Liburuaren eguna eta ‘pirateria’
Apirilaren 23an ospatu zen, urtero legez, Liburuaren Eguna. Eta aurten ere ohiko datu-zaparrada jaso dugu: zein izan diren libururik salduenak han eta hemen, zenbat arrosa saldu diren Herrialde Katalanetan Sant Jordi-rena aitzakia gisa hartuta, zenbat liburu sinatu dituen hark eta besteak, zenbat igo edo jaitsi diren salmentak iaztik eta duela hamar urtetik hona, zenbat jende gerturatu den azoketara, horietatik zenbat ziren gazteak, liburu elektroniko edo digitalen kopurua eta irakurleen erantzuna eta... pirateria. Aurreikusi zitekeen esaldia zen: ‘pirateriak industria editorialaren pixkanakako heriotza dakar berarekin’.
Baina gaizki deitutako pirateria al da industria editorialaren benetako etsaia? Pirateria da sortzaile, editore eta irakurleen arteko harmonia apurtzen duena? Ez al dute idazle batzuk gehiago saltzen pirateriari esker? Pirateria errotik moztea al da liburu digitalen merkatua bizi eta iraunkor mantenduko lukeena? Ez, noski. Baina musikaren eta zinearen industriarekin gertatzen den bezalaxe, hori da sektore honetan ere zabaltzen den mezu nagusia, jakinik, aurrez, liburu digitalak ez duela paperaren lekua hartuko, elkarren osagarriak izango direla baizik. Eta nola izan osagarri, hori dela gakoa.
Zenbaki batzuk, egoera kokatzeko. Estatu Espainiarrean editorialen industriak 3.000 milioi euro mugitzen ditu urtean, BPGaren %0,7 eta 30.000 enplegu zuzen eta zeharkako sortzen ditu. 2012an, Estatu Espainiarrean, 88.349 titulu berrik ikusi uzten argia, 2011n baino %8 gutxiago, baina titulu horietatik %22 formatu digitalean argitaratu ziren, 2011n baino %13 gehiago. Titulu kopuruaren jaitsiera ulertzekoa da, editore pribatuek eta baita mota guztietako instituzio publikoek ere, gutxiago argitaratu dutelako. Eta formatu digitalean argitaratzen diren liburuak gero eta gehiago izatea ere normala da, gero eta irakurle digital gehiago baitago, batez ere tablet-ak hainbeste zabaldu direnetik, e-book-ekin batera. Bi datu horiek editorialen industriak egun bizi dituen bi ‘krisiak’ definitzen dituzte: ekonomiaren krisia (zeinaren ondorioz liburu gutxiago erosten diren eta liburu gutxiago argitaratu) eta sektorearen beraren ‘krisi’ propioa (zeinak sektorearen eraberritzea, negozio-ereduaren hausnarketa, eta prezio, formatu, tirada eta titulu kopuruen gaineko erabakiak behartzen dituen).
Batzuk sektorea bera ‘krisian’ dagoela diote, beste batzuk trantsizioan fasean aurkitzen dela. Biek ala biek, aldaketa eta eraberritzeko beharra mahai-gaineratzen dute, eta argi dagoena da, eraberritze hori nahitaezkoa dela. Beharbada, horregatik deitzen zaio nagusiki ‘krisia’, sektorea trantsizio fasean derrigortuta sartu delako, ez duelako beste erremediorik izan eta eraberritzea beste aukerarik ez duelako izango. Edozein kasutan, aldaketa fase honetan kokatzen da pirateria kontzeptua eta trantsizio horretan duen eragina. Argibide bat, jarraitu aurretik: ‘pirateria’ baino, ‘kopia ez-baimenduak’ edo ‘kopia ilegalak’ kontzeptua erabili beharko litzateke, baina ‘pirateria’ hitza erabiliz sortzen diren marko kontzeptualen eztabaida gai honetatik harago doanez, kopia ez-baimenduak deituko ditut aurrerantzean.
