Jaizkibel mendia babestu plataforma berriari buruz
Idatzi hau sinatzen dugunok, Hondarribiko biztanle eta ‘Jaizkibel babestu dezagun’ plataformako kide izanik, zu Hondarribiko alkatea eta Txinzereko, Txingudi Zerbitzuak S.A.ko, administrazio kontseiluko presidenteordea zarenez, uste dugu zu zaitugula pertsona egokiena, Jaizkibel mendiaren ipar-isurian lurpeko urak ateratzeko eraiki diren putzuetaz komunikabide desberdinetan ezagutzera eman diren informazioek sortu dizkiguten zalantzak argitzeko.
1.- Zaintza Bereziko Gune kategoria izateaz gain, Europako Batzordeak 2004an Natura Sarea 2.000ren barruan Garrantzi Komunitariodun Leku izendatu zuen Jaizkibel Mendia. Horregatik, joan zen urteko ekainean onartutako Kudeaketa Planak bere 22. neurrian ezartzen du, bertako lurpeko uren ateratze guztiak aldez aurretik ezarritako protokolo baten arabera egingo direla. Bai al dago protokolo hori?; baldin badago, nortzuk dira betetzen denaren berme? Hiritarren eskura al dago?
2.- Energiaren Euskal Erakundeak, EVEk, baieztatzen du, errekak eta lurpeko urak kontuan hartuta, euriak urtero eta urteko 11,8Hm3 ur uzten duela Jaizkibeleko lur-azpian. Energiaren Euskal Erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritzak 6 putzu berri hauen ustiaketarako egindako berariazko ikerketan, urtean 0,9Hm3 ur ateratzea onartzen dute. Txinzerek, hala eta guzti, Uren Euskal Agentziari, URAri, urteko 7Hm3ko kontzesioa eskatu zion, alajaina!!! Azkenean, URAk 2,4Hm3 ur urtean ateratzea onartu zion; alegia, 6 putzu horiek eman dezaketena baino doble eta gehiago. Ez al du honek mendiaren bizia arriskuan jartzen?
3.- Talde ekologistek salatu dute URAk, nahiz eta jakin gaur egun ur hornikuntzara bildutako errekek (Justiz, Artzu, Errota eta Goikoerrota) batanaz beste urteko 4Hm3 ur ematen dituztela, egindako ingurumen ikerketan emari hori urteko 2Hm3ra murrizten duela. Gainera, segurtatzen dutenez, ez zituen aintzat hartu Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun sailak emandako gomendioak, behar bezalako ikerketa bat egin zezala eskatuz. Argituko al zeniguke informazio hau?
4.-Jaizkibeleko lurpeko uretaz baliatzeko, Txinzerek San Antondik eta Justiz-Errota-Artzu-Goikoerrotatik jasotako ur hornidura eskasa dela eta ur iturri berriak behar direla argudiatzen du. Bitartean, San Antongo isuritik eta Aiako Harriak zeharkatuz, Ola sagardotegiaren inguruan dagoen Irugurutzetako zentral hidroelektrikora ura bideratzen ari da Txinzer, ur hori gero Bidasoa ibaira isurtzeko. Txinzerek agindutako aurretiazko azterketan ez dira ur emari horri buruzko datuak azaltzen. Emari hori, gutxienez, Irun eta Hondarribia hornitzeko erabiltzen denaren adinakoa da. Aurretiazko azterketa horretan ez da Domiko urtegia ere azaltzen. Zergatik ezabatu zuen Txinzerek informazio hori aurretiazko azterketetan, aldez aurretiko ikerketetan?.
5.- Irugurutzetako zentraleko energia hidroelektikoaren ekoizpenari eta salmentari buruz, 2012an, Txinzerek ematen dituen datuak txikiagoak dira, Txinzerek emandako datu zehatzagoekin Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutakoak baino. Zergatik?
6.- Talde ekologistek baieztatzen dute azken sei urteetan Txinzerek San Anton inguruko plubiometria datuak sistematikoki faltsutu dituela, berriki argitaratu dituen planoetan gertatzen den bezala. Hondarribiko Udalak kontrastatu al du informazio hau?
7.- Jaizkibeleko ekosistema aberats eta hauskorrarentzat atzerakorik ez duten hondamendiak ekiditeko, hartu al zen aintzat Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun sailak emandako gomendioa, zeinetan aholkatzen zen lurpeko uren xurgatzearen ordezko baliabideak bilatzea?
Azkenik eta erakunde publikoei suposatzen zaien gardentasuna aintzat hartuz, oro bat ondare publikoen kudeaketan hiritargoaren parte hartze eskubidea, Jaizkibel mendiko putzuen proiektuaz eztabaidatu izan den bileretako akta guztiak eskuratu ahal izatea eskatzen dugu.