Itziar Aizpurua Egaña
Ezker Abertzaleko militantea

Irabazi dugu!

Nola irabazi dugula, nioen nik, jasaten ari garen errepresio handienean gauden honetan? Gerora ulertuko nuen… Izenburutzat hartu dudan esaldia Telesforo Monzon Ortiz de Urruelarena da, hainbat aldiz errepikatu zuena eman zituen mitin, hitzaldi eta idatzizko lanetan, baita kantugintzan ere.

Artikulu hau gazteren baten eskuetan aurkituz gero, itxaropena dut lehen aldiz bada, zertzelada batzuen bidez Telesfororen berri jasotzea. Izan ere, ni zordun sentitzen naiz belaunaldi berriekin, eta gure bizipozak eta sentipenak helarazi nahi dizkiet ondorengoei beren historia hurbilaren berri izan dezaten.

Telesforo Monzon Bergarako Olaso dorretxean jaio zen 1904an, foruen eta karlismoaren tradizioan lotutako tokiko familia aristokratan. Beraz, abertzaletasunaren eredu izango zenak ez zuen etxeko iturritik edan, ikasle garaian nazionalismoari buruz eskuratutako liburu eta lagunengandik baizik. 

Telesforo laster konturatu zen, berak zioen bezala, abertzalea izateko euskara berreskuratu behar zuela, ezinbestekoa zela Euskadik independentzia izateko, eta, horretan jardun zuen Tolosako Urkizu auzoko baserri batera joanda Madrildik bueltan, abokatutza ikasketak bukatutzat eman ondoren.

Bigarren Errepublika hastear zela, 1930ean, PNVn sartu zen, eta Bergarako zinegotzi aukeratua izan zen. Madrilgo diputatu birritan ere bai, eta GBBeko kide. 1936ko uztailaren 18an Francok zuzendutako estatu kolpeak PNV Errepublika defendatzera eraman zuen, nahiz erabakia zalantza askoren ondoren hartu izanak erantzun azkarra emateko denbora alferrik galtzen utzi zuen! Urrian, Jose Antonio Agirre lehendakari aukeratua izan zen lehenengo Eusko Jaurlaritzarako. Eta, Gobernazio ministroa Telesforo Monzon izan zen. Eusko Gudarostea antolatzeko lanetan ibili zen.

Frankistek euskal lurraldeak inbaditu zituztenean, Jose Antonio Agirre eta Telesforo Monzon Gernikako bonbardaketan testigu izan ziren 1937ko apirilaren 26an. Eta abuztuaren 23an Bilbo faxisten eskuetan erori ondoren, Agirre lehendakariarekin batera ihes egin zuen Santoñatik.

Erbestealdi luzea eta batzuetan larria ere igaro zuen. II. Mundu Gerra bukatu ondoren, eta Frantzia liberatua izan zenetik, Donibane Lohitzunen bizi izan zen bere emazte Maria Josefa Ganuza Lardizabalekin Hego Euskal Herrira itzuli zen arte. 1953an Telesforok PNV utzi zuen, honek hasi zituen itun edo aliantza politikoekin bat ez zetorrelako.

Hego Euskal Herrirako itzulera horrek Telesforo Monzoni biziberritzea eta berpizte politikoa ekarri zion, berak zioen bezala.

Francoren kolpe militarraren garaipenak Euskal Herrian egun ilunetara eraman gintuen abertzale, ezkertiar eta demokrata oro: heriotza, desagerpenak, zigorrak, kartzela, tortura... nagusitu zen gu guztion egunerokoan. Haurrak ginela ezagutu genuen Euskal Herria ez zela libre: debekatua genuela euskaldun izaera; beraz, zigortuak izango ginela euskaraz hitz egiten bagenuen; Elizaren agindupean bizitzera; euskaldun guztiok nahi ala ez, espainolak eta frantsesak ginela. Eta kontuz, ibilbide horretatik ateraz gero.

Bada, atera ginen! Argia nahi genuen Euskal Herrian askatasunez bizi ahal izateko, eta borrokari ekin genion gogoz. Hortxe ezagutu genuen Telesforo, eta aurrerantzean gurekin egin zuen ibilbidea bere zintzotasun politikoa erakutsiz, bere barruan bizirik zeraman Euskal Herriarekiko sua, eta maitasuna.

1960ko hamarkadan Anai Artea sortu zuen Piarres Larzabalekin, frankismotik ihesean «Iparraldera» alde egin zutenei babesa eskainiz. Berehala, Xibertako elkarrizketak antolatu zituen 1977an, abertzaleen arteko batasunaren bila, Franco gabeko Erreforma Politikoari aurre egin nahian. Kartzelak eta erbestea euskal preso eta iheslari politikoz lepo zeuden. Momentu egokiagorik ezin zitekeen alderdi abertzale, ezkertiar eta demokratak bat eginda minimum politiko batzuen inguruan aurre egiteko Erreformari, Euskal Herrian garatu ahal izateko oinarri edo soro politikotik independentziarako bidea.

