Abokatua
Iruña-Veleiako egia

Sententziak sententzia, batzuen batzuk faltsuketa orokor eta osoa idazkunen ezinezkoa dela pentsatzen jarraitzen baitugu

23/07/2020

Iruña-Veleian azaldutako idazkunak edo grafitoak benetakoak direla uste sendoa dugunok egiatik lehen baino hurbilago gaudela iruditzen zait Gasteizen 2020an emandako bi epaiak eta gero; eta, batez ere, azken hamar urte hauetan egindako azterketen eta beste aurkikuntzen ondoren, nahiz itxuraz bestelakorik eman. Iruña-Veleiako aurkikuntzen eztabaida modu zientifikoan erabaki eta ebatzi beharko dela esaten dugunok egiatik lehen baino hurbilago gaude orain; bereziki, indusketa haietan aurkitutako ostrakak «pieza edo zati arkeologikoak» direla juridikoki finko ezarrita gelditu ondoren. Izan ere, bi epai horietako bat finkoa da; Escribano jaunaren kasuan emandakoa, hain zuzen ere; besteari, berriz, helegiteak jarri omen dizkiote. Biak dira aintzat hartu beharrekoak; bien arteko azterketak baitu agerian jartzen eztabaida zientifiko baten aurrean gaudela; eta ez lehia juridiko baten baitan.
              
Beraz, Iruña-Veleiako indusketan azaldutako idazkunak edo grafitoak dituzten ostraka fisikoak aro erromatar berantiarreko «pieza arkeologiko autentikoak» direla juridikoki ezarritta gelditu da epai finko batean; hau da, ondare publikoko ondasunak direla, legearen arabera. Aitorpen juridiko tinko horren lehen ondorioa da «pieza arkeologiko benetako» horiek haustea, desegitea, ezabatzea, kaltetzea edo galtzea delitua dela. Arlo honetan urrats erabakigarria bilakatu da Oskar Escribano Sanz jauna zigortuz 2020-02-03an emandako epaia eta alde guztiek onartuta finkoa bilakatu zena, 2020-06-08ko epaia ez bezala, azken honi baitzaizkio helegiteak ipini.
            
Horra bada, bi epairen aurrean aurkitzen gara; bata, laburra eta finkoa; bestea luzea eta hainbat helegite aurkeztu zaizkiona. Lehenik azpimarratu beharrekoa da aurreneko epaiaren garrantzi erabakiorra aztarnategiaren benetakotasun orokorraren alde, izan litezkeen manipulazioak manipulazio edo utzikeriak utzikeria. Horra nola adibidez, esandako aitorpen juridikoaren arabera, Eliseo Gil ordezkatzeko izendatu zuten Nuñez jaunak –eta izendatu zutenek– milaka delitu dituzten eginak Iruña-Veleiako aztarnategia   hondea-makinak sartuta… balizko «pieza arkeologiko benetakoak» desegin edo desegiteko zorian jarri baitzituzten.
            
Bestalde, 2020-6-8ko epaiaren helegitean jorratuko diren eztabaida gaiak oso mugatuta eta zehaztuta gelditu dira. Alde honetatik gogoratu beharra dago, prozedura hasieran erabilitako argudio filologikoak guztiz baztertu egin direla. Are gehiago, komunikabide mertzenarioek Iruña-Veleiako aurkikuntzak barregarri utzi nahian barreiatzen zuten gezur pila hura ere –«Descartes edo Inri» bezalako asmakeriak- funtsik gabeko bigarren maila batera jaitsi dituzte eztabaida juridikoan. Arabako Diputazioak sortutako ustezko adituen batzorde antzu hura eta ertzaintzaren jokabideak zaharkituak, mailarik gabeak eta irrigarriak gelditzen dira Sententziaren irakurketan. Arabako Diputazioa bera, erakunde bezala, ardura gutxikoa eta jokabide kaltegarrien erantzule gelditu liteke.
        
Sententzia kondenatzailea da; bai. Sententziak zigortu egiten ditu Gil eta Cerdán jauna; bai. Sententziaren laburpena da aztertu diren 34  ostraka edo «pieza arkeologiko benetakoetatik» 31 faltsutuak edo manipulatuak izan zirela eta zehazki manipulazio hori garbiketako prozesuan gertatu zela, erantzulea Eliseo Gil delarik, nahiz bere eskuhartze zuzenaren frogarik ez egon… Zergatik dira faltsuak 31 ostraka horietan dauden grafitoak? Espainiako Kultur Ondareko Institutuak eta Espainiako Ondasun Kulturalen Kontserbazio eta Errestaurazioko Eskola Gorenak esan dutelako. Eta kito. Faltsuketaren egiletza edo autoretza Eliseo Gili leporatzeko, berriz, ez dago prozedura osoan argudio bat bakarrik; ez zuzenik eta ezta zeharkakorik ere, sententziak berak aitortzen duen bezala argi eta garbi. Horregatik, erantzukizuna Eliseo Gili leporatzeko 11 «indizio» edo aztarna garatzen ditu sententziak; eta garapen hori da oraindik finkoa ez den sententzia honen hezurdura eta argudiaketa nagusia; baina egiazki hezurdura eta argudiaketa ahula. Eta garapen zabar horren ondorioz bihurtzen da sententziako aditu, lekuko eta oinarri erabakigarria Espainiako Kultur Ondareko Institutuko txostenen egilea, Jose Vicente Navarro Gascón delakoa alegia. Besteak beste, Navarro jaun hori da faltsutzeak oso «burdoak» direla esan zuena, aditu txar guztiek zerbait sakonki arbuiatu ezin dutelarik, estalkitzat edo aitzakitzat bota ohi izaten duten bezala.    
           
