Idazlea
Kolonizaziorik ez

Orduan, makineria sofistikatu bat dauka: «ez-jakitearen industria», norbaitek deitu bezala. Inguruan ditugun hedabide nagusiek, entzun-ikusizko gehien- gehienek, gure pentsamendua eta adorea suntsitzea dute helburu

12/02/2020

Ez noa kolonizazio politiko-ekonomikoaz hitz egitera, baizik eta kulturalaz. Kapitalismoak badaki –ondo jakin ere– jendeon joko-zelaiak elkarren kontra jartzen, jendarte xumea banantzen, eta talde batzuk besteen aurka jartzen. Horretarako erabiltzen duen tresna nagusia, armetara jo beharrik ez duenean, gure ezjakintasuna da. Zer gertatzen zaigun eta zein egoeratan gauden ez jakitea.

Orduan, makineria sofistikatu bat dauka: «ez-jakitearen industria», norbaitek deitu bezala. Inguruan ditugun hedabide nagusiek, entzun-ikusizko gehien-gehienek, gure pentsamendua eta adorea suntsitzea dute helburu, ez baitago ezjakina engainatzea baino gauza errazagorik.

Elkarren kontra jartzea lortu arte. Lanik ez duena, ustez bere lanpostua izan beharko lukeena beste norbaitek kentzen diolako –kontua are larriagoa da kanpotik etorria bada–; talde batek grebara deitzen badu, besteek abstentziora jotzea da gertatu ohi dena, eta hala doaz gauzak.

Bestalde, lan prekarioa dutenak –gero eta jende gehiago– esklabismo zerrenda luze bateko bezero bihurtu dira; soldata miserableez gain, kaleratuak izateko mehatxupean beti. Zaila, horrela, ezertara mugitzea. Ondorioz, jendartea banatuta eta gorputzez nahiz buruz kolonizatuta dauka sistemak, estatuak, kapitalismoak... berauek ongi antolatua eta olioztatua daukaten ez-jakite industriaz baliaturik; eta ez da urruti joan behar makinistak non dauden jakiteko.

Piztu ETB, gure txoria. «Baskoniako historia bat» entzungo duzu, eta horren barruan «Euskalduntze berantiarra». Ez dakit jarraitzen duten, baina izango zenuen aukera franko «zelta-berrien» saioren batekin topo egiteko. Hots, hemengo euskaldunok zeltak izan ginela entzungo zenuen behin eta berriro; edo harri eta zur geratu edota mezu hori irensten amaituko du jendeak. Ez bururik ez hankarik ez duen arren: hemen zeltak omen ginen lasai asko bizitzen, harik eta nortzuek eta euskaldunek inbaditu gintuzten arte, Nafarroatik etorrita. Euskaldunek inbadituta geu! Desafio egiten diot edozeini hemen zeltek sortutako toponimo bat bera aurkez dezan.

Zer zuztar dauka zabor horrek? Martin Almagro-Gorbea nazionalista espainiar antieuskaldunak plazaratutako paranoia du zuztar. Ez dakit nik ETBko Zuzendaritzakoek eurek sinesten ote duten txitean-pitean jarri diguten programa horren mamia. Ba sinesten badute ere, denok ordaindutako hedabide publiko bateko profesionalak izanik, eskain bezate behintzat bestelako iritziren bat aurkezteko aukera. Izan ere, euskarari buruzko «historia» bakar horrek oraindik hortxe jarraitzen du EITBko atarian eskegita. Euskararen kaltetan, hori seguru. Izan ere, bien bitartean, gezur horiek ikastoletara heldu dira, testuliburu gisa, Anaya argitaletxearen eskutik. Onak gagoz gu.

Euskaldunak masokak ote gara behe laino artean? Egin dezagun zapping, beste alde batera begiratzeko.

