Imanol Esnaola
Gaindegiako koordinatzailea

Koherentziatik lankidetzara

Egoera itxaropentsua dakar Ipar Euskal Herria lurralde entitate bakar batean biltzeko aukera nagusi izateak eta Nafarroa Garaiko gobernuan aldaketa gertatzeak, gainerako aldundi eta Jaurlaritzako nagusigo abertzalearekin batera, noski. Hamarkadetan ikusi ez dugun aukera zabaltzen zaigu lurralde eremu bakoitzak bizi dituen eguneroko arazoak auzoko lurraldeekin elkar hartu eta behar bezala bideratzeko.

Euskal Herria osatzen duten lurraldeak koherentzia handikoak direla sarri esan izan dugu Gaindegian. Koherentzia kontzeptuaren atzean lurraldeen arteko osagarritasuna aipatzen genuen; batetik, euskal lurraldeen arteko osagarritasunak tokian tokiko hainbat arazori konponbide eraginkorrak bilatzeko modua eskaintzen duelako, eta, bestetik, lankidetza txukun batek egun ezezagunak zaizkigun aukera berrien ateak zabaltzen dituelako.

Ukaezina da, eta azken hamarkadetako gorabehera sozial eta instituzionalak adibide, lankidetza epela, apala eta ia ikusezina izan dugula luzaroan. Askorentzat behar eta ezin bihurtu den lankidetza eremua hesituta izan dugu.

Orain, badirudi Ipar Euskal Herriak, herri elkargo bakar batean bilduta, mugakide dituen euskal lurraldeetako eragile eta instituzioekin lankidetza hitzarmenak sinatzeko aukera izango duela eta Iruñeko gobernuan ez direla egongo harreman oro eragotzi nahi izan dutenak.

Lankidetzaren zain dauden auzien eta aukeren zerrenda luzea egin daiteke, baina ekonomia eta gizartearen ikuspegitik begira jarrita, badira premia berezia duten zenbait, hala nola, enplegu egitasmo bateratuak. Mugako eremuetan bizi direnek enplegu bila ari direnean ondoko bailaran dauden aukeren   berri izan behar lukete. Gauza bera esan daiteke lanerako formakuntzarekin, dela gazteentzat zein langabeentzat.
 
Enpresen arteko lankidetzak ere antzeko premiak ditu. Nafarroa Garai eta gainerako euskal lurraldeen artean harreman ekonomiko sendoak daude, baina gero eta ahulagoak segregazio instituzionalaren eraginez. Gipuzkoa eta Lapurdiren artean abian den Bihartean egitasmoaren modukoa beharko litzateke Hegoaldeko herrialdeen artean, lurraldeen arteko merkataritza ganbera bat bateko eta besteko enpresek elkar ezagutu eta elkarrekin lan egin dezaten. Antzekoak esan daitezke hedabideen arloan, arlo akademikoan, kulturan, aisialdian. Beharrak handiak dira, oztopoak ere bai.

Baina harreman sektorial zailez gain, baditugu izaera komuneko lurraldeak, politika asimetriko eta dibergentez kudeatuak eta bultzada beharrean direnak. Baiona-Donostia euro-hiria izan daiteke Gipuzkoa-Lapurdi harremanetan Herri Elkargo berriaren sorrerak haizatu dezakeen egitasmoetako bat. Enplegu zein lanbide heziketan premia agerikoa da. Ez da ulertzen «euro-hiria» osatu eta formaziorako zein lanerako espazio gero eta sendoagoa ez izatea. Enpleguaz gain, beste hamaika premia ere badira.

Halaber, hortxe dugu euskal Pirinioetako problematika, hego zein ipar, dela biztanle galeraren aurka, dela zerbitzu publikoen antolaketa eskuragarri baten alde. Bailaren arteko lankidetza ekonomiko edo kulturalean eginkizun handiak daude, Udalbiltzak adierazi bezala. Gai izango ote ginateke «Euskal Pirinioetako euro-erregioa» formalizatu eta ikuspegi bateratuz jokatzeko hemen eta Europan? Horretarako eta beste hainbat lanetarako beharrezkoa litzateke Euskadi-Akitania-Nafarroa lankidetza hitzarmena berritzea.

Mugako eskualdeen lankidetza aipatzen hasita, hortxe dugu Sakanaren kasua ere. Gipuzkoako Goierri eta Sakanaren artean garapen industrialerako eta formakuntzarako egitasmo komunak abian jar daitezke edo Estellerria eta Arabako hegoaldeko eskualdeen artean, Bidasoa ibaiaren inguruko eskualdeen artean. Ohar bedi irakurlea zeinen kaltegarria izan den Nafarroan ezarritako erregimenak mugako gainerako euskal lurraldeekiko ezarritako segregazioa.

Lankidetza behar gorria duten gaiak ez dira falta. Ongi kudeatzen asmatuz gero, ordea, tokian tokiko pertsona eta organizazioek euskal lankidetza esparru eraginkor baten onurak ezagutuz egitasmoak behetik gora etorriko dira. Lankidetza ala bazterketa hautuaren artean, zalantzarik gabe, lankidetza da bidea, euskal lurralde eta sektore mugakideen arteko lankidetza, ezinbestean bertako instituzio nagusiek bultzatu beharrekoa, urrats legal, normatibo, programatiko eta presupuestarioen bitartez.

Ziur aski, ez dira oztopoak eta barneratutako beldurraren paralisiak faltako lankidetza eraginkorra abian jartzeko. Urteetako lana izango da instituzio nagusietako legeak, araudiak, metodologiak, irizpideak, baliabideak… lankidetzaren alde baikor jartzeko. Baina hasi beharra dago, aukerak sortuz, kezkak eta ezjakintasunak uxatuz, joera indartsua bihurtuz. Elkarrekin bizitzeko grina nagusi dela ikusi eta ikusarazteko bide bakarra da. Lau urte barru horren ebaluazioa ere egin beharko dugu. Hots, egoera instituzional berrian buruzagiak aldatzeaz gain, euskal lankidetzarako dinamikak nola aldatzen hasi diren.

Gazteei egokituko zaie, ziur aski, aldaketa haizeak hartuta lankidetza bide berriak neke handiz urratzea, herri honek «euskal lankidetza» behar duela esateaz gain lankidetza gauzatzeko aukerak eta gogoa dagoela demostratzea. Baina, denoi dagokigu, nori bere neurrian, garai berri honetan euskal lurraldeen arteko lankidetza baikorra hauspotzea, beste garai bat has dadin. Baiona eta Iruñearen arteko ahaidetasunak sanferminetan erakutsitako bidea ez da txarra.

Search