Bakartxo Tejeria Otermin
Eusko Legebiltzarreko presidentea

Juan Jose Pujana, agur eta ohore

Juan José Pujanak herri honetan sinistu zuen, maite izan zuen eta beragatik lan egin zuen, bere berreraikuntzagatik eta askatasunagatik.

Juan Jose Pujana izan zen Eusko Legebiltzarreko lehen presidentea, Eusko Legebiltzarraren sorreran izan zen. Berak jarri zituen euskaldunen subiranotasunaren gordailu den erakundea eraikitzeko oinarriak,  fisikoak eta demokratikoak. Legebiltzarraren eraikuntzaren benetako giltzarria izan da.

Bere belaunaldiko gizon-emakumeek jakin bazekiten historia egiten ari zirela. «Borroka, gudu, erailketa, zapalketa, indarkeria hutsez agertzen dan mundu erotu honetan Parlamentu berri bat eratzea ez da edozelako gauza. Itxaropen-garrasi bat dela esango nuke. Europako herri zaharrenak, erasotuenak, menperatuenak, bere  nahiez,  bere  aginduz,  Parlamentu  hau  eraikitzen  du, demokrazian bizi nahi duelako, berdintasunean iraun nahi duelako, justizian laketu nahi duelako. Euskal Herria bere errautsetatik berpizten ari da», esan  zuen Pujanak Eusko Legebiltzarraren lehen legebiltzarburu izendatu berritan. Hitz horiek ezin baino hobeto adierazten dute belaunaldi hari egokitu zitzaion une historikoa. Berari esatea gustatzen zitzaion moduan, «lehen aldiz historian, zazpi euskal lurraldeetatik hiru Parlamentu berean ordezkatuta dira».

Diktaduratik ateratzen ari zen eta herria suntsituta zegoen; herria egituratzea eta zutik jartzea lortu zuten; gaur egungo autogobernua eta gure buruaren jabe izateko aukera ematen diguten erakundeak egituratu zituzten.

Benetan zirraragarria gertatzen zen bere ahotik entzutea zein ilusioz eta erantzukizunez hartu zuten euskal Ganbera legegilea abian jartzeko agindu hura.  Eta Pujanak, bere baitan, ardura bikoitza izan zuen, erakundearen antolaketa eta Gasteizko gure egoitza legebiltzarra bilakatzea.

Pujanak berezkoa izan zuen solemnitatea eta Legebiltzarrak berarengandik ikasi zuen eztabaidetako seriotasuna, soiltasuna eta Ganberaren Erregelamendua ditugu herentzia horren lekuko. Legebiltzarreko atal desberdinetatik egindako edozein ibilbide  bere legatuaren fede ematen du: Ganberaren buru den Izaro, Eusko Legebiltzarraren ikurra; Osoko Bilkuren aretoaren diseinua, lurraren arrasean, «herri mailan egin behar delako legea»; liburutegia, liburuekiko zuen maitasunaren isla; artelanak, bere kultura itzelaren erakusle; egoitza eraikitzeko erabili ziren euskal erroko materialak... Guztiak dakarkigu gogora Juan Jose Pujana, bera baitugu Legebiltzarraren oinarrian.

Eta horrekin batera, Pujana euskaltzale sutsua izan zen; jakintsua jakintsuen artean, bere jakituria eta lan ona beti partekatzeko prest. Arlo pertsonalean, esan behar dut bere laguntza eta lankidetza eskaini zizkidala presidente hautatu bezain laster, beti lagun eta laguntza emateko prest sentitu izan dut.

Juan José Pujanak herri honetan sinistu zuen, maite izan zuen eta beragatik lan egin zuen, bere berreraikuntzagatik eta askatasunagatik; konfiantza eta maitasun hori bide eta belaunaldi bikain horretako gizon-emakume askoren ahalegin horri esker, gaur egun garenak gara. Pujana belaunaldi errepikaezin baten adierazle garbi eta zintzoa izan da, Euskadiren eta askatasunaren alde lan egin zuen belaunaldi batena.


Juan Jose Pujana izan dugu Eusko Legebiltzarreko lehen presidentea eta bere ondarea gurean dirau, betirako. Agur eta ohore.

Search