Euskal Herriko alderdi politiko guztiak zeuden, ETAm, eta ETApm ere bai, PSOE eta PCE izan ezik. Madrilgo Gorteetarako lehen hauteskundeak  ekainaren 15ean egin ziren, Franco gabe baina bere itzalpean; beraz, eskaera zehatza mahai gainean jarri zuten: maiatzaren bukaerarako preso politiko guztiak kaleratuak izaten ez baziren, batzartuta zeuden alderdi politiko guztiek boikota egingo zieten hauteskunde horiei. PNVk nahiago izan zuen PSOErekin akordio batera heldu, eta hauteskundeetara aurkeztu. Horrek ondorio zuzena izango zuen aurrerantzean, eszena politikoan, baita Telesfororen bizitzan ere. Maltzagarako bidea, minimo politikoak lortzeko batasun bidea, autodeterminazioarena, PNVk zapuztu zuen.

Euskal herritarrek tinko jarraitu zioten “Presoak kalera, amnistia osoa” lemari. Euskal Herriko lantoki eta ikastetxeetan greba orokorrak eginaz, manifestazioak, itxialdiak, hitzaldiak... Borroka sutsuen bidez kartzeletako ateak zabaldu zizkieten preso politikoei, baita bidea ireki erbesteratuei ere. Garaipena Euskal Herriarena izan zen! ordaina ikaragarria izan bazen ere: hildako, zauritu, torturatu, kartzelatu…

Horregatik, Telesforok Hego Euskal Herrira agertzeko unean, bat egin zuen kartzelatik erbestera bidalitakoekin euskal herritarrok banatzen gaituen muga gaindituz. Durangoko Jesuiten patioan jendez gainezka zegoela egin zuten agerraldia. Telesforok makila altxatuta agurtu zuen jendea, lehengo eta oraingo gudariak hitzetik hortzera erabiliz. Berrogei urteetako gomuta eta asmoak ekarri zizkigun bere hitzaldian: «Euskadiko euskal Estatua berpiztu nahi dugu…»
    
Askatasunaren Ibilaldian parte hartu zuen, eta euskal presoen aldeko hitzaldi ugarietan. Bergarara heldu zen berrogei urte erbesteraturik igaro ondoren herritarren berotasuna bereganatuz. Azkenengo bere hiru urteak HBn murgildurik, eta Maria Josefa aldamenean zuelarik, mila aldiz entzun diogu esaten: «Nire bizitzako urterik zoriontsuenak». Berpizturik sentitzen zen gazte jendearekin. Independentziaren aldeko borroka ez zela 1937an bukatu ikusi zuen, orduko helburuekin gaurko gudariek jarraitzen zutela, alegia.
Herri Batasunaren sortzaileetarikoa izan zen 1978ko urriaren 19an. Hil arteraino aberria, Euskal Herria, zerbitzatu izan zuen zintzotasunez, zen guztia emanaz. Gazte bat bezala ibiltzen zen lan politikoan, baita zorigaiztoko mugan, hildako borrokalariak bere familiarengana ekarriz, omenaldietan parte hartuz…

Negar egin zuen bere anaia, laguna, maisua erail zutenean: Argala.
Espainiar Konstituzioari buruzko erreferendumari uko egin eta gero, benetan sufritu zuen «hiru hankako» Estatutuaren kanpainan, Nafarroa kanpoan utzirik, ezker abertzaleak izan ezik beste alderdiek baiezkoa emateko eskatu baitzuten. «Eusko gudariak ez ziren borrokatu Estatutuaren alde, independentziaren alde baizik», garbi adierazten zuen. Euskal Herrian zegoen mitinlaririk onena, zalantzarik gabe.

Batasuna aldarrikatzen zuen, eta bakea askatasunean eta justizian oinarritua, independentzia helburu.

Politikariaz aparte, Telesforo Monzon idazlea zen; antzerkigilea; poeta; musikan ere aditua. Herritarren ahotan dauden kantak: “Batasuna”, “Lepoan hartu”, “Itziarren semea”, “Txikia”, “Euskarari Bai”… askok ez dute jakingo Telesforo Monzon kantu horien egilea dela.

Pertsona fina, dotorea, adeitsua, entzuten zekiena, beti alai, baikor eta irribarretsu!

Telesforo Monzon guztiz gorrotatua izan zen etsaiaren aldetik. Isunak, atxiloketak, eta hiltzeko mehatxuaz aparte, kartzela ere ezagutu zuen Hegoaldean bizi izandako azken hiru urteetan. 1979an, Langraitzeko kartzelan zegoela Santiago ospitalera eraman behar izan zuten pneumonia harturik. Handik libre atera zen hauteskunde orokorretan HBren emaitzei esker: Madrilerako diputatu hautatua izan baitzen. Handik bi urtera, bihotzeko gaixotasunak heriotzara eraman zuen Baionako Ospitalean, 1981eko martxoaren 9an. Duela 35 urte.  

Bere gorpuak «muga»-tik Bergararainoko bidea guardia zibilen tanketa eta furgoi artean bahiturik egin zuen, baina, Olaso dorretxera lagunen sorbalda gainean sartu zen, maite zutenen artean. Milakak!!!

Abertzaletasunean, independentziarako zaletasunean, Telesforok zioen bezala, odolez eta malkoz “Irabazi dugu!”

Search