Ortzi MURUA BERRA

Hordagoari, mus!

Zuzenbideko ikaslea den Ortzi Muruak Gobernu frantsesak plantan eman nahi duen erreformari buruzko iritzia plazaratu du. Lan legearen aurkako Euskal Herriko gazte kolektiboko kideak egitasmoaren eraginak plazaratu ditu bere idatzian.

Einsteinek errana da problema baten askatzeko zailena ez dela erantzuna atzematea; galdera ona egitea baizik. Martxo honetan gobernua deus galdetu gabe etorri zaigu, erantzun batekin, udaberria hoztuaz.

Parlamentura apirilean iritsiko den El Khomri legeak, lan zuzenbidea du jomuga. Lan munduan, lan kontratuak, lansari baten truke, langilea nagusiaren menpe ezartzen du. Lan zuzenbideak, lege bidez gutxiengo eskubide batzuk segurtatzen dizkie langileei eta kolektiboki borrokatzeko tresnak ematen, sindikatuen bidez. Nagusiarekiko menpekotasun harremana eta langilearen duintasunaren arteko oreka bat ezarri nahi da nolazpait.

Oreka hau peko errekara bota nahi du gobernuak lan legearekin. Lehen artikulu beretik, enpresaren interesak langileen eskubideen gainetik ematen dira, lan zuzenbidearen izateko funtsa ezbaian emanez. Horrek ondorio zuzenak ditu lan munduko harremanei dagokienez.

Oraindik, lan kodeak, eskubide sozialen zola pausatzen badu ere; erreformak, bihar, enpresei zola zilatzeko aukera emanen die. Enpresa mailako erreferendumen bidez, tokiko beharrei egokituko omen zaizkie, demokrazia ariketa bat eginez. Erraten ez zaiguna da, sindikatuek ukitzen ez dituzten enpresa txikietan adibidez, langileak gehiago lan egin eta guttiago irabazi edo lana galtzeko mehatxupean emanak izanen direla, urkatze bidezko heriotza luzea edo gillotinaren artean hautatzeko galdetuz funtsean. Ondorioz, lan kodeak, bere bortxaketa arautuko du.

Liberalismoaren bandera zuria astinduaz, eragile ekonomikoen ustezko berdintasunean oinarritzen dira. Gaur egun nagusiari ez zaio bostekoa ematen lantegira iristean. Badira langileak eta badira nagusiak. Enpresako kapitalaren jabeak Estatu Batuetan, Txinan edo Saudi Arabian izanen dira. Botereari bisaia kendu badiote ere, animaleko kopeta dute! Zenbat aldiz errepikatu behar da, pobreak pobreago eta aberatsak aberatsago direla? Eztabaida ezin da modu abstraktuan eman, langileek pairatzen duten egoera kontuan hartu behar da.

Gaurko egoera ez da xuria eta biharkoa ez da beltza izango. Ekaitz betean sartuak gira, hodei ilun anitzekin. Langileek, egoera prekarioan izanik, anitzetan zail dute burua altxatzea. Aterkiaren azpian babesturik, duten hori atxikitzen saiatzen dira. Ikasleak berriz, erreforma hunen eraginetik kanpo garela sinestarazi nahi digute. Alta, ez dira gutti beren ikasketak ordaintzeko lan eginen dutenak edo gerora lanik ez atzemateko beldurrez, haien bizitza baldintzatzen dutenak, atzerrira joanez, haien bizi soziala mugatuz.

Ezkerreko irudiarekin, finantzaren kontra, hautatua izan zen alderdi sozialistak, arrosa gorriaren azpian gordeak zituen arantzak fite erakutsi ditu. Enpresariei eginiko keinuak, hainbat sektoreren presazko liberalizazioa, eta orain langileen aurkako eraso zuzena. 

Horren aitzinean, lan legea kendua izan arte mobilizatua izanen den kolektiboaren parte garen gazteek, lege hau, langabezia, ekonomiaren eraldaketa edo langileek enpresaren erabakietan izan behar duten parte hartzea bezalako eztabaidentzat, oinarri izan daitekeenik ukatzen dugu. Eztabaida eginen da, baina lehenik, ken dezagun lege hau mahai gainetik, parekoa ikusten ere ez digulako uzten. Legearen funtsa ukitu ez eta bazterretan aldaketa batzuek emanez, antzerki polita antolatu dute. CFDT legearen alde eta MEDEF aurka azalduz, Gobernua erdian ematen da. Legearen aurkakoak? Muturrekoak! Horren aitzinean, lehengo ostegunean Herriko Etxe aitzinean bildu ginen eta ostegun honetan ere, Martxoaren 31kako mobilizazio egunean parte hartu dugu.

Mahaian jarri aitzin banatu dira kartak, nahasi eta meta moztu gabe: batzuei errege eta zaldiak, CFDT gisako sindikatuak limurtzeko bateko batzuekin batera; eta besteoi, bi, hiru eta laukoak. Mintza erran gabe jo dute hordago. Guk ez dugu tira edo kanta hautatuko. Baldintza horietan, hordagoari, mus!

Search