionatuz soilik egin dezakegu aurrera. Gaur, zenbait hamarkadatan mota guztietako borrokan egin ondoren, helmugaren atarian gaude.

Gora gu ta gutarrak.

Search