Iñaki Altuna
GAUR8

Kooperatiba baten krisia baino zerbait gehiago

Fagorren krisiak aztoratu egin gaitu, inoiz gertatuko ez diren albisteak izan badirela uste baitugu. Bertakoek ere, egunotan argitaratutako GARAko erreportaje batean bi kooperatibistek azaldu dutenez, betiko zutela lana uste zuten. Horrelako tamaina duen enpresa baten itxierak ekarriko dituen ondorioek, bere horretan, arreta osoa merezi badute ere, haragoko azterketak eta irakurketak egin daitezke, egin behar dira; kooperatibismoaz, oro har, eta baita Euskal Herrian errotu den krisiaz ere.

Etorkizunaz hitz egiteko ordua ere bada, eremu politikoan aldaketa ekarri eta egoera demokratikoa erdietsi nahi dutenek oso kontuan hartu behar baitute eredu ekonomiko eta soziala ere. Askatasun nazionala eta askatasun soziala txanpon beraren bi aldeak direla esan arren, maiz bi eremuak banatuta egon dira.

Fagor Etxetresnak enpresarekin geratutakoari dagokionean, kooperatibismoa ez, kooperatibismotik aldendu izana izan dela arazo uste du batek baino gehiagok. Hazkunde garaian neoliberalismoaren itzalpean errotutako zenbait axioma gehiegitxo indartu omen ziren; lehiakortasunaren eta globalizazioaren izenean tamainari emandako garrantzia, esate baterako. «Gero eta handiago egin, orduan eta gehiago galdu ditugu kooperatibismoaren ideiak», zioten aipatu GARAko erreportajean Fagorreko bi kidek. Nonbait, arazo nagusietako bat horixe izan daiteke, kooperatibismoa sistema kapitalistatik, sistema horren barruan egonda ere, gehien bereiz zezaketen ezaugarriak lausotu izana. Horrenbestez, euskal kooperatiben eredua ez dago baitezpada auzian, eredu horri emandako garapen desegokia baizik. Ez dira gutxi Fagorren krisia irakasgai garrantzitsua dela eta kooperatibismoak etorkizunera begirako hausnarketa egin behar duela diotenak.

Eredu ekonomikoa eta politikoa auzian

Krisi ekonomikoak kooperatibak ere kolpatu ditu, eta horrek egoera orokorra, nonahi, larria dela erakutsi du. Orain gutxi arte arazo ekonomikoetatik urrun ziren eskualdeak ere estutasunak etxe ataritik pasatzen ari direla nozitzen ari dira. Eta horrek guztiak erantzuna behar du. Sortuko Rufi Etxeberriak eskainitako azken elkarrizketan horrela nabarmentzen zuen: «Krisi ekonomikoari eta gure herriari zein herri sektorearen txirotzeari egiturazko erantzuna ematea –eredu berri bat osatzeko proposamen gaitasunarekin– benetako lehentasuna da».

Hausnarketak porrot egin duen eredua auzitan jartzera garamatza berriro ere. Eredu ekonomikoa, bistan da, eta baita eredu politikoa ere; burujabetza ezan eta menpekotasunean oinarritutako eredu politikoa, hain zuzen ere. Estatu espainoleko proiektuari kateatuta egoteak arazoak baizik ez dakartza, eta aterabiderik ez. Urteak generamatzan entzuten borroka armaturik gabe Euskal Herriak sekulako hazkunde ekonomikoa izango zuela, baina, antza, bai Euskal Herriak bai ekonomiak badituzte galga handiagoak, azken krisi basati honi erantzuteko ezintasunak argi bezain garbi azaltzen duen moduan. Eta galga eta galga ondokoak kentzeko, ardura politikoa, lidergoak eta herri babesa behar dira, arazo ekonomikoari eta gatazka politikoari heltzeko.

Ardura eta erantzukizuna eskatu behar zaizkie ereduan sinetsi eta berau kudeatu dutenei, baina ez dirudi horien erabakitasunez aldaketak, behar adineko sakontasunez, egingo direnik. Lidergo eta gehiengo politiko zein sozial berriak behar dira. Beharbada, ezker abertzaleak bere txostenetan aipatu izan duen «Independentziaren aldeko Herritarren Bloke Nazionala» abian jartzeko ordua ere iristen ari da, baina horretarako, jakina, zenbait eragilek urratsak eman beharko dituzte lehendabizi, burujabetza eta aldaketa sozialerako prozesuan konpromiso eta parte hartze zuzen-zuzena izateko. Aldaketa horren guztiaren alde egon behar luketen indar politiko, gizarte eragile eta sindikatu nagusiek bideak eta moduak adostu beharko lituzkete. Lehenik eta behin, elkarrekin ekiteko garaia iritsi ote den galdetu beharko liekete euren buruei. Erantzuna bistakoa da.

Search