Jon Enparantza eta Arantza Zulueta torturapean, noiz arte?
Imajina ezazu zeure burua honako egoeran: 500 egun, eta kantak dion moduan 500 gau bakar-bakarrik, inorekin mintzatzeko, besarkatzeko, barre edota negar egiteko paradarik gabe. Zer egingo zenuke? Nola egongo zinateke?
Zeure buruarekin solastuko zinateke? Ez duzu ispilurik ordea...
Irakurtzen? Bi liburu gehienez hilabetean. Hori da araua.
Kirola egiten? Ez duzu inolako tresnarik, ez eta espaziorik ere. 10x20 metroko patio umela besterik ez.
Kanpoaldeko basamortuko kilometro luze bezain bizigabeek eskaintzen duten parajeari so, begirada urrunean galdu eta orduak pasatzen utzi? Sentitzen dut, baina hormigoia besterik ez zenuke izango lagun. Beheko solairuan zaude, pareta sendoz inguratuta, sareak nonahi, ezin begirada urrunera luzatu. Hala eginez gero, hamar metrora talka. Egunean lau ordu dituzu eguzkiaren argiaz gozatzeko, baina gaur ere ekhiak ez du tarterik aurkituko bere ibilbidean zulo hotz hura goxatzeko. Hauetxek baldintzak.
Ikasketak egiteko baliatu zenezake. Egunean hogei orduz hiru metro karratutan egongo zara, zeure ziegan. Hori bai, hotzak ez dizu denbora luzez esertzen utziko. Zutik izan beharko, edo ohean manta artean, txamarra, txano eta eskularruak jantzita. Hezetasunak hormigoizko mahaia busti du, apalik ez eta liburuak ohean, lurreko hezetasunak lizun ez ditzan. Argia ere halamoduzkoa, sabaitik zintzilik dagoen bonbilla zaharra. Norbaitek kontrolatua, zortzietan piztu, hamaiketan itzali, hortik aurrera iluntasuna. Argi naturalaren bila jo dezakezu barrotez babestutako leihotxo batera. Handik begiratuz gero, ikuspegi zoragarria: porlanezko beste hormatzar bat hiru metrora. Komuna bertan. Komuna edo... halako zulo zikin bat lurrean. Ezin kexatuko zara! Dena eskura, luxu guztiak helmenean. Horiek arauak, hauxe joko zelaia.
Oxigenoa hartzeko eskubidea ere baduzu, zaude lasai. Astean behin maite dituzunak ikusteko aukera emango dizute, 40 minutuz, kristal baten atzean eta telefonoa eskuan hitz egin beharko duzularik. Dena entzun eta grabatzen dute, horrek ematen duen lasaitasunarekin. Hamabostean behin ordu eta erdi etxekoekin, barrotedun lehioa duen gelatxo batean giltzapetuta, grabatuta. Horixe izango da kontaktu fisiko bakarra, profita ezazu! Noski, maiteek 500 edo 1000 kilometroko bidaia egin ostean. Bisita duzu arnas. Bidaia senideei inposatutako kondena ankerra... Ez dago gaizki, e?
Arestian aipatutakoa zuzenduko dut: egunero espetxe funtzionarioak ikusteko abagunea izango duzu. Zorionekoa zu! Patiora irteten zaren bakoitzean goitik behera miatuko zaituzte, egunean birritan, baita zure ziega ere. Funtzionarioen aldartearen arabera, itzultzean dena lurrean aurkituko duzu, horrela aspertzeko denbora gutxiago geratuko zaizu.
Hauek joko arauak, beraz. Bisitaldien denbora tartea kendu diogu jada, espetxe aldaketetan jendearekin topo egiteko izan dituzun aukera urriak ere eta zer egingo zenuke geratzen diren 500 egun eta gau luzez zeuk bakar bakarrik?
Sekretu bat esango dizut: baduzu arauen aurka jotzeko bidea, eskubidea. Debekaturik dago edozein gizaki horrelako egoeran edukitzea. Nazio Batuetako Batzar Orokorrak duela gutxi berrikusi dituen hainbat arauren artean zera erabaki du: «debekatuta dago hamabost egunetik gorako isolamendua, hortik aurrera tortura gisa hartuko da». Zergatik hamabost? Profesionalek, sikologo eta abarrek demostratu dutelako hamabost egunetik gorako erabateko isolamenduak ondorio sikologikoak ekar ditzakeela, baita luzapenaren arabera atzera bueltarik ez duten ondorio bortitzak ere. Hori duzu zure alde joko arauetan: giza eskubideak zure alde daude, Nazio Batuak ere bai, Gorte Interamerikarrek ere isolamenduaren gaineko debekua ezarri zuten... Baina kontuz! edozein giza eskubide, lege Europarrak eta nazioarteko erabakiak gainetik salto egiten dituen salbuespeneko legedia erabiltzen duen estatu espainiarra duzu aurka...