Orain zein da egoera? Inoiz erabili behar ez zen epai bideak bere bidaia bukatuko du; nahiz, jakina, ezin dugu itxaro berez zientifiko peto-petoa den arazo bat ebazpen juridiko baten bitartez gainditzerik eta bukatzerik. Baina halere eta ustekabean, hartutako bide juridiko okerrak aurrerapen eta aldaketa on bat ekarri du jada; hau da, Iruña-Veleian aurkitutako idazkun, grafito edo marrazkiak dauzkaten euskarriak, –zeramika, horma puska, hezur, adreilu, lur gotortu edo «terra sigilata» edo direnak direlakoak- «pieza arkeologiko benetakoak» direla. Ondorioz, ondasun publikoak dira. Eta hala direnez gero, zaindu eta aztertu egin beharko dituzte erakundeek, Arabako Diputaziotik hasita… Nahiz eta jakin, badakigun kulturen arteko dema, lehia eta borroka ukatzen duten ustezko jakintsu, tertuliano eta komunikabideek Iruña-Veleiako grafito guztien faltsutasun osoa eta orokorra ondorioztatu nahiko luketela horrelakorik esaten ez duen sententzia honetatik. Zer egin beharko litzateke orain? Zein da erakunde eta aginte publikoen betekizuna? Zoritxarreko bidai juridikoa bukatu arte itxoin beharra al dago? Delitu egingo ote lukete gaur egun erakundeetako ordezkariek Iruña-Veleian aurkitutako eta pilatuta dauden «pieza arkeologiko autentikoak» ez balituzkete zaindu eta aztertuko?    
            
Epe laburrean Euskal Herriko erakundeek -Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak- hartu beharko lukete erabaki zehatz eta ezinbesteko bat: Garbitu gabe 20 kutxatan gorderik dauden ehunka ostraka edo «pieza arkeologiko autentikoak» katalogatzea eta garbitzea; zeregin hori nazio-arteko benetako (eta ez gezurrezko) adituei emanez. Horrela gaindituta geldituko litzateke betiko oraindik finkoa ez den 20-06-08ko sententzian erabakigarria eta zentrala den balizko susmoak; zera, faltsutzeak piezak garbitzeko garaian eginak direla.
         
Epe luzera, berriz, aztarnategiko indusketa berriro martxan jartzen denean, –gizaldi honetan edo hurrengoan izanik ere– argituko da dena… Bitartean berriro hondea-makinek ez baldin badute zeharo euskal eta zehazki arabar kultur aberastasun hau birrintzen. Ezin da ahaztu 2003an euskal hiria den Iruñeko erdi-erdian, Gaztelu Enparantzan alegia, munduan bakarra zen bi erlijio monoteisten hilerri bateratua, gehi ustekabeko terma erromatarrak, gehi Vaskoien hiriko aztarnak zabortegira eraman zituztela. Zenbat balio zuen hark Nafarroarentzat? «Eneko Aritzaren Hilobia» izeneko nobelan deitoratzen dudanez, ezin jakin. Iruña-Veleiakoa ere, ezin jakin.
           
Sententziak sententzia, batzuen batzuk faltsuketa orokor eta osoa idazkunen ezinezkoa dela pentsatzen jarraitzen baitugu. Are gehiago, indusketako garaian harantz eta honantz zebiltzan guztien esku-hartzerik gabe. Eta oraindik are gehiago, balizko eta ustezko faltsuketak egin ziren garbitegiko inor salaturik ez dagoelarik. Denborak jarriko du bakoitza bere tokian.
                                                                            

Articles
Larraitz Ugarte
09/08/2020
Koldo Campos
09/08/2020
Iñaki Egaña
08/08/2020
Karlos Gorrindo Etxeandia
08/08/2020
Letters
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
07/08/2020
Goio González | Afiliado a CGT-LKN Nafarroa
05/08/2020
Juan José Dapousa Garma | Bilbo
05/08/2020
Jesús María Aragón Samanes | Secretario General Federal del Partido Carlista
05/08/2020
Latest posts
Fito Rodriguez
06/08/2020
Koldo Campos
04/08/2020