Itziarri begirune manifestua
Herri bezala itxaropenari eutsi nahi bazaio, etxetik eredu ematea dagokigu, komenentziazko salbuespenei tarterik eman gabe. Demokrazia behetik gora eraiki behar delako
«Nik diot balio bera duela formulak karratu handi eta txikientzat» J. B.
Herri txikiak unibertso handiak dira, beregan dituzte ordena eta auziak, lilura eta ezinak. Han gertatu edo hemen gertatu, ordea, arazoek antzekotasun handiak izaten dituzte. Eta, batean edo bestean, irtenbideak ere ez dira elkarrengandik arrotzak, guztiek dute ahaidetasunen bat gizalegearekin eta elkarrekiko errespetuarekin.
Elkar ulertu beharra.
Distantzia bat dago batetik bestera, baina fisikoa ez ezik, baita bakoitzaren nortasunari edo interesei dagokiena ere. Eta horrelakoetan gertatu ohi denez, kosta egiten zaie elkar ulertzea Itziarri eta Debari. Honela, duela 25 urte, Itziarrek bere bidea egin nahi izan zuen, baina bidera atera zitzaion Deba, esanaz ezetz, Itziarrik gabe Deba ez dela bideragarri.
Politikariek lehenengo, epaileak gero, eta azkenik legeak ere arrazoia eman zioten Debari. Udalerri berean egotea tokatuko zitzaien biei. Etxe berean elkarri bizkarra emanda bizitzea hain da, ordea, tristea, mutua, nekagarria. Elkar ulertzera kondenaturik daude Itziar eta Deba.
Adostasuna eta gehiengoa.
Eredu administratibo berria jorratzea adostu dute Deba eta Itziarrek. Elkar ulertze prozesu emankor bezain aitzindariaren emaitza, Auzo Udala delakoaren baitan ahalbidetzen da adostasunean oinarrituriko etorkizuneko elkarbizitza eredua. Alderdi guztien elkartasuna bihotzez hartu zen Itziarren, eta zuzeneko galdeketan bozen %95 aldekoa eman dute herritarrek, %73ko parte hartzeaz. Ederra da orain arteko bidea.
Alderdien ardura.
Alderdien arteko adostasuna izan denean eta dagokion lekuan eratze modua ia aho batez berretsi denean, berme osoa behar luke egitasmoak. Betebehar moralaz gehiago ematerik ez du komunitate batek honelakotan. Horregatik, tristura, haserrea, nekea sortzen du datorren udalbatzan alderdi batzuen zalantzak guztia ezerezean uzteko arriskuak. Dena alferrik bada, zer zilegitasun dauka gizarte gobernantzak? Auzo Udalaren prozesu hau zapuztuta, irtenbide eta esperantzarik gabe, galbidean jarriko da Itziar eta berebiziko egokiera galduko du Debak.
Itxaropena.
Pertsonak bezala herriek ere itxaropenaren baitan egiten dugu aurrera. Euskaldunok ere egun bizi dugun aro politiko berrian adostasun zabalak lortzean eta demokraziaren lanketan jarria dugu balioa. Herrixka bati gaitasun administratiboa ukatzeak baina, eremu zabalagoan lituzke ondorioak. Prozesu lokal zabal eta parte hartzailearen ondoren, eskala txikian gauzatzeko gai ez garena, nola izango da gero posible nazio mailan. Horrelako esperantzak guk geuk zapuztuta, zer zilegitasun daukagu besteei gurekiko praktika ereduzkoa eskatzeko?
Eman eredu.
Bai, formulek balio bera dute karratu handi eta txikientzat. Hala, handian salatzen dituzun jokabideak ezin ditugu txikian geuk egin. Ez da gizalegezkoa Itziar gutxiestea, herriak sokan lotuz elkarbizitza itotzen dela salatzen dugun bitartean. Herri bezala itxaropenari eutsi nahi bazaio, etxetik eredu ematea dagokigu, komenentziazko salbuespenei tarterik eman gabe. Demokrazia behetik gora eraiki behar delako. Herri guztiek merezi dute begirunea. Eta Itziarko jendarteak zerbait gehiago ere bai: Auzo Udala.
Manifestu hau sinatzen dugunok herrien garapen eta bizikidetzaren alde gaudelarik, bat egiten dugu Itziarrek abiatu duen bidearekin, eta eskatzen diegu Debako Udaleko alderdiei, arren, berma dezatela Auzo Udal proiektua. Gizarte prozesu eratzaileek babes politiko ausartak eskatzen dituzte.
(*) Joxe Azurmendi filosofoa, Joseba Zulaika antropologoa, Martxelo Otamendi “Berria”ko zuzendaria, Txema Ramirez de la Piscina komunikazioan katedraduna, Ramon Agirre aktorea, Andoni Egaña bertsolaria, Jagoba Arrasate Realeko entrenatzailea, Mikel Aranburu Realeko kapitain ohia, Iñaki Zabaleta komunikazioan katedraduna, Ander Lipus aktorea, Estitxu Eizagirre “Argia”ko zuzendaria, Joxe Mari Agirretxe Porrotx, Jon Maia bertsolaria, Andoni Lubaki gerra kazetaria, Joxean Agirre idazlea, Itziar Ituño aktorea, Mikel Irizar euskaltzalea eta Arantza Ruiz de Larrigana Aldundiko Parte Hartze Saileko zuzendariak ere sinatzen dute Denon Herriaren manifestua.