Koldo Tellitu
Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Kale?

Herenegun GARAn plazaratutako Eskola Publikoaren Aldeko Plataformaren idatziari erantzuten dio artikuluak.

Iazko ikasturtean atzerritar jatorriko 4.314 ikasle matrikulatu ziren epez kanpo. Horietatik 250 inguru ikastoletara bideratu zituzten Eskolatze Batzordeek, Hezkuntza Sisteman dugun pisuaren arabera 650 inguru bazegozkigun ere. Esan behar diguzue hori ez dela arrazoi nagusi bat ikastoletan legozkigukeenak baino jatorri horretako ikasle gutxiago edukitzeko?

Orain arteko politika ez da zuzena izan. EAEko administrazioak ikasle hauek matrikulazio zailtasunak zituzten ikastetxeetara bideratu ditu, eta ez du kontuan hartu sare eta eskolen arteko oreka; aitzitik, desorekatu egin ditu. Guk eskolatze batzordeetan hezkuntzako eragile guztiek parte hartzea proposatzeaz gain (zuek ere proposatu zenuten 2016ko manifestuan), gaur egun erabiltzen dituzten irizpideak aldatzea ere eskatu dugu (hau ere proposatu zenuten).

Gelak «gotortzen» ditugula leporatu diguzue, matrikula biziko ikasleak ez hartzeko xedearekin. Gustatuko litzaiguke matrikulazio garaian gela guztiak betetzea, baina ez da horrela, eta horrela izango balitz ere, eta diozuen xedea izango bagenu ere –salaketa faltsu eta iraingarria da– behartuta geundeke legez jarriak dauden matrikulazio kanpainaz kanpoko gelako bina ikasle hartzera. Hori bai, ez diogu uko egingo ikastolan matrikulatu nahi duten guztiei ateak irekitzeari. Era berean, ez diegu aterik itxiko matrikulazio kanpainatik kanpo gurera etorri nahi dutenei, edo gurera bideratzen dituztenei.

Kuotak atzerritar jatorriko ikasleei edo baliabide urriko familiei ateak ixteko erabiltzen ditugula leporatu diguzue. Agerraldian esan genuen aitortzen dugula kuotak oztopo izatea baliabide urriko familientzat. Baina, era berean, adierazi genuen kuotak ez direla eragozpen izango gurean matrikulatzeko, orain ere ez diren moduan, eta administrazioak bere betebeharra betetzen ez duen bitartean, ikastoletan betiko beka sistema propioa mantendu, berritu eta indartuko dugula. Alegia, kuotak ordaindu ezin dituen edozein familia beste familien laguntzari esker mantenduko dela gure ikastoletan. Hau ez da karitatea, gizarte ekintza baizik.

Ez da egia diru publikoz finantzatuta gaudela ehuneko ehunean. Eskola Kontseiluaren azken txostenak dioen bezala –erakunde horretatik kanpo utzi gaituzte berriro ere–, itunek irakaskuntzaren %66 estaltzen dute gure ikastoletan, eta gurasoen ekarpenek %21. Ikastolok hezkuntzaren doakotasunaren defendatzaile sutsuak gara. Baina baldintza hauetan ezinezkoa zaigu familia bazkideen diru sarrerarik gabe irautea.

Atzerritar jatorriko ikasleak hartzearen truke dirua eskatzen ari garela leporatu diguzue. 20 milioi euro eskatu ditugula itunpeko sarearentzat. Prentsa oharrean oker ageri zen, baina prentsaurrekoan argi esan genuen hezkuntza sistema osoarentzat ari ginela eskatzen, eta horrela ageri da gure webgunean egun horretatik bertatik. Ez al zarete bada zuek ere eskatzen ari baliabide gehiago, baita diru gehiago ere?

Gure kontuak lausoak direla ere badiozue. Ikastolok kooperatiba gara, eta gure kontuak bazkide guztiek ezagutzen dituzte. Ezagutu bakarrik ez, beraiek onartzen dituzte aurrekontuak eta balantzeak. Era berean, auditoriak egiten ditugu urtero, eta kontu horiek guztiak Erregistroan daude. Kontu gardenak izatea gure nortasunaren oinarrizko printzipio bat da.

Hizkuntza ereduen gainean xehetasunetan ez sartzea leporatu diguzue, guk proposamen argi bat egin dugunean: ezinbestekoa da hizkuntza ereduak desagertzea eta murgiltze eredua ezartzea, gure ikasleek Hezkuntza Sailak bere proposamenean jaso dituen euskarazko gaitasun mailak lortzeko (gutxienez B2 DBH amaitzerakoan, eta gutxienez C1 Batxilerra amaitzean). Ezin dugu ahaztu atzerriko jatorria duten ikasleak gizarteratzeko eginbidean hizkuntza ereduen sistema hautespen eta baztertze bidea bihurtu izan dela. Araban, iazko ikasturtean, epez kanpo atzerritar jatorriko 956 ikasle matrikulatu ziren; heren bat A ereduan, heren bat B ereduan eta beste heren bat D ereduan. Horrek hizkuntza segregazioa betikotzen du.

Urbanismoaz diogu hezkuntza eragileok gutxi egin dezakegula, arlo politiko orokorrean hartu behar direlako erabakiak hiriguneetan ghettoak ez sortzeko. Hala ere, hori ezin bada ekidin, bi neurri hartu beharko lituzke Hezkuntza Sailak: 1) Eremu horietan dauden ikastetxeen arteko orekari eustea; 2) Integratzeko politikak ezartzeko behar diren baliabideak eskaintzea ikastetxe horiei. Zuen plataformatik ere eskaera horiek egin dituzue.

Hezkuntza lege berri bat eskatzen ari gara, bai, egungoak hezkuntza sistemaren erdia bakarrik biltzen duelako, zaharkitua dagoelako, ez dielako erantzuten etorkizuneko erronkei eta publiko/pribatu dikotomia faltsua alboratu behar delako hezkuntza zerbitzu publikotik abiatuta. Guk proposatzen dugun legea ez da Jaurlaritzarena; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastola guztien artean landu genuen iaz. Proposamen hori publikoa da.

Gatozen harira gu ere, zuek aipatzen duzuen azkeneko puntura, azken batean horixe baitzen zuen artikuluaren funtsa. Geure buruaz beste egiteko proposatu diguzue, desagertzeko, gaur egun indarrean dugun sistema publiko jakobino eta espainolistan diluitzeko Jaurlaritzaren eskuzabaltasunarekin… gurea gainetik kenduta, «benetako» batailari, kristau eskolen aurkakoari, heltzeko aukera izango duzue eta.

Lasai bego Jaurlaritza, ez dugu-eta suizidiorako gonbit hori onartzen. Aukera hori proposatzeak aditzera ematen du erakunde publikoei lotutako publikotasunaren ikuspegi hertsia, herri honetako herri mugimenduenganako errespetu falta, auzolanari begirunerik eza, kooperatibenganako mespretxua, erakunde publikoetatik at egiten den herrigintzarenganako herra, «Euskal erditik» begirako ikuspegia… edo, sinpleki, berea defenditzeko itsukeria hutsean, etsai bat asmatu beharra.

Segregazioaz, inklusioaz, murgiltze ereduaz, hezkuntza legeaz, publikotasunaz… gai horiez guztiez eztabaidatu eta akordioak lortu beharrean gaude hezkuntza eragileok, agintari eta hautetsiok; guretzat lehentasuna du Euskal Herriko hezkuntza sistemaren gaineko eztabaidak.

Search