Xabier Enbeita Ibarra, Iomara Renteria Muniategi eta Aitziber Barandika Basaldua
Busturialdeko Sortu, Ernai eta LABen izenean

Jone Libre!

Orain dela bi urteko pankarta bat eusten ari zen makila batean zegoen prezintoak Jone Amezagaren hatz marka omen zeraman. Horren ondorioz Madrilen epaitu zuten. Madrilen!! Epaiketaren ebazpena errekurritu eta gorenak ebazpena berretsi zuen, froga bakarra ustezko hatz marka hori izanik. Urte t'erdiko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa!

Garai berriak bizi ditugu Euskal Herrian, bide horretan goaz behintzat, baina bistakoa da oztopoak eta zangotrabatzeak etengabe jarriko dizkigutela. Kartzelak hustu behar diren garaian bizi gara, kaleak jende librez bete behar diren garaian. Ez da ulergarria, ez da onargarria gaur egun arrazoi politikoengatik inor espetxeratzerik. Eta bai, arrazoi politikoengatik diogu argi daukagulako Jone Amezagari ezarritako zigor horrek ez daukala zer ikusirik pankarta horrekin, ez daukala zer ikusirik hatz marka horrekin. Ezarri dioten zigorra gazte mugimenduan egiten duen lana ezkutatzeko ahalegina baino ez da, atzetik datozen belaunaldi berriei adierazteko Joneren bideak ondorioak dituela. Begi bistakoa da batzuk ez dutela nahi gazteria konprometiturik, gazteria aktiborik, gazteria bizirik. Agintean daudenek ez dutela nahi euren politika zalantzan jarriko dien herritarrik eta are gutxiago gazterik.

Baina ez dute euskal gazteria geratzerik lortuko. Aurreko agintariak ere saiatu dira. Euskal Herrian ezaguna da gazteen aurka erabilitako estrategia eta neurri berean ezaguna da gazteriak eraso guzti horien aurrean erakutsi duen gaitasuna. Joneren aurkako bide honetatik ere ez dute lortuko gure etorkizuna erabakitzeko daukagun determinazioa gelditzerik.

Jone Amezagak beraren lan militantea Gernika-Lumon burutzen du batez ere. Gernikan! Historiako parte garrantzitsua euskaldunontzat. Esanahi handiko herria munduarentzat. Ez da erreza testuinguru horretan gertatzen ari dan guztia ulertzea.

77 urte dira Gernika bonbakatu zutena. Kanpotik zetozen hegazkinek bonbakatu gintuzten. Halan kontatu digute amesgaizto hori bizi zutenek. Oraingoan baina, ez dira kanpokoak, ustez etxekoak dira bidegabekeria honen erantzule. Zein interes dauka Ertzaintzak prozesu guzti hau aurrera eramateko? Epaiketan deklaratu zuten ertzainek argi eta garbi erakutsi zuten Jonerenganako zeukaten amorrua. Baina, prozedura guztia azkartzeko egin duten ahalegina eta epaileak “bilatze eta atxilotze” agindua eman dezan erabili duten ez-ohiko bideak zeri erantzuten dio? EAJk ez al dauka ezer esateko honen inguruan? Hori al da nahi duten polizia integrala? Euren erabaki politikoa ote da Jone kartzelaratzea?

Konponbide garaia da. Bide horretan denok eman behar dugu guretik eta bistakoa denez EAJk etxeko lan dezente dauka oraindik. Ez dugu uste gazteen kriminalizazioan sakontzeko garaia denik, ez dugu uste bide polizialaren garaia denik. Politikaren garaia da, herriaren garaia da.

Jone, Benito Lertxundik “zure askatasunagatik borrokatzen banaiz, kantatzen badut/ ez dut maite zaitudalako kantatzen/ ez eta zure malkoak xukatzeagatik. Zoriontsu, libro, behar zaitudalako baizik,/ zure askatasunean, zure zorionean nerea ikusten dudalako” abesten zuen. Geu ere berdinean gaude, maite zaitugu, baina ez gabiltza zeure alde maite zaitugulako. Herri hau jende askez eraiki behar dugulako gabiltza, zeu barne, zeu zabiltzan moduan. Herri honetan jende asko dago aske izaten uzten ez diotena, herriari berari ez diote aske izaten uzten, baina alperrik dabiltza. Kartzelak hustuko ditugu eta kaleak laranja librez jantziko ditugu. Herri honek aske amesten du, uzten ez badiote ere aske izango da. Zeure askatasunean geure askatasuna ikusten dugulako, zeure askatasunean herriaren askatasuna ikusten dugulako... Jone Libre.

Search