Joko zikina hondakinen artean
Gero eta gipuzkoar gehiagok bereizten ditugu hondakinak, eta guk badakigu, plastikoa, papera, beira eta organikoa bereizita, errefusa oso gutxi dela. Zaborra, zero bidean. Huskeria horrentzat ez dagoela 500 milioi euroko erraustegirik eraiki beharrik. Guk badakigu, zabortegi eta erraustegirik gabeko etorkizuna ez dela utopia herrialde honetan. Eskura dugula hori. Ez dela horren konplikatua. Gauzak beste era batera egin daitezkeela erakusten ari da EH Bildu.
Urte hauetan egindako lanari esker Gipuzkoak dauzkan birziklatze tasak eredugarriak dira. Bost urtetan ia bikoiztu egin dugu. 2009an tasa %22,5ekoa zen eta 2014ko martxoan, berriz, %40koa.
EAJ, PSE eta PPk aldiz ez dute hori ikusi nahi eta erraustegia eraiki nahi dute kosta ahala kosta. Badakite birziklapena ugaritzen denean errefus kopurua gutxitzen dela, baina egindako ahalegin mediatiko guztiak eginda ere, Gipuzkoan gauzak argi ditugu eta birziklatze kopurua gorantz doa egunetik egunera.
Oker dabiltza. 260.000 tona erretzeko diseinatu zuten errauskailua, gaur egun 190.000 isuri dira eta Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko EH Bilduren plangintza osatuta, 65.000 jasoko ditugu urte batzuk barru. Alarma guztiak piztu zaizkie, zabor kopurua berantz doalako, sortzen den hondakin kopurua gutxitu eta birziklatze maila handitzen ari delako. Errauste plantak behar duenaren aurka ari gara gipuzkoarrak. ‘Gure esku dago’ hau ere, hondakinak sailkatzen ari garen bakoitzean erabakitzen ari baikara, errauste plantaren eredua baztertu eta lehengaiak birziklatu.
EH Bilduk hondakinak, gaika biltzeko modu eraginkorrenak bultzatzen ari da, birziklapen tasa ahalik eta altuena lortzeko. Era berean, oso argi daukagu zero tona isuri behar dugula tratatu gabe. Badakigu bide egokiena gaikako bilketa eredu eraginkorrenak bultzatzea dela, baina tamalez, bilketa masiboaren bidez oraindik asko biltzen denez, hori guztia tratatzeko, zenbait instalakuntza eraikiko dira: bereizi gabe jasotako hondakinentzat Tratamendu Mekanikoa eta Biologikoa emateko azpiegitura, hondakin organikoekin konposta egiteko bi gune eta aprobetxatu ez diren atalentzako gordetegia. Guztira, 185 milioi euro inguru.
Birziklapenean Europako herri aurreratuenen pare jartzear da Gipuzkoa. 2012an Alemaniak izan zuen birziklapen daturik onena, %65arekin, Austriak %62 eta Belgika %57. Hondakinen %80a bereizita jasotzen da Gipuzkoako herri askotan, eta Sasieta Mankomunitatea, adibidez, %58.5 tasara iritsi da. Euskal Herrian ez da horren datu onik inon. Erakusten ari gara jarritako helburuak eskura ditugula. Europa ez dugu horren urrun.
Gipuzkoarrak ondo ari gara, norabide ona hartu dugu eta bidea luzea bada ere, ez dago atzera egiteko asmorik. Eskerrak eta zorionak gipuzkoarrei ohiturak aldatzen egindako ahaleginarengatik. Zenbat eta gehiago bereizi, gehiago birziklatuko da, zabortegiak itxi egingo ditugu eta ez da erraustegiaren beharrik izango. Euskal Herriko beste lurraldetan zabortegiak ixteko eperik jarrita ez dagoen arren, Gipuzkoan 2015eko bukaerarako erronka hori jarri dugu. Euskal Herriko eta Estatuko 1. Zero Zabor lurraldea izan nahi dugu eta, gipuzkoarren ahaleginei esker, seguru gaude lortuko dugula.
Oposizioko EAJ, PSE eta PP alderdietako ordezkariek, aldiz, ez dute Zero Zabor helburu hori ikusi nahi, hondakinak kudeatzeko bide berria baztertu eta erraustegi toxikoaren proiektuari eusten diote. Batera ari dira lanean eta hondakinen gaiarekin kanpaina egin nahi dute. Argi ikusi da atez ateko bilketa sistema jarri den herrietan erakutsi duten jarrera. Kanpaina egiteko erabili nahi izan dute, baina datuak han daude: %80 inguruko birziklapen tasak.
Eta GHKri buruzko Batzar Nagusietako azterketa batzordea ere hauteskundeei begira antolatu dute. Kanpaina egin nahi dute hondakinekin. Joko zikina. Udalerriek eta mankomunitateek osatutako kontsortzioak baditu bere kontrolerako organo propioak, alderdi politiko guztiek dute ordezkaritza, baina EAJ, PP eta PSOE alderdiek ez dute bertan gehiengorik. Horregatik eraman dute gaia Batzar Nagusietara, joko zikina egiteko. Izan zen aurreko legealdian jokabide ilunagorik, banketxeen eta enpresa jakin batzuen mesedetarako plangintza diseinatu eta abiatu zuten, ez gipuzkoarren beharren araberakoa.
Aurreko astean onartu den egitarauan argi ikusten da hori. Ostiralean, apirilaren 11n ikuskizuna hasi eta maiatzaren 16 eta 23an egingo dira lehen bilerak, maiatzaren 25eko Europako hauteskundeen bezperan. Gero erritmoa lasaitu egingo da eta legealdi bukaeran, otsailaren 28an, aurre kanpainan, batzordearen ondorioak eztabaidatu eta bozkatuko dira. Jakina da hauteskunde garaian ez dela eztabaida lasairik; polemikari sustatu nahi dute.
EH Bildu adostasunak bilatzen saiatu da baina ezinezkoa izan da. Ez dute egutegia aldatu nahi izan. Batzar Nagusietan kanpaina merke egin nahi dute EAJ, PSE eta PP alderdiek gipuzkoarren kontura; baina zalantza izpirik ez dugu beraien kontra bueltatuko zaiela. Gipuzkoan ondo egiten ari gara, eta are hobeto egin nahi dugu.