Leire Etxaniz
Azpeitiko EH Bilduko zinegotzien izenean

Lapatx ixteko ordua da

Azpeitiko EAJ-PNVk Lapatxen itxieraren inguruan Azpeitiko alkateari galdetzeko asmoa agertu duela jakin dugu prentsa bidez. Azpeitiko EAJ-PNV bere agintarien interesen arabera ari da jokatzen, herriko interesak ahaztuta eta eztabaidak Udalbatzan planteatu beharrean prentsa bidez egiten. Azpeitiko EH Bilduren ustez, EAJ-PNVk Lapatx ixtea nahi badu, oso erraza dauka.

Hasieratik hastea hoberena. Notizia pozgarririk izan bada azken asteotan Gipuzkoan, errauskailua ez egitearena da. Pozgarria da, batetik, gure osasunean kalterik ez dugulako jasango. Eta bestetik, gipuzkoarrok 500 milioi euro aurreztuko ditugulako. Zentzugabeko proiektu erraldoi batean 500 milioi euro gastatzeari utziko diogulako; beraz, pozgarria gure poltsikoan (azpeitiarrenean ere) izango duen eraginagatik. Baina, albistea pozgarria da batez ere etorkizuneko hondakinen kudeaketa herritarrengan jartzen duelako, gakoa hor dago: birziklatzean.

EAJ-PNVk uste du azpeitiarrok elkartasunik gabeko herritarrak garela, eta arazoa konpontzeko edozein irtenbide onartuko dugula. Edozein. Berdin zaigula argia izateko Itziarren zentral nuklearra egotea, Donostiara errazago iristeko Izarraitz puskatzea edo errauskailua egitea Zestoan. Gure zilbor-hesteari soilik begiratzen diogula eta gurea bakarrik inporta zaigula. Eta berdin zaigula, adibidez, Zubietan errauskailua egitea. Eta azpeitiarrak kontradikzioetan harrapatuko gaituela horretan.

Guk argi dugu eta hasieratik esan dugu: errauskailuaren kontra gaude eta ez egitearekin gure hitza bete dugu. Eta argi esan dugu gure kaltea konpontzeko tamaina berdineko edo handiagoko kalte bat egin behar bada aldameneko herri batean ez dugula onartzen. Ezin da politika egin horrela, guk ez duguna nahi zergatik nahi dugu aldamenean? Gurea konpontzeko derrigorrezkoa al da aldameneko herritarrei kaltea egitea? Eta guk ez dugu nahi Azpeitian errauskailurik, zuek?

Guretzat kalte handirik gabeko alternatibak badaude, eta guztiaren gakoa birziklatzean dago. Baina ez gara gu Lapatxen itxierari trabak jartzen dizkiogunak. Harrigarria bada ere, ez gara gu: Gipuzkoako Batzar Nagusietan dago aukera, eman eta adostu dezala hondakinen azpiegiturak egiteko baimena Gipuzkoako EAJ-PNVk, defendatu dezala azpeitiar, zarauztar eta beasaindarren nahia. Apurtu dezala blokeoarekin. Adostu eta abian jarri azpiegitura berriak, ezin da izan errauskailua edo ezer ere ez planteamendua. Ezin da alde batetik blokeatu eta bestetik eskatu. Zuen esku dago, EAJren esku Lapatx ixtea.

Guk ez genuen zabortegia Azpeitian egitea erabaki. Eta gu ez ginen gobernatzen ari Lapatxekin jarraitzea erabaki zenean; zuek sinatu zenuten eperik gabeko akordioa Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarekin. Zuek sinatu zenuten akordioa. Ez ginen gu izan 2009. urtean Lapatx ixteko konpromisoa hartu ondoren zabortegia handitzen bukatu genuenak. Eta gu ez gara zabortegia handitzeko proiektuak zituztenak, aldameneko lurrak erosiz. Ez ginen gu, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarekin akordioa sinatu ondoren ere zabortegia handitzea pentsatzen ari ginenak. EAJ-PNV zen plan horiek zituena. Gu ez ginen izan Lapatx Azpeitiko Udaleko eskumenetik atera eta Urola Erdiko Mankomunitatean kokatu genuenak. Lapatx Mankomunitatearena da, bailarako beste herriena tartean, eta ez Azpeitiko Udalarena.

Gu ez gara izan Gipuzkoako Batzar Nagusietan erabaki gunea dagoela defendatu dugunak, guk herrietan erabaki behar dela defendatu dugu. Erabaki dezatela zuek eta zuen aliatuek blokeo gehiengoa duten Batzar Nagusiek.

Merkeak dira zuen bideak, denak balio du. Zaborraren kudeaketaren atzean «erosi eta bota» kultura dago, erabili eta ardura gabe bota. Zuen planteamendua berdina da, arduragabekeriaren planteamendua.

Hor dago gure gonbitea, desblokeatu egoera. Esan zuen alderdiari azpeitiarron interesak defendatzeko, badela ardura. Urte asko daramatzagula zabortegiarekin eta behar dugula irtenbide bat, errauskailu munstro hori ez den alternatiba bat. Eta beren esku dagoela. Eraiki ditzagun hondakinak kudeatzeko azpiegiturak (TMB, konpostagunea, biometa planta…) eta horrela zabortegia itxiko da.

Eta herritarrei, guri, dagokigula birziklatzea. Ondo egitea erraza da eta herri eredugarria izan gaitezke.
Jarri gaitezen denok jarri behar dugunean; benetan denok azpeitiar eta gipuzkoarren interesak defendatzen ari bagara, Lapatx itxi egingo da.

Search