Aitor Irigoien Odriozola
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna

“Heroi” anonimoak

“Gure arbasoek, neurri handi batean alfabetatu gabeak, eguneroko esfortzuarekin ondorengoen formakuntza eta baliabideak hobetzea ahalbidetu zuten, gure herriaren garapena erdietsiz. Hori horrela, eskultura hau ahalegin eta lan anonimoarekin egungo ongizate maila lortu zuten belaunaldiei eskainia dago”

Abuztuan topatu ginen, ezustean, aipatu eskultura eta testuarekin, Lanzarote hegoaldeko Playa Blanca herrian. Itsas ondoko pasealekuan gindoazen, era guztietako jatetxe, souvenir denda eta marka onetako stand-en artean, ezusteko atsegin hura izan genuenean.

Hala, hasierako harriduraz gain, poza eragin zigun, eta hausnarketarako bidea eman ere bai. Bereziki, turismoaren eta memoriaren inguruan. Hasiera batean, agian, erlazionatuta ez diruditen bi gai, baina une hartan, elkarri zuzenki lotuak ziruditenak.

1-Turismoa. Eskulturaren ondoko testua irakurtzen ginela, beste turista batzuk gerturatu ziren (gurasoak eta bi seme-alaba). Eta testuari begiratu ere egin gabe, eskulturari semearen bisera modernoa jarri, eta argazkia atera zuten, eskulturari lepotik helduta, irribarrea ezin eutsiz. Klik-aren ostean, segituan urrundu ziren, kameran ea ondo atera ote ziren egiaztatzen zuten bitartean… Testua ongi ikusteko moduan zegoen, gazteleraz zein ingelesez.

Ziurrenik ez zuten inolako intentzio txarrik izan: gaztetxoak ez ziren ohartu; gurasoek ez zuten inongo arretarik jarri eskulturaren zergatia jakiten. Baina egoera hura ikusteak sentsazio txarra utzi zidan. Gertakari txiki soila izango zen, beharbada esangura gabea, baina turismo eredu zehatz baten metafora adierazgarria ere izan zitekeena. Masako turismoa, erabat azalekoa, oinarri eta printzipioz biluztua, diru iturri hutsala, herritarrekiko eta bere historiarekiko arrotza. Nire herrirako nahiko ez nukeena… Baina estatuko puntu askotan sustatzen, nagusitzen ari dena. Jada, hainbat lekutan, herritarren haserrea eragiten ari dena.

Argi dago turismoa sektore estrategikoetako bat bilakatu dela. Eta hain juxtu horregatik da ongi pentsatu eta planifikatu beharrekoa zein den nahi dugun turismo mota. Aurrez aipatu eredua izan liteke, sektore jakin batzuen interes ekonomikoek gidatua eta turistentzat diseinaturiko proiektu erraldoiak lehenesten dituena, herritarrak lan-esku merke gisa tratatuz. Edo herria, bere historia, ingurunea eta biztanleria errespetatzen dituen turismo orekatu baten alde egin dezakegu, gizartearen garapena eta guztien onurak bilatuko dituena. Aukera bateko zein besteko adibideak baditugu inguruan.

2-Iragana-memoria. Azkenaldian zeresana ematen ari den beste alor bat. Hasieran aipatu gertakariarekin lotu daitekeena, eskultura hura memoria ez ahazteko saiakera txiki bat izan baitaiteke, neurri batean. Izan ere, duela ez asko arte, lehen sektoretik bizi zen herria zen Lanzarote. Egun, gune turistikoetako luxuzko hotel eta yate artean, sustrai haien gero eta zantzu gutxiago geratu arren. Ildo horretan, garrantzitsua iruditzen zait herri zein norbanako gisa gure puzzlea osatzen joatea; nondik gatozen ez ahanztea, non gauden ongi ulertzeko. Gure arbasoen istorioari, “h” bat gehituaz, historia eraikitzea.

Sarri begiratzen baitiegu gure guraso eta aiton-amonei gutxiago balira bezala (egun ohikoak diren aparailu, teknologia eta jokabideak arrotz zaizkielako), gu jakintsuen paperean jarrita… Baina, ongi pentsatuz gero, ez ote da alderantziz? Oraindik ere bikain moldatzen diren zenbat eta zenbat gauzatan gara gu ezjakinak?

Eurengandik ikasteko asko dugulakoan nago: garai zailei (eta goseari) aurre egiteko gaitasuna, gutxirekin bizimodua ateratzen jakitea, gauzak baloratzen jakitea, aldaketetara egokitzeko ahalmena, besterengatik dena emateko borondatea… Egungo krisi testuinguruan, ezin hobeto etorriko litzaizkigukeenak guztiak ere. Nahikoa litzaiguke entzuteko prest egotearekin.

Horregatik, gure arbasoak “heroi” anonimo modukoak kontsideratzen ditut. Heroiak ez baitira hegan egiten duten marrazki bizidunak, ez eta sistemak goraipatzen dizkigun kasta, ereduak ere (dirudun, agintari…). Bai, alabaina, euren ahaleginari esker gure bizimodua ahalbidetu duten milaka esku ikusezinak. Inoiz dominarik eta errekonozimendurik jaso ez arren, aitortza, esker ona eta gure oroimenean lekutxo bat izatea merezi dutenak. Batez ere, une hauetan, non eurek lortutako eskubide eta ongizate guztia eskuina, dekretu bidez, goizetik gauera, desagerrarazten ari den. Gehiengoa, honen aurrean, noraezean, geldi mantentzen garen bitartean. Badugu, horretan ere, eurengandik zer ikasia…

Batzuk heroi eta eskulturen garaiak ez direla usteko dute. Baina, gurean ez zait inoiz suertatu Lanzarotekoa bezalakorik ikustea. Bai, aitzitik, diktadore edota kolonizatzaileei eskainitakoak topatzea. Turismo eredua bezala, herri bakoitzaren erabakia da zer eta zein omendu.

Niri, pertsonalki, abiapuntu ona iruditzen zait norbere herrian Playa Blancakoaren gisako eskulturak planteatzea. Memoriaren gaian (beste) aurrerapauso bat litzateke. Eta turismo eredu lokal bat sustatzeko aitzakia polita.

Search