Joseba Garmendia
Ekonomialaria

Lan harremanen zentralizazioa

Langileon lan baldintzak, orokorrean, legez eta negoziazio kolektiboaren bitartez zehaztu ohi dira. Euskal sindikatuek eta enpresarien elkarteek, hamarkadatan, sektoreka eta probintziaka negoziatu dituzte bertako langile gehienen lan harremanak. Zapaterok eta Rajoyk 2010ean eta 2012an egindako Langileen Estatutuaren aldaketen bitartez aukera ireki zieten Estatu mailako sindikatuei eta enpresari erakundeei probintzia mailako negoziazio sektorialak mugatzeko, eta baita debekatzeko ere. 2022ko urtarrilean Kongresuan eztabaidatu behar den Sanchez Gobernuaren erreformak negoziazio kolektiboa estatalizatzeko aukera bere horretan utzi du aldaketarik gabe. 2017an mendebaldeko euskal erkidegoan lau sindikatu nagusiek eta Confebask-ek adostu zuten EAEren Eremuko Negoziazio Kolektiboaren Egiturari Dagokion Lanbide Arteko Akordioa, zentralizazio prozesuari aurre egiteko. Bertan adierazten da bermatuko dela «EAEn sinatutako hitzarmenak eta akordioak aplikatzeko lehentasuna (…) Estatu mailako beste hitzarmen edo akordio ororen aurretik». Orain eztabaida da berme idatzi hori eraginkorra ote den, Confebask eta PSEk dioten moduan, edo euskal negoziazio eremua ez ote duen blindatzen, EAJ, EH Bildu, ELA eta LABek dioten moduan.

Lan harremanen arauketa Estatu zentralaren eskuduntza esklusiboa da, eta arlo horretako lege nagusia, Langileen Estatutua, Madrileko Kongresuan erabakitzen da. Araututako gaien artean sindikatuen eta enpresari elkarteen arteko negoziazio kolektiboa dago. Esparru horretan, legeak ezarritako mugen barnean, lan harremanaren xehetasunak adosten dira: soldatak, kategoria profesionalak, lanaldiak, kontratu motak, kaleratzeak…

Aste hauetan lan erreforma berri bat dago eztabaidagai. Legean jasotako negoziazio kolektiboa zentralizatzeko mekanismoak mantendu izanak kezka sortu du Hego Euskal Herrian, langileen kalterako baitira. Gure nazioan nagusi diren hitzarmen kolektiboak sektoreko probintzialak dira. Bertako indar korrelazioak, sindikalismoaren konfigurazioak eta estrategiak, egitura produktiboak eta gizartearen pentsamolde eta lerrokatze ideologikoak ahalbidetzen dute hitzarmen horietan lan baldintza hobeak jasotzea, Estatu mailan adosten diren sektoreko hitzarmenetan baino. Gure hitzarmen probintzialek hitzarmen estatalek baino soldata altuagoak, lanaldi laburragoak eta langileentzako berme gehiago jasotzen dituzte.

2010eko eta 2012ko lan erreformetan probintziako hitzarmen sektorialaren nagusitasuna murrizteko urratsak egin ziren. Merkatu batasuneranzko eta lan harremanen marko bakarreranzko norabidean, Estatu mailako negoziazio kolektiboaren atomizazioa, zatikatzea, desartikulazioa eta desberdintasunak leuntzea zen erabilitako argudioa. Helburua soldatetan eta lanaldietan dauden desberdintasunekin amaitzea omen zen, hau da, homogeneizazio prozesua, zentralizazio gogoa ezkutatzeko balio duen merkatu batasunaren falaziaren izenean. Esan gabe doa homogeneizazio prozesu hori gorantz edo beherantz gerta daitekeela. Estatu mailako indar korrelazioa edota sindikatuen indarra eta estrategiak apalagoak badira, nekez berdinduko dira soldatak eta bestelako baldintzak gorantz. Gainera, homogeneizazioaren aurkakoa da, ordura arte ez bezala, enpresa mailako hitzarmenei nagusitasuna ematea bestelako hitzarmenenen aurrean hainbat gai garrantzitsutan: soldatak, aparteko orduak, lan ordutegia, txandakako lanaren antolaketa eta ordainsaria, oporren plangintza, lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzeko neurriak... Horrek bai areagotzen dituela atomizazioa eta heterogeneitatea!

Aurreko bi erreformek ahalbidetu zuten Estatu mailako hitzarmenetan negoziazio kolektiboaren egitura arautzea. Erabakiz zein gairen inguruan Estatu azpiko eskaletan ezingo den negoziatu eta derrigorrez Estatu mailako hitzarmenak esaten duena aplikatu beharko den. Adibide bat, 2017ko Estatu mailako metaleko hitzarmen kolektiboak hainbat gai bereganatzen ditu esklusiboki: urteko gehieneko lanaldia, sektorearen negoziazioaren egitura, maila ezberdineko hitzarmenen arteko lehiaren inguruko arauak, lanbide prestakuntza eta kualifikazioa, laneko arriskuei aurrea hartzeko organo paritarioak arautzea eta prestakuntza programak… Bestalde, muturreko kasuetan, negoziazio kolektiboaren arauketak Estatu azpiko negoziazio eremua debekatu izan du. Adibide batekin hobeto ulertzen da. Honela dio saltoki handien, hipermerkatuen eta antzekoen lan baldintzak arautzen dituen Estatu mailako hitzarmen kolektiboak: «Los derechos y obligaciones derivados de las relaciones laborales (…) se regularán, por lo previsto en el Convenio como elemento homogeneizador de las condiciones de trabajo en el sector en todo el territorio nacional. En consecuencia, y al objeto de establecer para el ámbito de actuación del presente Convenio una estructura racional y homogénea, evitando los efectos de la desarticulación y dispersión, las partes legitimadas en el ámbito de aplicación del presente Convenio acuerdan que la estructura de la negociación colectiva en el sector de grandes almacenes quede integrada por esta unidad de negociación de ámbito estatal, con expresa exclusión de cualquier otra». Estatuko hitzarmen hori 2021. urtekoa da. Muturrera iritsi gabe, beste kasu batzuetan Estatu mailako baimena ezartzen da probintzian negoziazio markoa ireki ahal izateko. Arabako zahar egoitzen sektoreari, adibidez, ukatu egin zitzaion baimena. Antzeko debekuak gertatu dira 2017 ondoren kontserbak, segurtasun pribatua, prentsa, haragi industria, azukre industria eta hegazti etxaldeen sektoreetan. Horrek guztiak adierazten du 2017an EAEn sinaturiko Lanbide Arteko Akordioa ez dela nahikoa hemengo negoziazio kolektiborako ahalmena bermatzeko. Are gutxiago, gaia judizializatzen bada.

Search