Mikel Zubimendi
GAUR8

Ispiluen islak, aurrera egiteko indarrak

Segur aski modu esajeratuan esanda, ez da munduan estrategia politikorik aste honetako zaparrada asaldatu gabe eusteko gai denik; eta, era berean, ez da abertzalerik minez lepo eta itolarrian sentituko ez denik. Presta dezakezu zure bidea, zure militanteekin eta euskal jendearekin lantzekoa eta ibitzekoa, patxada eta tenple aski dituena.

Hartara, mila bilera egin ditzakezu, gauzak oso argi utzi eta orotan irakurketa distiratsuena egin… baina gatza, nekeza, ezinezkoa da asteak utzitako irudi eta makiladak digeritzea. Are, ondo digeritu eta gero pralin gozo baten gisa askatzea. Eta ezer gertatu ez balitz bezala aurrera egitea.

Astelehenean Luis Goñi atxilotu eta Iruñeko herri harresia kolpeka desegin zuten, eta, asteartean, ikurrina zintzilikatzeagatik dozena erdi ekintzaile atxilotu zituzten. Astelehenean berrogei gazte epaitzen hasi ziren, deliranteak diren espetxe eskaerekin eta beste berrogei militante abertzale handik hiru egun eskasera. Erraz idazten da 100 zenbakia, baina, izan Iruñean ala Madrilen, 100 kide atxilotzen, kolpatzen edo epaitzen ikustea larreostia da. Aste bakarrean 100, erraz esaten da! Analisi eta aurreikuspen guztiak hankaz gora jartzeko modukoa da, bai.

Joxi eta Joxean errefuxiatu tolosarrak bahitu, heriotzaraino torturatu eta kare bizian lurperatu zituztela 30 urte asteon, eta libre zegoen Galindo jeneralaren askatasuna legalki makillatu dute. Noiz eta milaka eta milaka herritar, asko zortea erakartzeko atzamarrak gurutzatuta, datorren astelehenean “Parot doktrina” madarikatuaren gainean ebatziko duen Estrasburgoko Auzitegira begira daudenean. Kontraste latza da, amorrua bularrean bildu eta lasai aurrera egitea eragozten duena. Bai horixe!

Eta hala ere... «il faut faire avec»

Dagoenarekin egin behar da aurrera, ez dagoen tokitik ez baitago ateratzerik. Aurrez aurre daukagun Estatua den modukoa da eta demostratu du demostratu duenez, ankerkeria infinituarekin, bere zilegitasun sistemikoa indartzen ez duen ezer ez duela onartuko. Bere publikoaren aurrean epe motzeko garaipenaren marko diskurtsiboan neur ezin daitekeen ezer ez du onartuko. Muga-mugara eraman nahi du egoera, horrek gauzak erabat ezinezko egingo lituzkeelakoan. Baina, muga-mugara jokatzeak, askotan, gauzak bere kontrako bilakatzen ditu. Estatuak begi bistako abantaila konpetitiboa du: kartzeletako giltza. Eta Audientzia Nazionala. Masazko biolentzia mekanizatua aplikatzeko botoia. Horrek egoera kontrola dezakeela pentsatzera eramaten du, denborak markatzera, arauak finkatzera edo arauen gainetik salto egitera. Horrela, ezker abertzalea bere bidetik atera eta Euskal Herriari, prozesua egotekotan, nola garatuko den erakusten diola uste du: kolpe trukaketa bat bezala, “nerbio-gerra” etengabe baten erdian.

Eta zeinek galtzen du “nerbio-gerra” batean? Ba, hain zuzen, nerbioak galtzen dituenak. Norbere erabakiengan eta analisien zuzentasunean duda eginez konbentzimendu propioa zalantzan jartzen duenak. Independentismoa beti ispilu berean, plano finko bati begira beti lotuta, itsututa, nahi luke Estatuak. Euskal Herrian aurrera egiten den ala ez berak ematen dituen kolpeen markagailuan neurtzea, independentismoa, euskal jendeari baino, Estatuari aurrez aurre betiko begira egotera kondenatzea, eta, ispilu berriak, beste planoetako egoerak, alboratzea. Eta hori lortuko balu, asko irabaziko luke. Egoera eta mentalitate kaskarrean geundeke.

Izan ere, prozesu politiko oro ispilu joko bat da. Eta kea saltzea, ke gortinak altxatzea, su berriak etengabe piztea. Euskal Herrian, gutxienez, bost ispilutan begiratu behar da prozesua, bost planotan; batzuetan batean eta besteetan bestean, baina, ikuspegi orokor baten baitan, denetan jarrai. Horizonte sakon baten jabe, eta, iraganean bezala orain eta geroan ere, ez dela batere erraza izango jakitun. Oinarri militantea da ispilu bat. Etxekoak. Aliatuena da beste ispilu bat. Kultura politiko ezberdinekoak izanagatik ere, amets ezberdinak izan gorabehera, gure ohe bera konpartitzen dutenak. Gure herriarekin, euskal jendearekin ere egiten da prozesua. Ispilu inportanteena da. Herritarren kezkak adituz, ongi interpretatuz eta pedagogia positiboa landuz gure lanaren isla emango baitigu. Eta gure aukeren neurria. Estatuarena aipatu dugu eta bertatik datorkiguna argia da oso. Nazioartea, azkenik, sarri begiratu beharreko ispilua da ere.

Orain eta hemen, Euskal Herrian, jendearen begietara begiratuz eta bere borondatea ondo antolatuz, plano horretan jator jokatuz eta horren araberako epeetan neurtu behar dira arrakastak.

Search