Xabi Larrabe
Arratia

Jaurlaritzaren 250 milioi janari sortzaileentzat, ez funtzionarioentzat edo RGIkoentzat

Gizartetik jasotzen dugunaren eta berari itzultzen diogunaren artean inoiz ez da hainbeste alderik egon, eta handitzen ari dela uste dut.

Jaurlaritzak dekretuz %2,5eko igoera aplikatu nahi die langile publikoei eta Oinarrizko Errentakoei eta badirudi alderdi gehienak ados daudela nahiz eta batzuek atal batzuek gehiago igo nahi dituzten. Egoera larri batera heldu garela uste dut. Azken hamarkadetan soldaten eta lan baldintzen arrakala izugarria sortu da baserritar-abeltzainen eta lan finkoagoa duten langileen, eta are gehiago, funtzionarioen artean. Horren ondorioz hemengo janari ekoizleen %70a baino gehiago desagertu da.

Katastrofe edo beste arrazoi bategatik garraio kolapso bat gertatuko balitz gosez hilko ginateke. Izan ere, janaria sortzeko betidanik izan ditugun hurbileko profesionalak haien lanbidea uztera etengabe bultzatzen ari gara. Erabaki eta politika makroen bidez hurbileko eta kalitateko janaria sortzeko egiturak eta sare gehienak dagoeneko suntsitu ditugu gure lurralde gehienetan.

Gaur egun gazteek nekazari edo abeltzaina izateko heroiak izan behar dute eta noski, haien gurasoen ondare edo laguntza itzela behar dute. Gaztak egiten hasi berri den gazte bati honela esan nion: heroia zara, zorionak! Zulako heroi asko behar ditugu kalitatezko janaria izan dezagun!

Herri batean funtzionario izateko 100.000 pertsona aurkezten direnean zer gertatzen den galdetu beharko genioke geure buruari. Edo lanik ez dutenei erraz-erraz musutrukeko dirua eskaintzen zaienean... erabat jendea desmotibatzen ari gara, nekazari izateko, negozio bat abian jartzeko... Zergatik ez diegu RGIkoei lan soziala eskaintzen soldatatxo horren truk? Elkartetan laguntzen, bakarrik bizi den jendeari laguntzen...? Zergatik kasu askotan 8 ordu lan gogorra egiten dutenek hilero RGIko batzuek baino gutxiago edo antzekoa jasotzen dute? Zergatik bere herrialdean arazo politiko edo ekonomiko barik kanpotik etorri berri batzuek 40 urtez hemen lanean egon diren batzuek edo batzuen alargunek baino gehiago jasotzen dute? Gure kontrako politika demografikoa bultzatzen ari gara?

Gizartetik jasotzen dugunaren eta berari itzultzen diogunaren artean inoiz ez da hainbeste alderik egon, eta handitzen ari dela uste dut.

Eta funtzionario asko-askori ez diet inolako meriturik kendu nahi. Funtzionario langile eta militante fin asko ezagutzen dut: hor dagoz milaka irakasle, mediku, erizain... lan gogor baino gogorrago egiten, jendearekin eguneroko harremanetan eta borroketan, eta azken urteotan lan gehiago egin behar leku askotan. Baina zinez ez badugu behingoz janari sortzaileei laguntza egitural eta egoki bat eskaintzen epe luzera garesti ordainduko dugula uste dut. Eta ez dago denetarako dirurik. Arrakala asko gutxitu behar dira eta janari sortzaileena horietako bat da. Alderdientzat nekazari-abeltzainak boto gutxi direlako bide bazterrera?

Batek zioen bezala euskaldunok milaka urte iraun dugu, elkarrekin lan, elkarrekin jan eta elkarrekin jai egiten genuelako, dena partekatzen genuelako. Bada ordua lana eta dirua gizalegez banatzeko! Edo %1 funtzionarioentzat eta RGIkoentzat eta gainerakoa janari sortzaileentzat?

Search