Kolonizazioaren beste harribitxi bat Iruña-Veleiaren inguruan gertatu dena eta gertatzen ari dena daukagu, auzoen aurrean lotsaria emateko moduko historia. Mundu honetako nor izan daiteke, baina, kapaz, han agertu den guztia «inbentatu» eta faltsutzeko? Yaweh bera ere ez litzateke kapaz. Zentzu pixka bat. Lotsagarria da gure jarrera, eskuinarena bezainbeste ezkerrarena (eta ertainarena). Eta gure hedabideetan «gai tabua» da, antza denez. Mordaza Legeaz kexu, gero.

Ez dezagun galdu, baina, kolonizazioaren haria.

Katakrak argitaldariari esker, Gerda Lerner andere jakintsuak ‘‘La Creación del Patriarcado’’ oparitu zigun, duela pare bat urte. Den-dena aldatu zen, orduan, Sumeriako zigurat dorretik izarrak behatzeko ardura zeukan apaiz-emakumea apaiz-gizonezkoek egotzi zutenean. Geroztik, saldu, erosi eta sarritan bahitu ere egiten zituzten «ume-faktoria» gisa baliatzeko. Baina txarrena, dio Gerdak, emakumearen burua kolonizatzea izan zen: patriarkatuaren mezua barneratzea eta mezu propiorik ezin sortu izatea. Orain hasi dira pixka bat burua jasotzen, baina emakumeak inork baino gehiago daki kolonizazioaz.

Eta etorkinei buruz, zer? Mendebaldar txit zibilizatuok ustiatu, lapurtu eta suntsitu ditugun beren lurraldeetatik irten behar dute, senide eta lagun asko bidean utzita. Nola ez dute ba ulertuko kolonizazioarena? Gainera, euskararen iraupena ez du erabakiko etorkinak 200.000 edo 300.000 izateak. Ez luke erabakiko etorkin bat bera ere ez etortzeak.

Gure hizkuntzak ez du aurkituko bere larrua barne-indarrik ez badu. Zertan datzake barne-indar hori? Hor koska. Euskal kultura aberatsaz jabetu eta berau bultzatu eta jendartera zabaltzeak atera dezake aurrera gure hizkuntza.

Zeinen laguntzaz hedatu, baina, euskal kultura jendartera? Ez behintzat kolonizatzaileen laguntzaz. Ez dezagun ezer espero ente publiko eta unibertsitatetik, kasu. Geuk prestatu eta antolatu beharko dugu borroka, kultur guneak herriz herri eraikiz (kultur gune aktiboak kultur etxeetan?). Ondo daude euskararen aldeko aldarrikapen guztiak, korrika-k eta euskaraldiak, ondo baino hobeto. Baina benetako erronka gure kultura landu eta gizartera hedatzean datzala uste dut, ez-jakitearen industriari, hots, kolonizazioari aurre eginez. Hori bai, herri mugimendu guztiekin bat eginda.

Kolonizazioaren minak denok elkar gaitzake; kapitalismoak sistematik kanpoko edo esklabo bihurtutakoen mina nahiz gure hizkuntza suntsitzen dakusagunon samina. Kolonizazioak denok mintzen gaitu. Beraz, egonezin eta min guztiak batu, elkarrengana bildu eta oratu diezaiogun adarretatik zezenari: kolonizazioaren minbiziari. Horri guztiari «zapalkuntza» dei diezaiokegu, jakina. Hala ere, kapitalismoari hain zelai zabalean aurre egin ezin diogun bitartean, saia gaitezen alor konkretu batetik hasita haren azpia jaten: «kolonizaziorik ez» ozenki esanda.

Articles
Jonathan Martínez
23/02/2020
Eneritz Otamendi eta Mirene Begiristain
23/02/2020
Iñaki Egaña
22/02/2020
Alizia Iribarren eta Mertxe Mugika
22/02/2020
Letters
Iñaki Revuelta Lertxundi | Cantante
20/02/2020
Xabier Rodríguez y Nicolás Xamardo
19/02/2020
Manu Ballesteros
19/02/2020
Iraitz Lazkano Garitaonandia | Elgetako alkatea
18/02/2020
Latest posts
Koldo Campos
23/02/2020
Joseba Iturria
15/02/2020
Fito Rodriguez
11/02/2020