Inaxio Mendizabal

Kataluniak irabazi du independentzia

Independentziaren aldeko ez den asko eta asko ere, oinarrizko eskubideak bortizki zapalduz ari den Estatuaren egiazko aurpegia ikusi duenean, erreferenduma egiteren alde jarri da, demokraziaren oinarriak errespeta daitezen esijituz, kaleak betez doan giza-mareara gehituz.

Nahi duena esango du Espainiako Gobernuak, nahi duena Konstituzio Espainola eskutan hartuta dabilenak, nahi duen guztia guadia zibilen buruak, edo berdin dio zer dioten egungo legalitatearen defendatzaile sutsuek, eta baita telebista eta irratietan ondo pagatutako tertuliano hitz-jario maltzurreko horiek. Horien esanak denak «pikutara» joanak dira eta «kontu zaharrak» dira dagoeneko Kataluniako herrialdeetan. Katalunian, kostata, baina lehertu da bizi berria. Planto esan dute! Ez daude Espainiaren agindupean bizitzen jarraitzeko! Ikusi egin behar da hango giroa!

Erreferendumaren bezperetan, azken asteburu honetan, geure buruak katalanen artean sentitu nahirik, Bartzelona aldera egin genuen eta han ikusi eta bizi izan duguna, ametsik ederrena baino, amestu ere ezin den egiazko errealitatearekin topo egiteko zoria izan dugula esan genezake. Bizitza osoan horrenbeste amestu eta borrokatutakoa, herri aske bateko herritar libreak izaten uzten ez digun Espainiaren egiturak hankaz gora botatzeko egin diren modu guztietako ahaleginen ondorioz, lehen zartadurak eta pitzadurak azaldu direnean, katalanak, lan isilaz ondo antolaturik eta oso elkarturik «aski da» esanez kalera atera dira eskuzabal, ukabila ere ez erabiltzeko esanez, hautesontziak jartzea eskatuz, herritarrek beraien etorkizunaz duten iritzi eta nahia azal dezaten eta herri bezala aurrera nola egin erabakia libre hartzeko aldarria ozen eginez.

Gainean dute mehatxua! Mehatxu, ez nolanahikoa. Estatu oso bat daukate aurrean. Indarra  erabiltzen bakarrik dakien Estatua. Bere barkua hondoratzen ari zaiola dakusan Estatua. Baina Estatu indartsua, armaz! Hautesontzietan botoa ez dela ematerik izango eta botorik eman ez dezaten edozer egiteko prest dagoela erakutsi duen Estatua daukate katalanek aurrean. Baina katalanak ez daude atzera egiteko! Erabakimena dago hor hartuta, eta Espainiarekin haustera doaz determinazio osoz. Uholdetan, ibaiak gainezka egiten duenean, urak aurrean hartzen duena aurrean eramaten duen bezala, eta urari ezin zaio aurre egin, gauza bera gertatzen da kaleak herritarrez gainezka egiten duenean. Hor ez dago pasatzerik.

Independentziaren aldeko ez den asko eta asko ere, oinarrizko eskubideak bortizki zapalduz ari den Estatuaren egiazko aurpegia ikusi duenean, erreferenduma egiteren alde jarri da, demokraziaren oinarriak errespeta daitezen esijituz, kaleak betez doan giza-mareara gehituz.

Larunbatean, Badalonan CUPek antolatuta egin zen ekitaldi politikoan Espainiako beste herrialdeetako solidaritza adierazteaz gain prozesu honen nondik norakoak eta aurrera begira kontuan izan beharrekoaz jardun zuten han mintzatu ziren politikari suharrek. Plazan entzulegoak pasio berarekin jarraitu zuen ekitaldia. Eta ikus-min haundia zegoen komunikabide ugariren aldetik.

Baina, herriaren pultsoa hartzeko aukera, igandean, Unibertsitate plazan, itxialdi iraunkorrean dauden unibertsitariei babesa emanez, Omnium eta ANCk antolatutako ekitaldiak eman zuen; emozioak astinduz, sekulan amestu ere ezin genuena bertan errealitate bihurtuta ikusteko eta bizitzeko zoriona eman zigulako. Hitzordua baino lehenagotik ikusten zen jendetza andana,  estelada bizkarrean edo makila baten puntan hartuta, plazaruntz zihoala; lurrean, kartoizko hautetsontziak edo paperetan aldarrikapenak margotuz, tailerrak bailiran, umeetatik aguretaraino, taldeka, familika, denak anaikiro. Dena prestatzen ekitaldi ilegal batetan aldarrikapen ilegalak egiteko. Berehala bete zen eta denak batera laster ekin zioten, ahots goraz, «bozkatu egingo dugu», «libre nahi dugu bizi» «guk erabaki nahi dugu gu nola bizi», «independentzia».

