Josu Naberan
Idazlea

Izurriteaz gogoeta

Aspaldiko gauza baten aurrean aurkitzen gara. Ume nintzen arren, oraindik gogoan du gure baserrian entzun nuena: «zeozer pasetan da amosferan». Horixe esan zuten gaztainadiak gaixotu zirenean 1950ean.

«Pandemia» deritzan planeta mailako izurrite baten aurrean, inor ezin da albora begira geratu edota hegopean burua ezkutatu. Ezta ere, diot nik, horren zergatiaz hitz egin gabe gelditu.

Eta horixe da, hain zuzen, gertatzen ari dena. Guztia espantu eta alarma den honetan, halako eta honako neurriez etengabe diharduten bitartean, ezer gutxi edo praktikan ezer ez da aipatzen kausari buruz. Ez deritzozue harrigarria? Izan ere, izurrite honen zergatia ezagutu gabe, nekez jakin dezakegu erremedioa zein den.

Pandemiaren kudeaketari buruz sekulako diskurtsoak. Ostera, zergatiari buruz, mutu. Harrigarria bezain alarmagarria deritzot; oinezko batek «hemen zer gertatzen da?» galdetzeko modukoa. Gai honetan oinezko hutsa besterik ez naizenez, «ume galderak» egingo ditut; hobeto esanda, barnean daramadan neanderthalaren gogoetak.

Zeren ezin gelditu galderarik egin barik. Lehenbizi estetikaren izenean. Izan ere, goizean goizero, leihoetatik kalera begiratzean eta jendea mozorrotuta ikustean, begia kolpatzen dit maskara-antzerkia dirudien eszena horrek. Zer pentsatuko luke hori dakusan galaktiko batek?

«Zer gertatzen da Lur planetan?» galdetuko luke. Galdera, estetikaren aldetik ez eze, errealitate latzaren urjentziagatik... eta, baita, etikagatik ere egin beharra dakusat, orain azaltzera noanez.

Ez da aditua izan behar gaixotasun arraro bat agertu dela ohartzeko. Epidemia anitz jasan du gizateriak, azken ehun urteotan ere hagitz.

Gerra eta miserien kausaz, hasteko. Orduan eskerrak penizilinari eta txertoei. Miserien zergatiaz gain, «zibilizazioaren gaixotasunak» ditugu (polioa, leuzemia, minbizia…). Bakoitzak bere iritzia izango du zergatiaz, baina, ziur behintzat, ekoizpen-eredu kapitalistaren pean gertatu diren hiru industria-iraultzen albo-kalteak ditugula tartean: biosferaren toxikazioa eta horren ondoriozko guztia: klima aldaketa eta bio-aniztasunaren galera.

Orduan, aspaldiko gauza baten aurrean aurkitzen gara. Ume nintzen arren, oraindik gogoan du gure baserrian entzun nuena: «zeozer pasetan da amosferan». Horixe esan zuten gaztainadiak gaixotu zirenean 1950ean.

Eta biosferaz ari naizenean, jada ez datozen enarak ditut buruan, kakarraldoak, ipurtargiak, erlea..., baita sagarrondoen hogei espezie haiek. Norat joan ziren?

Baina gatozen hona. Ez da izan behar aditua, nioen, aspaldiko horrek jauzi handi bat eman duela oraingoan, agian jauzi kualitatiboa. Sintomak? Horiek ere agerian.

Search