Arantza eta Jon ia bi urtez ari dira pairatzen bakartze basati hau. Tarteka hainbat preso izan dute horrela. Etengabe, emeki-emeki, aplikatzen ari zaizkien egun luze eta amaigabeetako tortura da isolamendua eta bakartzea. Baita haiek maite ditugunentzat ere. Dena dela, bakartuak izanagatik ez daude bakarrik, auzokideak, herria eta senide zein lagunak beraiekin gaude. Bihotzean daramatzagu.
Eta hau guztia prebentibo gisa daudelarik, hau da, epaitu gabe. Kausa bereko beste denak kalean daude, juridikoki eutsiezina bada ere lotsagarria baita euskal preso politikoen bitartekari izateagatik espetxean atxikitzea. Baina fiskalak zera esan zuen: «en el caso del resto deciden los jueces y en el caso de Arantza y Jon deciden los ministros». Eta ez omen dira preso politikoak... Kalean utzi edo bi urte gehiagoz luzatzeko erabakia hartuko du Espainiako Audientzia Estatalak abenduan. Isolamenduari bukaera eman diezaiotela, ekar ditzagun etxera, utz ditzatela aske.
Espetxealdiaren helburua presoen gizarteratzea bideratzea omen da. Hain dramatikoa ez balitz, barrez lehertuko nintzateke! Gizarteratu non? Ikastolan? Familian? Danborradan? Lagunartean? Auzoan? NBEko torturaren kontatzaileak dio bakartzearen luzapenak bergizarteratzearen aurkako jarrerak garatu ditzakela... Norbaitek zalantza ote du oraindik pertsona akabatzeko modua besterik ez dela espetxe politika hau eta horren adibide isolamendua eta bakartzea? Garaipen politikorik atera nahi badute hemendik, alperrik ari dira. Eta badakite hori, horregatik ari dira horrela estutzen. Garaipen politikorik ezean, pertsona bera gizaki gisa ezeztatu nahiak bultzatuta.
Zer egingo zenuke zuk horrelako egoera batean? Are zailago: ea lortzen duzun gure lekuan jartzea. Poliki irakurri eta senti ezazu esatera noakizuna: zer egingo zenuke gehien maite duzun pertsona, semea, alaba, emaztea, aita... ia bi urtez bakar bakarrik horrelako egoeran egongo balitz? Dituen ondorio larrien jakitun bazina?
Eta herriaren ordezkariak zareten horiei, giza eskubideen alde lan egiten duzuen orori: zer egin behar duzue zuen herritarrek egoera prebentiboan ia bi urtez tortura hiltzailea pairatzen ari direla jakinik? Ezin dugu beste aldera begiratu.
Bakardadea pertsonak suntzitzeko erabiltzen den arma da. Ez al da egoera bortitza, biolentoa, ankerra, onartezina Espainiar zein Frantziar espetxeetan gertatzen ari dena? Ez al dugu amaitu behar sufrimendu ororekin? Herri honetan jende gehiegik sufritu du, alde guztietan. Familia batzuk orbainak itxi nahian dabiltza, hori ere egin behar dugu, beste herritar batzuen zauriak odoletan ari dira ordea. Noiz bilakatuko ditugu orbain?
Hamaika gutun idatz genitzake bakoitzak bere senideak pairatzen dituen bidegabekeriak adieraziz. Une honetan Arantza eta Jonekin pausu bat gehiago eman dute, baina gogoan dut Eneko, hiru hilabetez jada bakarturik Alcalan, gogoan ditut gaixorik eta egoera larrian dauden euskal preso politikoak. Gogoan neurri politiko gizagabeak nozitzen dituen euskal preso politikoen kolektiboa. Uneoro gogoan ditut haien familiak. Defentsa eskubiderik gabe, senide izate hutsagatik errepidean bizitza arriskuan jartzera kondenatua izandako oro, salbuespenezko legedi hiltzailearen ondorioak pairatzen duen familia oro, eta bereziki, laguna edo senidea ikustera zihoazelarik errepidean hildako hamasei euskal herritarrak eta haien familiak.
Lehentasunez, orain eta denon artean ekarri behar ditugu etxera.