Gontzal Mendibil
Abeslaria

Libreta edo maleta

Ezaguna egin zitzaigun Arizmendiarrietaren "Libreta edo maleta" slogana, eta Txinatik materiala ekartzeak zerbait esan nahi digu, edo bertan sortzen ditugu empresa berriak eta lan berriak eta honetarako kapitalaren beharra (libreta), edota gure semeak kanpora joan beharko dute (maleta).

Aurreko asteazkenean Arrasateko kooperatibak sortu zituen gizonaren jaiotzaren 105. urteurrena izan zen. Bizi dugun garai hau zaila baldin bada, ordukoa ere ez zen inondik inora erreza, Jose Maria Arizmendiarrieta jaio eta hiru urtera izurrite handi batek berrogei milioi hildako eraman zituen mundu osoan.

Oraingo pandemia honek, sufrikarioaz gain, beste era batean bizitzeko eredua ekarriko digulakoan, berreraikuntzaz hitzegiten den honetan, hala ere, eraikitzeak lehenik eta behin des-eraikitzea ekarri beharko luke, zeren, ezagutzen ditugun hildo bereko eraikuntzak eta modu beretsuan eginak egingo balira, agian, gutxi batzuen salbamendura eramango ginduzke baina ez guztionera, eta honen ondorioak jakin badakizkigu zeintzuk izan daitezkeen!

Sistema gehienen karentziak argi daude eta zein ereduri ekin eta zein izan daitekeen baliogarri, horixe benetako koska. Lehia eta Konpetentzia ezarririk dugun honetan, lankidetza eta bestearekin partekatzea ez da bat izango askoren buruetan, eta ezbairik gabe bakoitzak bereari ekingo dio, seguru. Bizitza ikasgarri eta ikasbeharreko badugu ere, oraingo tupustada honek gure pentsaerak eta egitekoak eraldatuko dituztela dioten arren, zoritxarrez, kontzientzien eraldaketa gauzarik eta zailena delakoan nago.

Hala ere, geroari begira, betiko lehian aritzea edota lankidetzan eta elkarlanean ekimenak burutzea, horixe genuke hartu beharreko norabidea. Argi dago norabideak, hartuko diren erabaki politikoen esku daudela eta hartzekotan zentzuzkoak izan beharko dutela. Ez genuke nahi berreraikuntza honetan, beti gertatu ohi den legez, makroekonomiak mikroekonomia irenstea eta frustraziopean jarraitzea. Gizatasun ezaren mundua, begibistakoa dugu eta geroa sustatzeko, ezinbestean, gogoeta egitea dagokigu.

Halaxe ba, lehian ari zaigun mundu hau lankidetzan beharko genuke jarri. Auzolanak deiturikoak, ezbeharrean aurkitzen zirenentzako, auzokideen askorentzako, laguntza estimagarria izan baitzen. Horren apostuaren adibidea izan da baita, halabeharrezko konfinamenduan, auzokoen artean ireki eta partekatu diren mezuak, kantuak, ilusioak eta saminak ere. Komunikabideetan ere, teknologi berriei esker, kantuak, poemak, bideoak biral egin dira. Hau guzti hau kontuan hartu beharko genuke eta egitura berriak ekintza horietara bultzatzea ez liteke ideia txarra izango.

Gure etorkizuna babestu nahi badugu, horrexek izan beharko luke guztion bete-beharra, herritarren arteko, nolabaiteko lankidetza, kooperazioa eta elkartasuna hedatzea. Baina esandakoaren arabera, egiazko eraldaketak kontzientziaren eraldatzea eskatzen du, zaila benetan, baina utopiak errealismoaren zentzutik joaten ez badira, jai dugu, eta ekintzetara bihurtzen ez diren hitzak ez dute inongo baliorik izango. Ametsak amets, noranzko bidea har lezakeen guzti honek laster jakingo dugu.

Goian aipatutako hauek, krisialdi eta gizatasun galbidetasun honetatik atera ahal izateko ez dira adibide txarrak, zeren, harreman estuko ohiturak egunerokotasunaren elkarkidetza du oinarri eta munduan zehar ontzat ematen ditugun sistema gehientsuak porrot egin dutelakoan, Arizmendiarrietaren hitzak ekarri gura nituzke honetara: «Nork hitzegin dezake ber-eraikitzeaz, herriaren zentzu moral guztiak lurperatzen baditugu? Inmoralitatea egunean-egunean dakusaguna da. Gaur, izurriterik handiena zentzu etikoaren galera dugu eta kontzientziaren eza klase guztietan dugu, goikoengan eta behekoengan, indarra eta boterea dutenengan eta jende umileengan. Zer balio digu eraikuntzak altsatzea, era berean kontzientziak lurperatzen baditugu? «Adimenak erakusten deusku bide bakotxak nora geruakazan, adimena zuzendari dugu gabiltzan berorren argi izpitan. Adimen ezagutzeaz pizten dan maite garrak, iraun dagian berogarri da-ta jarraibidean».

Etorkizunerako ibilbidean, gure etxea arautzeko eta gorpuzteko, Arizmendiarrietaren baloreak erreferentzia eta akuilua izan beharko lukete. Geure kulturaren senetik, bizikidetza eta ekimena sakontzeko eta besteen kultura onartuz geurearen berezitasuna eskeini eta landu asmoz, berak gopuztutako arauak eta baloreak besteei eta batez ere, gizarte berri honi, gaurko gazteei sinets-araztea, garenarekin liluratzea, guztiontzako litzateke mesedegarri, gehiengook ginateke onuradun, horixe beraz nahia eta helburua.

Bere hitzak gogoangarri: «Lanean edo lanerako ondo hornitzen ditugun gizonak dira gure herria askatu ta jasoko daben gudariak. Gizonen eta herriaren askatasun-egarri. Eta lana, bizibide, ikasbide, aurrera ekiteko afanaz, lanak emoten deusku dana». «Amak erakutsi eustan: Nondik lan, handik jan».«Eskuz esku, buruz buru, indar barriturik, lanaren bidez eraikitzen, lurrari bizia emonik. Gure lurralde estu honetan, danontzako dogu lekua gizabide bizigarriz, indarberrituta eta eraberrituta. Kidetasunik onenean, auzo, herri ta hiri, gizaki erdian dago alkartasuna. «Aurerra beti» Etorkizuna geugan dago-eta. danon eginkizunetan, inor ez da inoren otsein, jokabide berrietan gagoz, herriaren indarrez alkartasunean».

Munduko globalizazio horretara zabaldu gura dugun herrialde txiki bateko herritarrak izanik, arrazonamendu kulturalak eta sozialak bultzatzen dituen gunea dugu, gizakiaren berreskurapena, pentsakera zabal eta amankomunean oinarritutako egikeran, elkarrenganako beste hartueman sendoago baten jarduera izan duena. Ikuspegi pertsonal batetik, ikuspegi kooperatibo eta laguntzaile batera bideratu gintuen Jose Maria Arizmendiarrietak.

Ezaguna egin zitzaigun Arizmendiarrietaren "Libreta edo maleta" slogana, eta Txinatik materiala ekartzeak zerbait esan nahi digu, edo bertan sortzen ditugu empresa berriak eta lan berriak eta honetarako kapitalaren beharra (libreta), edota gure semeak kanpora joan beharko dute (maleta).

Arizmendiarrietarren ustez kapital soziala da zaindu eta landu beharrekoa eta era berean, guztion eskubideak errespeatzea. Ondorengo belaunaldientzat bere ideiak eta lana, inspirazio iturri izango dira. Hala biz, «libreta edo maleta».

Search