Letrak, lehenak
Lehen letrek edozein eta hitz guztien lehen urratsak dira, esan nahi baita hitza baldintzatzen dutela. Ezin lehen letra ezberdinekin hitz bera idaztea, baina bai alderantziz ohikoa da hitz ezberdinek lehen letra beraz hastea. Idaztea, entzutea edota irakurtzea. Edo pentsatzea. Gaurkoan bi lehen letraz arituko naiz. Bi lehen letra hasierari heldu. Tabernaren izena bat, bertako langilearena bestea.
Lehengo tabernaren lehen letra «E» dugu eta «L» langilearena. Taberna txikia da, mahai gutxikoa, adeitsua, beti musika polita izaten duten horietakoa, kafe goxoa, pintxo egokiak. Etxetik hurbilena. «L» da langilearen izenaren lehen letra, emakumea, 50 urtetakoa gutxi gora behera, noiz eta norekin, eta zertaz, hitz egiten dakien pertsona. Argentinan jaioa eta gaztetan bere ama, aita eta anai arrebekin Gipuzkoako herri batetara bertaratua. Bere aita eta aitona-amona guda zibila bukatu bezain laster Argentinara abiatutakoak frankismotik ihes. Aitona Jose Antonio Agirre lehen Lehendakariaren esanetara ibilia «operazio berezitan», gudari ausarta, ezaguna oso bere garaitan. «L» oraindik gogoratzen da nola txikitan bidai luze baten ondoren famili osoa joaten zen han inguruko Euskal Etxera dantzariak ikustera eta txistularik entzutera bazkaltzera eseri aurretik. Taberna hutsik dagoenean edo bezero gutxi eta distraituak «L» eta ni hizketan aritzen gara gustura. «E» konfiantzazko taberna daukat.
Hurrengo tabernak ez du zerikusirik aurrekoarekin, «B» handia da oso, barrualde oso zabala dauka, baita terraza ere. Eguraldi txarra egiten duenetan barruan leiho irekien ondoan egunkaria lasai irakurtzeko egokia. Musikan Sabino eta Francisco ohikoenak. Beti La Sexta jarria. Pintxo pila bat, urdaiazpikokoak goxoenak. Kafe ona ere. Bere lau hormak gogoko ez ditudan irudiaz hornituta daude, bata bestearen pean, goian, edo aldamenean, torero famatu eta zezenketen irudiak hain zuzen. Irudi zaharberrituak. Emaztea eta alabak ez dira inoiz sartu, ezta sartuko ere, ez bada begiak itxita.
«D» da langileen jefea eta agian tabernaren nagusia ere, gizon txikia, ile oso beltza, guztiz kizkurra, grazi handikoa, berritsua, beti txantxetan, oihuka hitz egiten duten horietakoa. Ia garrasika. Aspalditxo koltxoi saltzaile izan omen zen, baina susmoa daukat bere beste txantxa bat ez ote den. Bere garaian TVn azaltzen zen Konstantino aurkezlearen itxura eta ahotsa omen dut errepikatzen dit behin eta berriro. «F» dugu hirugarrena, terrazarik gabe ez litzateke ia ezer izango. «R» nagusia, emakumea eta irakurle amorratua, antzeko gustuak ditugu zer eta noiz irakurtzeko orduan. Hizketan iaioa, gaztea, kultua, ahots polita eta indartsua, jenio bizia duelakoan nago.
«A» enparantza handi batean dago kokatua, umeentzat parke egokia, ume eta aitona-amonentzat. «A»-k terraza oso handia dauka, umeak jolasten, gurasoak zerbait hartzen. Ez naiz inoiz barruan egon, beti terrazan, ez dut atsegin «E» nagusia, gizona zerbitzari handi eta gizena, bezeroekin beti koipekeri merketan aritzen dena, hitz jario txatxua. Betidanik mesfidantza sortu izan didana, nahiz eta, egia esan, inoiz motiborik ez eman. «B» da bestea, gorriz kanpoko aldetik margotua, Donostia osoan leudekeen klasikoenetan klasikoena izan daitekeelakoan nago, terraza polita, barrualde erakargarria eta trasteleku edo almazen gisa antolatutako beheko solairuan oso zabalean komunak. Mota askotako gilda bikainak antolatzen dituzte. «A» nagusia, neska gazte, jatorra, euskaldun berri saiatua, gaztedia nagusi bezeroen artean, «A»-ren aita laguna daukat oso aspalditik.
«I» dugu azkena, estima handitan dut. Nafarrak, Iruinarrikoak, ama eta seme-alabak eramaten dute eguneroko lana, famili langilea. «P» da ama, Nafarroako amabirjina baten izen klasikoa Lizarra ingurukoa hain zuzen. Ama jubilatzear, nekatuta omen hainbeste lan egin ondoren eta ahotsa jaitsiaz, etsituta, aipatu zidan pena eta tristuraz seme-alabek ez omen dute jarraitzeko asmorik.
Lehen letrak. Izenak. Izanak. Direnak. Tabernak. Pertsonak.