Imanol Ibero Azkarate
EHNE-Nafarroako lehendakaria

Hemengo produktuen alde

EHNEk eta Bizilurrek gizartea Eguberri hauetan ere etxeko produktuen alde egin dezan gonbidatu nahi du. Lurraldearekin, kontsumitzailearekin eta ekoizlearekin justua den produktuaren alde, hain zuzen. Herriak egunero pasadizoz eta bizitasunez betetzen dituen produktu hauen alde egitera.

Eguberria dator, janari gozoz betetako mahai baten bueltan gertukoekin biltzeko garaia. Senideekin solastatzeko, abesteko, zirikatzeko edota oroitzapenak partekatzeko garaia. Geure herriak bizitasunez koloreztatzen zireneko haurtzaroko oroitzapenak, oso aspalditik garatutako nekazaritza kulturari lotutakoak. Mahaian gelditzen den oroitzapen zaharrena baino zaharragoa. Etxean, zein mendi edo zelaietan, egindako lan astun eta luzeen inguruko pasadizoak, bizilagunen arteko elkartasuna edota bizipoza islatzen duten beste batzuekin gurutzatzen dira. 

Ez da sekretua garai hartako nekazaritza-errealitate dinamiko hori ez dela egun Nafarroako gure herrietan duguna. Azken hamarkadetan sistema globalaren bortxaz, administrazioen laguntzaz, bai eta zenbait nekazari eta abeltzainen borondatez ere, landa inguruneetako kultura hori ia errotik desagertu da. Nekazarion produktuak merkatu global espekulatzaileen menpe jarriz, ekoizpen eta transformazio prozesuak indibidualizatuz, nekazari eta abeltzain desberdinak norgehiagokan jarriz, ekoizpen baliabideak pribatizatuz eta kontzentratuz, eta abar.

Baina kontua ez da iragana idealizatu eta oraina mespretxatzea, gure aitona-amonek gustura erabiliko baitzituzten gaur ditugun zenbait aurrerapen teknologiko. Edota lurraren aniztasuna, bere dinamismo naturala eta gizakiok harekin dugun erantzukizuna erakusten digun sarearen (internet) ekarpenak ezin ditugu arbuiatu ere. Gainera, bizi dugun honetan, oraindik belaunaldiz belaunaldi jasotako irakaspenak mantentzen ditugun ehunka nekazari eta abeltzain bagara Nafarroan. Gure produktuak kontsumitzaileari zuzenean saltzen dizkiegunak, lurraren eta kontsumitzaileen osasuna errespetatzen dugunak, mendi eta erribera zaintzen dugunak, gure herriei bizitza, kultura eta izana eskaintzen diegunak.

Baina merkatu bihozgabe honetan lehiatzea dagokigula esaten digute esparru askotatik. Nahiz eta guk ez ditugun enpresa handiek dituzten mekanismoak, iragarki zein lobby-ekin «merkatu librearen» arauak baldintzatzeko. Horregatik elkarlanaren bidez sortu ditugu adibidez, jatorria eta kalitatea ziurtatzen dituzten zigiluak. EHNE-Nafarroako nekazari eta abeltzainok orain urte batzuk Bizilur ere sortu genuen. 30 bat nekazari eta abeltzain biltzen dituen ekimena da eta bertako guztiok salmenta zuzenaren bidez saltzen ditugu gure produktuak, familiarteko tamainako enpresak ditugu, gure herrietako kulturatik jaso dugu gure lanerako grina eta guk ekoizten ditugun lehengaiak geuk transformatzen ditugu. Gainera, plazara ateratzeko irrikan gaude ere, gure produktuak zuei erakusteko eta eskaintzeko. Eta horrela egingo dugu datorren abenduaren 23an Iruñean, goizeko 10etatik 14etara, Karlos III.a eta Orreaga kaleen arteko bidegurutzean egongo gara, entzierroaren estatuaren ondoan, pastak, ogia, eztia, gazta, jogurta, esnea, ardoa, haragia eta barazkiak eskaintzen.

Honengatik guztiagatik EHNEk eta Bizilurrek gizartea Eguberri hauetan ere etxeko produktuen alde egin dezan gonbidatu nahi du. Lurraldearekin, kontsumitzailearekin eta ekoizlearekin justua den produktuaren alde, hain zuzen. Herriak egunero pasadizoz eta bizitasunez betetzen dituen produktu hauen alde egitera.

Bildu gaitezen berriz eta truka ditzagun oroitzapen eder horiek, eta aldi berean bete ditzagun mahaiak gure produktuekin. Nafar nekazari eta abeltzainak bizipen eder horiek sortzen jarrai dezaten, etorkizuneko mahaietan lurrari lotutako pasadizo berriak kontatzen jarrai dezagun. Horregatik 23an plazara, gure erosketekin gure herriak eta lurra babestera.

Search