Karguen dantza hasi da Europar Batasunean
Krisia konponbidean jartzeko lanez lepo ibili behar zuenean, Europar Batasuna karguen dantzari begira egongo da, neurri handiegi batean, maiatza bitartean.
Uda gainean dugu eta Europar Batasuneko legealdia bukatutzat jo dezakegu, lasai asko. Europako Parlamentuak jai hartu du abuztuaren bukaera arte. Bat baino gehiago uztailaren 11tik oporretan izango da, 15eko astea zirkunskripziorako izan zelako, ofizialki. Etxeko lanak egiten ariko denik ere izango da, seguru, baina mugimendu gutxi dago Parlamentuko bulegoetan eta bilera geletan. Kontseilua bera ere «desagertutzat» jo dezakegu. Lanean ari den ia bakarra Lituaniako ordezkaritza da; urtea bukatu arte Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluen lehendakaritza zuzenduko du eta lehenengo aldia da zeregin hori tokatzen zaiola. Agenda aurretik erabakita dago, baina Kontseiluaren ur zakarretan mugitzen ikasi beharko dute lituaniarrek, eta agudo.
Europako Batzordea da, beharbada, besteak baino finago dabilena. Ohi bezala, zerbait gertatzen denean erreakzionatu egiten du adierazpen ofizial batekin (Galiziako tren istripu ikaragarriarekin gertatu den bezala), eta hortik aparte agendan zituen hainbat kontu bideratzen ari da, hala nola europar GPSari, arrantzari edota defentsari buruzkoak. Europar Batasuneko agenda ofizialean, dagoeneko, ez da ezer ageri abuztuaren 28a arte. Asteazken horretan eta ostegunean Europar Parlamentuko batzordeak lanean hasiko dira berriro. Europako Batzordearen «itzulera» irailaren 4rako iragarri da, Michel Barnier europar komisarioak banketxeei buruz emango duen prentsaurreko batekin. Irailaren 9an irekiko da udazkeneko lehen osoko bilkura Estrasburgon eta hortik aurrera COREPER batzordeak, Banku Zentrala eta denak jarriko dira martxan. Urtea erronka handirik gabe bukatuko da, hala ere, dena eta denak datorren urteari begira daudelako Europar Batasunean.
Datorren maiatzean Europako Parlamentua berritzeko hauteskundeak izango dira, eta horrekin batera Europako Batzordea ere berrituko da. Europar hauteskundeak irabazten dituen «familia» politikoak izango du Jose Manuel Durao Barrosoren ordezkoa izendatzeko aukera. Barrosok bi legealdi (hamar urte, beraz) beteko ditu Europako Batzordeko presidente bezala, eta berez jarraitu ahal izango balu ere inork ez du uste hori gertatuko denik. Bere funtzioa estatu handiek eskatu bezala bete du portugaldarrak eta beste norbaiten garaia iritsiko da. Azkenaldian, gainera, kimika gutxi izan du Berlingo agintariekin. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko lehendakariak datorren urtearen amaieran utziko du kargua (eta, esan duena betetzen badu, baita politika ere). Catherine Ashton kanpo harremanetarako goi ordezkariak ere Barrosorekin batera utziko du kargua.
Honekin batera, NATOren buruzagitzan ere aldaketa izango da datorren uztailean, Anders Fogh Rasmussenen agintaldia amaitzen denean. Kargu horiek guztiak, edo ia denak, Europako Parlamentuko lehendakariarena barne, «pakete» bat bezala kontsideratuko dira negoziazioetan. Europar hauteskundeetan gertatuko denak markatuko du, neurri handi batean, gainontzeko postuetan gertatuko dena. Ez dira bakarrik, beraz, Estrasburgoko Parlamentua erabakitzeko (irakurleak jakingo du, hala ere, benetako agintea ez dagoela postu horietan). Sozialdemokratek irabazten baldin badute, Martin Schulz izan daiteke Barrosoren ordezkoa. Eskuinak gordeko balu gehiengoa, auskalo, ez dago batere garbi. Barroso bera NATOra joan daitekeela aipatu du batek baino gehiagok, eta Ban Ki Moonen ordezko bezala ere jarri dute, baina horrek luze joko luke oraindik, Nazio Batuen Erakundeko idazkaritza nagusia 2017an berrituko baita. Zurrumurruak besterik ez dira, dena dela. Rasmussenek berak ere goi karguren bat hartuko omen luke gustura Europar Batasunean (fama ona zuen, negoziatzaile bezala, eta Van Rompuyren kargurako ezinbesteko baldintza da hori…). NATOrako, Barrosorekin lehian, Van Rompuyren alderdikide den De Crem egon daiteke. Ashton, seguru, etxera joango da.
Krisia konponbidean jartzeko lanez lepo ibili behar zuenean, Europar Batasuna karguen dantzari begira egongo da, neurri handiegi batean, maiatza bitartean.