Antton Mari Aldekoa-Otalora, Mikel Sopelana Basauri eta Mikel Aiartzaguena Zugatzartatza
Zinegotzi ohiak

Ijorreta, herri baten desanexioa

Keixa sasoia zan. Keixa denboran gagoz. Maiatzean aurrera eta zozo-biligarroak eta mikak zaparroak baino bizkorrago frutu gozo eta inbidiagarri horren atzetik.

Gure herriko, Ijorretako historian atzeruntz begiratu eta hatan honetan 25 urte pasau dira Durangotik desanexionetako Akordio-Erabakia Durangon sinatu zanetik Ijorretako Desanexionerako Gestora eta Durangoko Udalbatzaren artean. Ahobatez, unanimidadez.

Ai ze polita, ze ondo! Kerixa sasoia zan, 1989ko maiatzaren 23a. Irribarre esanguratsuak, besarkadak, txanpain aparren bat be bai. Eztegu giroa...

Metarainoko bidea, ostera.... Tourra baino karrera luzeagoa izan zan. Gora-beheratsua. Hasteko, antxina 1926an lau-bost jauntxoren artean hartutako erabakiak, Durangogaz anexionatzeak, herritar gehiengoa mindu egin eban. Baserritarrak bai, baina ez kokoloak. Ez inuxenteak. Gerora be Errepublika garaian eta 195... urteetan ahalegin batzuk egin ziran desanexionetako, entidad-local-menor edo antzerako formulazioak egiteko, Ijorreta eta Durango herri bat bakarra ez zirela argi uzteko... baina nor ginen gu gixajook, Bilbo Handia ondoko herriak anexionetan ebilen eta, orobat Gernika Ajangiz-Arratzu-Nabarniz-Forua... irentsiz, Ondarru Berriatua bereganatuz, Markinak lehenengo Xemeinegaz bat egin eban eta Bolibar menpean hartu geroago... holango haize boladak joten eben gure inguruko Bizkaian, Ijorretan barriz gixajo antzera bai, baina eten barik gurasoengandik seme-alabetara sentimenduak bananduz ekinean, ekin!

197... hamarkada beroa. Francoren azken (???) ostikadak –eta ostiak–, eta gurean «sei kofradiak Iurretako herria», «Iurreta askatu», «ItA-Iurreta ta Askatasuna», «Iurreta gure herria, Euskadi gure Aberria»...

Ijorretan sortu zan, ijorretarron ekimenez, Bizkaiko Herri anexionatuen Koordinadora euron Desanexiorako. Gerediaga Elkartea be babesle izan genduan prozesu honetan. Eta ez Bizkaikoak bakarrik, Mendaro eta Lasarte segregatzeko eta Astigarraga desanexionetako urratsetan hemendik eta gurekin bateratsu ekin geuntsola gomutan dogu.

Baina zelan diran kontuak! Lehenengotako zalapartariak geu izan eta 198... lehen urteetan Bilbotik bereizten dira Erandio, Loiu, Sondika, Derio... Gernika-Lumotik Forua, Murueta... Berriatua Ondarrutik, Mendaro eta Lasarte-Oria herriak sortzen dira... eta gu? Mina, amorrua, egonezina... baina baita tenplea be. Helburu argia genduan: Desanexioa, Ijorreta Herri bat dogu, Garai, Mañaria, Dima, Igorre edo Zaldibar direan lez. Gu ez gara Durango. Eta etxeko lanak ondo egin behar. Bakotxak bere etxean, bere sukaldean. Alderdi politikoak. Alderdi berekoak izan arren, perzepzio arras diferenteak Ijorretako EAJ, HB, PSE, EE eta Durangoko kide berberon artean. Goitik behera begiratzen euskuen eta txiste errexak egin gure kontura: lau txotxolo baino etzarie ta, administrazino sendoak behar dira, gaur eztauka zentzunik bereizteak eta bateratzerako joera dagoen uneotan, Mankomunidadeak berak herri bakarra beharko leuke, ya vienen los de Yurreta...

Paternalismoz beteta etozen esaldioi, irribarreei eta sokatirei be bai inoiz, gure erantzun serio eta irmoa baina tenplez betea durangarrei, tenplau: Zuek zeuen mezuetan Europara goazela dinoskuzue eta horretarako Euskal Herria, Euskadi bere izate propioaz, bere identitateaz behar dogu, ez inoren menpean, ez Espainiapean. Herri txikiagoen identitatea onartzeko gai ez danak zelan aldarrikatu lei, zelan eskatu lei berak sinesten ez dauanik? Ez dau sinisten txikiagoari entzuteko, aztertzeko, emoteko gai ez danak.

Apurka-apurka 1983-1987an Ijorretaren Desanexiorako Gestora sortzea onartu zan Durangoko Udalean, Bizkaiko Foru Aldundiaren babes eta laguntzarekin. Tabernako txutxumutxuetatik, eztabaida antzuetatik lantalde teknikoetara igaro zen gaia. Ijorretak herri lez ibilbiderik baeukanez aztertzeko, baliabideak, gastuak, kapazidadea...

Dana etzan izan udabarrian bide ertzeko mallukizko etzun leku goxo bat.

Aurrera eginez haria eteteko, apurtzeko zoria be begitantzen zan une latz batzuetan.

Baina tira! Ezina ekinez egina! Keixa sasoia zan. Maiatzaren 1989.go maiatzaren 23a. Geroago etorri ziren Bizkaiko Batzar Nagusietan, azaroaren 13an, herri desanexionatu barri baten izendatze-onarpena eta 1990ko Urte Barri egunetik lotura bako (?) aurrera egitea.

25 urte irago dira. Gurean eztago zidarrik, baina bai indarrik. Bizirik gagoz. Ijorreta gure herria, Euskadi gure Aberria. Gure aurrekoek helburu garbi bat eukien. Sinisten eben eta zati bat lortu be bai.

Bizikleta irudiagaz jarraituz, badira gaur egun be Paris-Roubaix karrera zitala probaleku  karrejoan ari bailiran herriak: Usansolo Galdakaotik bereizi guran, segregatu nahian, eta Igeldo desanexionatu guran. Gure animorik xume eta errimeena zuoi. Ez etsi, eutsi! Suzia pizturik izanez gero, argia zabalduko da. Jeupada baita ere Itziar aldera. Eutsi goiari! Pavesak ipur masailak ubelduko ditu, agian, baina azken irribarrea naturala izango dugu.

Tourrean lez, primerako mendateak izango ditugu aurrean. Ezta egun bateko karrera bat. Baina urtero lez gerizak gorritzen direan lez, askatasun eguzkiak gure nahiak helduko dauz, asebeteko ahal ditu. Bakotxak ahal dauentxoa eginez, aurrera! Gure Esku Dago! Keixa denboran gagoz.

Search