Irakaslea SOS
Gaur egungo ikasleak dira etorkizuneko gizartea. Zein gizartean bizi nahi dugu?
Gorputz heziketako irakaslea naiz bigarren hezkuntzako institutu publiko batean. Azken urte hauetan entzun diet nire Haur hezkuntza eta Lehen hezkuntzako kideei zer nolako arazoak zituzten generazio berriekin eta nola ezin zuten haien lana ongi egin. Generazio horiek iritsi dira bigarren hezkuntzara.
Kurtso hasiera gogoz eta ilusioarekin hasi nuen arren, berehala hasi nintzen estresa nabaritzen. Alerta egoeran orduak eta egunak pasa ondoren duela egun batzuk laneguna dardarka bukatu nuen, lasaitzean, soluzioen bila, negarrez, laguntza eskatzea erabaki nuen ez nuelako nire eskuan ikusten arazoarentzako konponbiderik.
Lankideei, elkarbizitzako arduradunei eta zuzendaritzako kideei helarazi nien nire egoera; hauek adi entzun zidaten, ulertu eta lasaitzen saiatu, baina, ezin ezer gehiago egin: ez dugu herramienta ez errekurtsorik gaur egungo errealitateari aurre egiteko.
DBH 1. mailako lau klase ezberdinetan ematen dut gorputz heziketa, klase bakoitzean 20-25 ikasle dauzkat eta horietatik %50ek berezitasun azpimarragarriak dauzkate: TDAH, ulermen arazoak, dislexia, tourette sindromea, mutismoa, hizkuntzak ez jakitea −Euskara, Gaztelera−, arazo emozional sakonak −etxean egoera larriak edo ez dira gurasoekin bizi−, jarrera bortitzak, harreman eta integrazio arazoak, ikasle berriak, gaitasun haundiak, pasibitatea, antsietatea, gaitz fisikoak −asma, diabetesa, lesioak, zorabioak... − izan ditut ere ikusmen urritasun larriak zituzten ikasleak, baita gurpildun aulkian gaixotasun larriekin, eta abar.
Nola eman klasea halako perfilekin? Imaginatu 12-13 urteko 25 ikaslerekin patio zabal batean.
Saio bakarra ongi ematen saiatzeak bakarrik energia xahutu eta antsietatea eragiten du; alerta-egoeran egote jarraia eta gertakariei erantzun azkarra emateko beharra konstantea da.
Saio hasieran azalpenak emateko guztien atentzioa lortu behar da, gero, egingo duguna ulertu behar dute −hizkuntza ezberdinetan eta bakoitzaren galderei erantzunez− eta gainera haien interesa ere lortu behar da saioa hasteko. Ikasle lesionatuei entzun eta saioa moldatu behar zaie momentuan edo zaintza gelara bidali behar zaie aurretik prestatutako lan teoriko batekin. Taldekatzeak falta diren eta lesionatuen arabera egin, materiala biltegitik atera eta jarraian: bat erortzen dela, bestea zorabiatu −gosaldu ez duelako edo agian ez du aurreko egunean afaldu ere−, beste bat kide bat iraintzen, beste bat komunera joan behar dela, besteak ez duela partehartu nahi, beste hiru jolasean daudela jaramonik egin gabe, beste bik ez dutela jolasa ulertzen, beste bat materiala bortizki tratatzen ari dela eta abar. Saio bukaeran, batek dutxatu nahi duela, beste hiruk goizean mugikorra gelako kaxan utzi dutela eta hara joan behar naizela hori irekitzera... ezin naiz multiplikatu!
Azkenean, saio kaxkar bat ematea lortzen dut, ez haien konpetentziak garatzeko saio bat, baizik eta momentuko egoera salbatzeko saio bat.
Klase bat eta beste bat jarraian eta horrela bost klase jarraian eta jolas-garaiko zaintza barne, komunera joateko astirik gabe.
Hori egun normal batean, ez da salbuezpena. Badaudela, eta zenbat eta gehiago: ziber-erasoak, borrokak, lapurketak, familia arazo larriak eta abar.
Aurreko guztiari gehitu behar zaio gaur egungo gizartean ikasle zein familiek irakaslearen lanari kendutako balioa eta horren ondorioak; hau da, mota ezberdinetako errespetu faltak egunetik egunera ohikoagoak eta larriagoak dira. Horren adibide dira azken aste hontan bi irakaslek ikasleen aurka jarritako salaketak.
Zer egin? Zein da soluzioa? Nola eman kalitatezko saioak?
Baditut lankideak antsietatea dela eta medikatuak daudenak, baina horrek ez du klasea hobea egiten, hau da, ikasleen garapena lortu nahi badugu, hezitzea, ikasleen beharrei erantzun beharko diegu, eta horretarako pertsonal gehiago behar dugu, profesional espezializatuak (psikologoak, erizainak), irakasle gehiago edo ratioen jaitsiera, klase-ordu gutxiago, ikasleen beharrei erantzuteko saio zehatzak (lan emozionala eta jarrerazkoa), gurasoen formakuntzak zenbait jarrera edo gaitz gutxitzeko eta abar.
Irakasleek kalean behin eta berriz entzun behar dugu zer nolako oporrak ditugun, ordutegia, eta ez kexatzeko esaten digutenei. Gelditu eta pentsatu benetazko egoera zein den. Irakasleak falta dira, asko, gaur egungo baldintzak kontutan hartuta jendeak ez du irakasle izan nahi eta urtetik urtera okerrera doa.
Bukatzeko esango dizuet idatzi hau duela egun batzuk lanean nintzen bitartean hasi nuela, orain bajan nago, noiz arte?
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.