Hizlarietako bat Forcadell izan zen, Kataluniako Parlamentuko lehendakaria. Txalo zaparrada batekin hartu zuten. Lehen hitzak eskerrak emateko herritarrei, erasoen aurrean probokaziotan erori gabe duintasun haundiz demokraziaren oinarriak eta bertako instituzioak babesten orduak eta orduak eman dituztenei, estibadoreei gero, portuko langilei, kuartel gisa erabiltzeko milaka guardia zibil ekarri dituen ferriari hornikuntza lanik ez eskaintzea asanbladan erabaki dutelako; ikasleei, unibertstatea okupatu eta mobilizaziotan parte hartuz etorkizunari ateak irekitzeko kaleak berotzen ari direlako; baserritarrei, beren traktoreekin kataluniaren luza zabaleko herri ugaritan errepideak okupatuz ari direlako; gerogo etorriko zen txalo zaparradarik haundiena ekarriko zuen eskertza: hemengo Ertzaintza bezala hango Mossoak aipatu zituenean. Eskertu zuen, oraindaino erreferendumaren antolakundea eta mobilizazioak ez eragotzi izana eta herritarren eskubide eta segurtasuna bermatzeko egiten ari diren lan txukun eta eskerga.  Horrela jarraituko duten itxaropena duela Herriak, gehitu zuen. Oso irrifartsu zeuden eta hizketarako erabat irekiak. Edozeinek esplikatzen zuen nola iritxi diren puntu honetara. Eta jakitun dira edozein astakeria egiteko kapaz dela Estadua. Baina prest daude. Kartzelara eraman ditzaketela badakite. Eta ez bakarrik goi karguak… Isun haundiak jar diezaizkiekeela ere jakitun daude; baina, aldi berean erabat sinetsita daude hori dela bidea eta hau momentua, behingoz, estatuarekiko lotura guztiak apurtu eta bizitza libre, oparoago eta duinago bat irabaztear daudela. Eta sinesmen hori zertan oinarritzen duten oso era adierazgarrian erakutsi ziguten. Egunotan eman diren bi gertakizunetan errepartzen dute, honela adieraziz:
Bat- «Diada egunean, milioi bat lagun ginela diote. Gehiago ginen seguru, plaza hura eta inguruko kale guzti horiek horrela bete zirenean. Baina datu hori ez da horren garrantzitsua. Izango ginen milioi bat behintzat eta hori aski da. Gauza da, egun batzuk lehenago, atentatu odoltsu haren osteko manifa erraldoian okurritu ere ez zena, minutuko bateko isilaldia eskatzea, Diadako egunean eskatu zela. Erotzat jo genuen hori eskatu zuena. Baina denboraren kontagailua martxan jarri zutenean minutu bateko isilunea egiteko, hemen euli hotsa ere entzun egingo zatekeen. Hura ikaragarria izan zen! Begira, oraindik ere, zuei esaten ari natzaizue eta oilo ipurdia jartzen zait. Gorputza hotzikarakin dut hortaz oroitzen naizenean. Eta ni bezala denak! Hor ikusi zen herriaren borondatea eta disziplina».

BI- «Lehengoan, kargudunak atxilotu, eta Ekonomiako Sailburutzara guardia zibilak sartu zirenean, herritarrak lanak utzita bertara gerturatzen hasi ziren eta berehalakoan milaka eta milaka lagun elkartu ginen bertan, herri harresia eginaz eta guardia zibilei irteera itxiz. Mossoei eskatu zioten laguntza guardia zibilek handik ateratzeko eta ezin izan zuten biderik ireki. Lurrean zegoen lagun bat kentzen zuten momentuan lau etortzen ziren haren tokia hartzera. Orduak eta orduak eraman zituzten horrela. Orduan, egoerari irtenbide bat eman behar zitzaiola eta, ANCko (Asamblea Nacional Catalana) bi lagun ezagun jarri ziren mossoak ezin zuten lekuan, herritarren aurrean, guardia zibilak atera zitezen pasilu bat irekitzeko eskatuz. Eta, derrepente, han zeudenek, pasilua ireki zuten. Irudiak zabalduak daude eta ikusiak izango dituzue, seguraski. Gertaera honek garbi erakusten du herriak hartua duen determinazioa, eta herritar eta kargudun edo antolatzaileen arteko batasuna eta konfidantza. Gu hor gaude. Erabaki dugu eta prest gaude datorrena datorrela herri bezala gure eskubideen alde borrokatzeko. Hori bai, gure gorputzak jariko ditugu, baina ez dugu indarrik erabiliko. Gure indarra: batasuna, irrifarra eta kantua izango dira. Eta zuen laguntza. Espainiako beste herrialdeak ere espero dugu, gu honela ikusita, altzatuko zaretela, denon artean errazago botako dugulako usteltzen ari den (eta laster hilotz) mustro hori. Nazioartetik ere badator laguntza eta espero dugu eragile gehiago batuko dela apustu historiko honetara»
(eta honela amaitu zuen bi datu hauek kontatu zizkigunak).

«Gu bagoaz. Ea zuek ere laster irekitzen diozuen  beste frente bat. Betiko bide antzuetatik saiatuz jarraitzeak ez dauka inolako zentzurik».

Entzundakoa entzunda, hitzak sobera daude han. Hemendik dagokigu guri indar egitea, orain. Ez daukagu aukera txarra datorren larunbaterako berriro Biborako deitua dagoen deialdira joateko.

Han ikusiko garelakoan.

Besarkada bat katalanei eta mila esker emandako irakaspenengatik.

Search