Miren Karmele Ikatzeta Zuriarrain
Irakasle interinoa

Irakasle interinoak eta Damokles

Europako justizia tenporalitate-abusua pairatzen ari diren interinoen aldeko sententziak kateatuz joan dadin itxaron gabe, Eusko Jaurlaritzak kontratu laboralaren bidea ere eskain dezake.

Historia erreala da. Hogeita bat urte daramatza Lehen Hezkuntzan irakasle interino bezala lan egiten. Eusko Jaurlaritzak urtero finikitatzen dio kontratua udan, eta ordezkapenen zerrendara aurkeztu behar du irailean beste kontratu eta lanpostu bat lortzeko. Berrogei ikastetxetan eman ditu eskolak (bai, berrogei! Eta batzuk, errepikatuta) eta gizarteari lagundu dio hiru seme ekarriz. Gurasoek eta ikastetxeek oso ondo baloratu dute haren irakasle lana. Baina behin-behinekoa da, interinoa, segurtasunik gabea bere lanean. Damoklesen ezpatapean dago.

Ehunka eta milaka irakasle daude antzeko egoeran Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean. Hori alegala da, eta lege-iruzurra da aldizkakotasunaz edo tenporalitateaz abusatzeagatik. Erakundeek badakite, baina ez dute injustizia zuzentzen. Sindikatu gehienak egoera horren jakitun dira, baina ahantzita dauzkate irakaskuntzan urte asko daramaten eta lan-ziurtasunik gabe bizi diren irakasle interinoak.

Ematen zaien irtenbide bakarra da lan egindako urte guztiak ahaztea, metatutako meritu guztiak bazterrean uztea, eta plaza-kopuru mugatuko oposizio publikoetara aurkeztea –non curriculuma eta irakaskuntza-esperientzia ez diren espezifikoki baloratzen–, hautagai gazteago eta, segur aski, probak prestatzeko denbora gehiago izan dutenekin lehiatzeko. Irtenbide iruzurtia eta injustua da; izan ere, probabilitateen teoria aplikatuz, beti geratuko baita eliminatuta hamar urtetik gorako antzinakotasuna daukaten interinoen portzentaje bat.

Zorionez, badago sindikatu bat eta interinoen mugimendu bat laguntza eskaintzen dutena oposizioa ez beste irtenbide bat bilatzeko: epaitegietara jotzea. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, tenporalitatearen abusua ikusirik, ebatzi du Fabio Rossato (C-494/17), Italiako Irakaskuntzako langilea, langile finko bihurtzea.

Era berean, Europar Batasuneko Agerkari Ofizialak argitaratu berri du (2018/10/15) Europako Justizia Auzitegiak ebatzi egingo duela ea tenporalitate-abusua sufritzen ari diren enplegatu publikoen lanpostuak OPEetara deitzea (alegia, oposizio publikora ateratzea) europar arautegiari egokituriko irtenbidea den ala ez. Ebazpen hau Madrilgo epaitegi batean Sermas-eko odontologo batzuek aurkezturiko demanda baten harira dator; lanpostu tenporalean eta deialdirik gabe hamabost urtetik gora daramaten odontologoak.

Europako justizia tenporalitate-abusua pairatzen ari diren interinoen aldeko sententziak kateatuz joan dadin itxaron gabe, Eusko Jaurlaritzak kontratu laboralaren bidea ere eskain dezake (unibertsitatean dagoenaren antzekoa), non lan-esperientzia eta irakaskuntza-praktika baloratuko dituen konkurtso espezifiko baten bitartez, irakaskuntzan hamar urte baino gehiago daramaten irakasle interinoek beren lanpostua modu finkoan egonkortu ahal izango duten. Eskaria justua da.

Search