M. Carmen Basterretxea
Antropologian doktorea

Herria eta Autodeterminazioa

Beraz, bizimodu propio horrek herri kontzientzia dauka, eta arautua dago bere izatean

Gure historian, arkeologiaren ekarpenei esker, aurkitzen ditugu arrasto garrantzitsuak adierazten digutenak gure arbasoak orain dela 200.000 urte gaurko euskal herrian bizi zirela, adibidez Leizetxu kobazuloan. Nahiz eta euskaldunon hasiera horrelakoa izan, gizakiak milaka, milaka urteetan aldaketak izan zituen. Horrela, gure arbaso gertukoenak ziren paleolito garaikoak, eta haien arrastoak baditugu gaurko leize zuloetan, Santimamiñe, Atxurra, Ekain, besteak beste. Beraz, gure gertuko arbasoak, gutxi gora behera,  30.000 urtetik datoz.

Horrek adierazten digu herria jaio egiten dela, eta herria da existitzen delako. Horrela, herriak bere izaera propio dauka. Eta izaera propio horrek adierazten digu herri horrek nola ulertzen dituen bere bizimodua, unibertsoa, eta bizitzako zikloak. Nola ulertzen duen arabera antolatuko ditu sostengua, errituak, sinesmenak, senide-egitura, harremanak, eta arauak. Beraz, bizimodu propio horrek herri kontzientzia dauka, eta arautua dago bere izatean. Izaera horrek dauka indarra, eta indar hori da Herri Nortasuna edo identitatea. Eta nortasunak egiten du eskubide kolektiboak norbanakoaren eskubideak izatea. Horrela, herria da subjektu politikoa, eta herri horretako norbanakoak subjektu politikoak dira Herria baitira. Hori dela eta, herria jaiotzen den unetik beti dauka bere lurraldetasuna. Ez dago munduan herririk ez duena bere jatorrizko lurralde propioa. Beraz, herria autodeterminatzen da egunero herria delako.

Bestalde, historiak adierazten digu Europar kontinentera inbasio indoeuroparrak etorri zirenean Europako Herriak hasi zirela estatuak eraikitzen babesteko euren herriak eta lurraldeak, talde militar erasotzaile haietatik (4.300 K. a). Eta ondoren, erromatarren, bisigodoen, eta arabiarren inbasioetatik ere.

Inbasioak zirela eta, VIII. mendean, Eneko Aritza buruzagiaren eskutik, euskaldunak elkartu ziren estatu sendo bat eraikitzeko. Horrela, Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak, Nafarroak, Nafarroa Beherak, Zuberoak, Lapurdik, Nafarroako estatua eraiki zuten. XIII. mendean  Nafarroako estatua erresuma zenean Frantziar Koroa eta Gaztelako Koroa Nafarroako erresuma konkistatzeko nahian zebiltzan. Eta poliki, poliki, konkistatzen joan ziren nafarroako lurraldeak; eta azkenean euskaldunok XXI. mendean kolonizazio prozesuan gaude. Horrela jarraituz belaunaldi batzuk barru desagertuko gara.

Horren harira, kolonizazio testuinguru honetan, estatu espainarraren eta estatu frantziarraren helburua da euskaldunok galtzea gure nortasuna espainarrak eta frantziarrak izateko. Gure nortasuna gal dezagun produkzio intelektual dominanteek ematen digute beste pentsamolde bat gurea ez dena hezkuntzarekin, unibertsitatearekin eta telebistarekin, ikasgai guztietan gure historia ukatuz, besteak beste.

Esan beharra dago euskalduna autoderminatuta dagoela euskalduna delako, eta ez dauka zetan esan behar zer nahi duen izan bere izatea baitu, bere nortasun propioa. Euskaldunok gure etorkizunari buruz erabakiak hartzeko Herria izan behar da bere buruaren jabe, independientea, eta horretarako euskaldunok gure estatua behar dugu, Nafarroako estatua. Bestela, estaturik gabe kolonizazio prozesuan jarraituko dugu desagertu arte. Are gehiago, Herri batek hartzen ditu erabakiak bere etorkisunari buruz boterea duenean, libre denean.  

Search