Josu Juaristi
GAUR8

Kanpo Ekintzako Europako Zerbitzua, teorian

Lisboako Itunak aurkeztu zituen berrikuntzen artean, aipagarrienetakoa Kanpo Ekintzako Europako Zerbitzua izan zen. Buruan Catherine Ashton britainiarra jarri zuten eta kargua «betetzeko» eta «osatzeko» eskatu zioten, Europar Batasunak oraindik egiazko kanpo eta segurtasun politika komunik ez duela jakinda.

Besteak beste, jakina, hogeita zortzi estatu kide dituelako eta, kasu askotan eta askotan, bakoitzak bere interes propioak dituelako eremu honetan. Ez denetan, jakina. Eta kanpo politika nazioarteko harremanak baino askoz gehiago dela ahaztu gabe. Catherine Ashtonen lehenengo urteak oso profil baxukoak izan dira, batez ere bera ere horrelakoxea delako, oso profil apalekoa. Bere aurretik kargu horretan, edo antzeko karguan, egon zena Javier Solana izan zen eta hark, itxuraz, askoz aktiboagoa zirudien. Izaera kontua zen haren kasuan ere; Ashton diskretoagoa; Solana hiperaktiboa, protagonistagoa. Bakoitza bere bertuteekin eta, dudarik gabe, miseriekin.

Azkenaldi honetan, ordea, Ashtonekiko pertzepzioa dezente hobetu da Europar Batasunean. Alde batetik, pragmatikoagoa delako (orain ba omen daki zeintzuk diren galduko dituen borrokak eta horietan ez da sartzen) eta, bestetik, bere amaierara iristen ari delako. Datorren urtean utziko du kargua eta ez dela aurkeztuko aurreratu du dagoeneko.Eta gauza jakina da norbaitek alde egin behar duenean, normalean, berarekiko jarrera gozatu egiten dela.

Honetaz aparte, Ashton oso aproposa izan da, beti (bere karguagatik eta duen profilagatik), egurrerako. Europar Batasunak ez duela ezer egiten ez dakit nongo nazioarteko krisian? Ashtonen kulpa. Errua, ordea, ia inoiz ez da berea bakarrik. Catherine Ashtonen funtzioak Europar Batasunaren beraren inkapazidadean baitu muga.

Europar Batasuneko estatu kideek ere, sarritan, Catherine Ashton parapeto gisa hartu dute. Kanpo eta segurtasun politikan estatu kideek duten subiranotasuna ia erabatekoa da, baina, hala ere, gabeziak eta gaizki egindakoak edo ez egindakoak ezkutatzeko Europar Batasuna hartu dute aitzakia moduan sarritan eta, esparru honetan, Europar Batasuna Ashtonekin identifikatu dute nahita, kritikak gainetik uxatzeko.

Orain, kargua uzteko urtebete inguru falta duenean, fase honetan egin beharreko txostena aurkeztu du. Bertan, Kanpo Ekintzako Europako Zerbitzuak dituen erronkak eta gabeziak nahiko ongi azaldu ditu britainiarrak, baina gomendio orokor eta abstraktuetan gelditu da, haratago joan gabe. Esan du, esate baterako, gastuak murrizteko Europar Batasun osoko kanpo ekintzako edo politikako egitura bildu egin behar dela, eta bilgune hori Kanpo Ekintzako Europako Zerbitzua dela; esan du, gainera, oraindik ez dauden herrialdeetan Europako Batasuneko ordezkaritzak (edo «enbaxadak») ireki behar direla eta estatuek mundu zabalean dituzten enbaxadekin eta kontsulatuekin askoz estuago egin beharko luketela lan Batasuneko ordezkaritzek; eta esan du, bukatzeko, bere funtzioa ere, bere kargua, berpentsatu egin beharko litzatekeela eta, agian, Goi Ordezkari ondokoak izendatu. Hau dena egiteko bide berriak eskatu ditu, imajinazioa.

Europar Batasunak mundu osoan izango balitu ordezkaritzak edo enbaxadak, estatu bakoitzarenak, teorian, soberan geratuko lirateke. Teorian, jakina: Kanpo Ekintzako Europako Zerbitzua Europako zerbitzu diplomatikoa (eta, beraz, komuna) izateko jaio zen, baina estatuen interesak Europaren interesen gainetik (oso gainetik) dauden bitartean eta europar izaera edota hiritartasuna bera hezkuntz (eta hizkuntz) sistemetan txertatzen ez den bitartean ez da horrelakorik izango. Hori guztia oso urruti dago gaur egun. Seguru asko, beren buruak europartzat omen dituzten agintariek beraiek ere ez dutelako horretan sinesten (eta, sinestuta ere, auskalo zertarako erabiliko luketen!). Lehenengo estatua, eta gero ere bai. Eta ez duenari ea zertarako nahi duen, Europan mugak desagertu badira. Hipokrisia handia dago. Azkenean, ibilita-ibilita, Ashton bera izango da txukunena…

Search