Olga Saratxaga Bouzas
Barne diseinatzailea eta idazlea

Herria eta hizkuntza

Herria ala hizkuntza... bata bestea baino indar gehiagoz defendatu behar omen dugulako arerioen kontra... bestea bataren menpean iraunteko sortua balitz bezala.

Hizkuntza omen da herriak daukan ezaugarririk berezkoena, gure nortasunaren ikurra eta lekukoa, funtsearen arnas itoezina, beste herrietatik bereizten gaituena eta era berean betikotzat batzen gaituena. Lanbro artean identitatearen argietarikoa: batzuetan egunsentikoa, hainbatetan ilunabar aurretiko arrats gorria ortzi-muga zabalari so eta zelatan amets egitera orduko.

Euskara da Euskal Herriak duen maitatuena: elkarlan zorrotz eta goxoa eragiten digu egunero, bizitzaren mamian lagun. Herriaren sorkuntza eta sormena; herria lurra eta herrian hasia; herriak landua, zaindua, herriko hazia... Herriz herri, ahoz aho, tantaz tanta itsasoa herriarekin batera; memorian barrena aztarnak, gorputz-atalak, barnea eta azala, oinak zein eskuak; herritik herriarentzako oparia, indarra, ondarea; grina, oreka kidez kide... Herriari maitasuna eta halabeharrez beti herriarengandik herriarenganakoa mendeetan barna.


Guzti hau horrela izana, eta ukaezina bada ere –kontrako portaera edo ezeztatzerik ez nuke ontzat hartuko, behintzat– «zoritxarrez-gure zabarkeriz» binomioari esker Euskal Herrian euskaraz bizitzea fikziozko errealitatea ere bada. Eguneko edozein gizarte-esparruko bizimoduak gisa harturik (herri batzuk salbu), hizkuntzaren erabilera eskas, mingots eta eskolako nota gainditzen ez duena ikusgarri bezain adierazgarri bortitz agertzen zaigula ia edonora begira, azken bi hamarkadaetan ezagupen arloan emandako igoera nabarmenaren ate-joka.

Historian zehar, hainbat kasu badira gure herriaren parekoak. Hizkuntza kulturaren ardatsa izan beharko luketeen arren (edota euki, badaukaten arren), diglosia menperatzailea dela medio, sustraiak galtzear kolokan dirauten estatu barikoak, alegia. Antza denez, ofizialtasuna eta jakitea baino baliabide askoz gehiago behar dira mintzairak duintasunari eusteko.

Gu, estatu gabekoak bai... baina zergatik hizkuntzarik gabekoak ez bagara, hizkuntza-gabezidunak ote...

Gurea, hizkuntza gutxitua bai, baina ez gure arduragabekeriaren eskutik edonork inoiz, inon, inola ere suntsitua izan dadin, ailitz horrela!

Euskal kulturak eta euskarak unibertsoan kokatu gaituzte euskal herritarrok, gure gazta zatia iristen dugun artean, Euskal herriaren izatearen hedapenerako giltza biok direlarik: kultura eta hizkuntza.

Gaur egun, munduko herriek izan behar dute kultura eta hizkuntza gutxiengoan bizi garenon sustapena eta bermatzaileak; estatuen globalizazioari aurre egin diezaioketeen bakarrak. Bertako hizkuntza galtzen dutenetariko bat izateak etorkizunean munduko bestelako nazioekin maila berean jarduteko gaitasuna amets huts bihurtuko luke, identitatearen heriotza lekarkiokela.

Zenbatetan entzun dudan, bizi izan dudan edota sentitu dudan dikotomia mingarri hau esan nahiko banu, seguruenik ez nintzateke gai izango.

Herria ala hizkuntza... bata bestea baino indar gehiagoz defendatu behar omen dugulako arerioen kontra... bestea bataren menpean iraunteko sortua balitz bezala... batak besteak baino aldarrikapen zabalagoa merezi baitzuen.



Ez dut uste Euskal Herria bere hizkuntza galtzen dugula ikusteko jaioa denik. Ez dut uste gauerdiko bakardadean, isiltasunaren menpe, museoko bitxi arraro horietakoa sortua denik, erabilia izan dadin baino. Adimen osoz jokatu behar dugu herria izatea zer den ulertzean (eta ikastean). Bere osotasunean kontuan hartzen ez badugu, ez dago herria egiterik. Herriaren defentsa biziak, helburua kulturan jarri gabe, hizkuntza beraren eskubideak baldintzatzen ditu eta urratzea dakarkio. Herria eta hizkuntza: bata bestea barik ez dago osorik. Hizkuntza eta herria bat, bata bestearekin batera, biharko Euskal Herriari behin betiko heltzeko biok gertu eta trebeak.

Zatiezina dena banatzean norbait irabazle suertatzea ote... zerbaiten jomuga ote, zalantza barik... Hori bai etsaiari, hil gaitzan, eskua luzatzea! Dugun masail bakarra eskeintzea! Nolanahi ere jokaera zeharo erratua eta arriskutsua da.

Herria eta hizkuntza... herria ala hizkuntza... luzaroko gatazka dugu hau; ibilaldi amaigabea dirudiena. Baina... ezina ekinez eginda, euskaraz bizi nahi dugun euskaldunok ez dugu debaldeko pausorik eman, eta ez gara debalde utziak izango ere. Hizkuntza-eragileok adoretsu ibiltzen gara, burua makurtu gabe, herri euskalduna-eskale instituzioen basamortuan zehar, dagokien erantzunkidetasuna noizko... herri betea izan gaitezen, euskararen egoera behar dugunaren araberako bilakatu arte.

Gizarteko egituretan ez ezik, politikagintzan ere gehiegitan hauteman daiteke herriarekiko joera. Lurraldetasunari begira soilik bizi ohi dira batzuk, berez miraria noiz agertuko zain, azken muga halan lortuko delakoan. Benetako herria zer den onartzeko gaitasun eza darabilkie norabidea harrapaketan zoro-zoro. Herriaren aldarrikapena ikusten dugu eta jasaten dugu egunerokotasunean; herriaren hezurtza hutsez kezkatuta bizi izaten direneengandik, jarraitzen dioten bidea zuzenena dela konbentziturik, politikakerian aritzen diren bitartean. Egiteko ederra badugu, beraz.

Bai, politikaren eraketan maizegi burutzen dira jokabide okerrak norbanakako nahiak eta boterea eskuratzeko asmotan. Zenbait alderdi politikoen asebetea erreza da eta euren onurako ikusmoldetik begiratzen diote geroari makro azpiegitura-lanetan gogo betez, hizkuntza bigarren mailako osagaietarikoa besterik ez baitlitzan, euskara premiazkoetatik baztertuz, giltzarria hizkuntza eta herria direla ahazturik. Hizkuntza politika eraginkorra antolatzea mota guztietako erakundeen arteko hitzarmen tinkoak arautzearen eskutik dator, euskaldunok ahaldun gaitezen; herrietan, kaleetan, lanean euskara suspertua bizitzeko.

Bitartean, elebitasun faltsuan datza bizi dugun euskararen normalizaziorako bidea.

Zergatia nork bere gain har dezala...

Search