Kortxoenea, eraldaketarako lanabes
Urtetako utzikeria ageri zuen Indianoene kaleko eraikuntza handi hark. Azken suteak erabat kaltetu zuen bere irudia. Ezlekua zen, hamarkadak lehenago kortxo fabrika izan zena.
Elkartu ziren auzoko gazteak, bat, bi, hiru, hamar, eta haien grinak aurrera eramateko gune fisiko baten beharra sentitu zuten. Haien buruak antolatuz espazio berria eraikiko zutela pentsatu eta non eta fabrika zaharrean topatuko zuten haien asmoa gauzatzeko aukera ezin hobea. Mundua eraldatzeari, kortxo fabrikatik ekingo zioten 2010eko ekainaren 26 hartan.
Auzolana izango zen lehenik. Garbiketa lan txanda amaigabeetan elkartuko ziren auzoko gazteak, traste zahar guztiak atera, erretako horma belztuak zuritu, zaborra zaborraren gainean pilatu, txukundu, edertu... Etsipenak jotzeko adina lan baina, gogoko aldapan nekerik ez.
Espazio hura gobernatu beharra helduko zen gero eta jarraian hasiko ziren ere lehen asanbladak, eta horiekin kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak, bilerak… Bizi berri bat ernaldu zen kortxo fabrika zaharrean: Kortxoenea. Espazio fisikoa bainoago, haren baitan biltzen duen bizitza baita Kortxoenea. Eta hori, lantegi zahar batean burutzen den eskaintza kulturala baino gehiago da. Amets fabrika bat da, hartu emanen faktoria, tailer politikoa, ideien laborategia. Eta eskola, bizitzarako eskola handia ere bada gaztetxea.
Hamaika talde eta egitasmok topatu du aterpea urteotan Kortxoenean. Askotariko pertsonen topaleku, ezberdinen arteko bilgune bilakatu den espazioan. Hamaika dinamika soziopolitikoren hauspo eta sorleku izan da Kortxoenea, hiriko herri mugimenduarentzat balio handiko lanabesa .
Filosofia propioak bizi du Kortxoenea eta gure jendarteak horren beharrezko dituen baloreak biziberritzen ditu: komunitatea, elkartasuna, horizontaltasuna, feminismoa. Talde lanaren marka du Kortxoenean egiten den orok. Kapitalismoaren logiketatik urrun, asmo eraldatzaileak mugitzen ditu bertako gogoak. Kortxoeneak ez du burtsan kotizatzen. Kortxoenea ez dago salgai.
Fabrika zaharraren lursail hura ordea, bai, badago salgai. Eta horrexegatik nahi dute Kortxoenea erauzi. Haien ereduan ez duelako tokirik, ez duelako zentzurik. Gauzen balioa eurotan soilik neurtzen dakitenei, hiria bizigune baino negozio dutenei, soberan zaie Kortxoenea. Eraikitako honen guztiaren balioa zero da haientzako.
Finean, Indianoene kaleko eraikinean jendarte eredua baita jokoan dagoena. Herria ulertu, antolatu eta eraikitzeko modu ezberdinen arteko hautua. Kortxoenea ala luxuzko etxebizitzak, horra paradoxa.
Jendarte eredu berri bat asmatu, eragin eta praktikan bizitzeko espazioa izan da Kortxoenea. Jendarte eraldaketarako lanabes kolektiboa. Horregatik, guk, orain artean bezala nahi dugu, bizirik.
Donostiatik jendarte hobeago baten alde lanean dihardugun eragile ezberdinetako kideok, Kortxoeneari gure babes osoa eman nahi diogu. Kortxoeneak guri eman digun bera, hain zuzen ere. Gure eragileek Kortxoeneako ateak parez pare zabalik topatu dituzte beti. Espazio hori partekatzeak gure arteko harremana sustatu du eta bidean elkar aritzeko aukera eskaini digu. Kortxoenea gehiago behar ditu Donostiak.
(*) ELA, LAB, CNT, Bilgune, Komite Internazionalista, AHTren aurkako Taldea, Stop Desahucios, 2016desokupatu, Libre-Eleak, EHS Aldizkaria, Patestina BDS, Ernai, EHBildu, Sortu, Irabazi, Podemos, Ezker Anitza, Equo, PCE-EPK, Ahora en Comun eta Antikapitalistak erakundeetako kide eta herritar hauek ere sinatzen dute: Oihana Etxebarrieta Legrand, Manoli Etxeberria Ramajo, Javier Bartolomé Mateo, Fernando Garate Elorza, Markos Gabilondo Irala, Maialen Briz Erdozia, Mikel Alvarez Forcada, Mikel Alonsa, Josean Sánchez, Joseba Alvarez Forcada, Ibon Artola, Julen Arregi Etxabe, Eneko Pontesta Urruzmendi, Axier Jaka Goikoetxea, Nuria Altzugarai Garcia, Amaia Martin, Loïc Alejandro, Pepe Pinto, Aitor Hurate, Xabier Pombo, Jon Aristizabal Aguirre,Jon Hernandez Hidalgo,Ignacio Arganda Carreras, Iñaki Temprano, Marisa Vazquez,
Maitane Huarte, Carmen Villar Carbonell, Joxe Piñas eta Victor Varela Pastoriza