Esan bezala, kopia ez-baimenduen existentziak badu eraginik, noski, sektorearen eraberritzean. Argitaratu dira kopia ez-baimenduen estatistikak, baina nire ustez ez dira fidagarriak eta ez ditut aipatuko. Baina bada kopia ez-baimenduen existentzia nabarmentzen duen datu bat: liburu elektronikoak irakurtzeko gailuen salmenta igo da, liburu digitalen salmenta igo ez denean. Are, liburu digital (legal) baino gailu gehiago saldu direla kalkulatzen da, hau da, badela inoiz liburu digitalik erosi ez duen irakurle digitalik. Eta ulertzekoa da gero eta kopia ez-baimendu gehiago existitzea, liburu digitalen eskaintza gero eta handiagoa den heinean. Eta eskaintza handiagoa bada, irakurle digitalek zergatik eskuratzen dituzte kopia ez-baimenduak, benetako liburu digitalen ordez?
Arrazoi nagusiak bi dira: prezio altua eta DRMa. Irakurle digitala, gaur egun informazioa eta kultura eskuratzeko dituen aukerengatik, eta liburu elektronikoen inprenta, biltegiratze eta banatze kostuak minimora jaisten direla jakinda, ez dago liburu digitalengatik prezio altu bat ordaintzeko prest. Are, batzuetan, papereko liburuaren eta liburu digitalaren artean dagoen aldea minimoa izaten da (gainera, Estatu Espainiarrean papereko liburuak BEZ %4 du, digitalak %21, horrek dakarren prezio igoerarekin). casadellibro.com Estatu Frantziarrera joango da, uda baino lehen liburu digitalen BEZ jaisten ez bada, han %5ekoa delako. Amazon Luxenburgon dago eta BEZ %5 aplikatzen zaie liburu digitalei. Nekez lehiatu daiteke horrela eta horretxegatik, beharbada, editoreek prezioa jaisten badute ezin dutela bizirik iraun diote, liburu digital baten salmenta masiboa ez den kasuetan. Irakurle digitalak ordea, ordaintzeko prest badago (hori baita bezero potentziala), prezio baxuagoa exijitzen jarraituko du.
Bestetik, DRMa eduki digitalari ezartzen zaion kontrolerako babesa da (Digital Rights Management). DRMaren helburua liburu digitala beste pertsona batzuekin konpartitzeko aukera edo beste bati ematea edo saltzea saihestea da. Zenbait kasutan, DRMagatik, liburu digital bat gailu batean bakarrik irakurri ahal izango da eta ezingo da, adibidez, e-book batetik tablet-era pasa. Amazon-ek adibidez, liburu digital ia gehienei, DRMa ezartzen die. Beste zenbait editorialek DRM gabeko liburu digitalak saltzen dituzte. Zalantzarik gabe, liburu digital bat erosterako orduan, berau partekatu eta banatzeko moduak eragin zuzena du eta, hortaz, DRM gabeko liburu digitalek irakurle digital gehiago erakarriko lituzkete. Zentzu horretan, aipagarria da, gaur gaurkoz, Estatu Espainiarrean eskuragarri dauden kopia ez-baimenduak ez direla DRMa gainditzetik sortu, liburu fisikoak eskaneatzetik baizik. Beraz, DRMagatik kopia ez-baimenduetara jotzen duen irakurle digitala, liburu digitalen bezero potentzialtzat jo behar da.
Zenbait idazlek kopia ez-baimenduei esker sekulako salmentak izan dituzte. Adibide gisa, Neil Gaiman idazle britainiarrak, American Gods liburuaren doako deskarga ahalbidetu zuen hilabetez, bere webgunetik. Hilabete horren ondotik, liburuaren salmentak %300 igo ziren. Pentsa liteke, beraz, kopia ez-baimenduen merkatua baino, irakurleen ohitura berriak direla editorialen industriaren eraberritzearen beharra ekarri dutenak.
Arestian aipatu bezala, papera eta formatu digitala merkatu osagarriak izango dira editorialen sektorean. Formatu digitalaren merkatua, ordea, trantsizioan dago eta forma hartzea behar du. Oraindik ikusteke dago zein izango den bide egokia, baina orain arteko ibilbideak argi erakusten du soluzioa nondik etorri daitekeen. Batetik, garrantzitsua da liburu digitalek arrazoizko prezio bat izatea, irakurle digitala liburu digitalaren balio erantsia ordaintzeko prest egon dadin. Bestetik, DRM babesa ezabatzea, liburu fisikoekin egiten dugun moduan, liburu digitala ere nahi dugun gailuan irakurri eta nahi dugunarekin partekatzeko aukera izan dezagun. Eta azkenik, faktore oso garrantzitsu bat: eskaintza digitalaren areagotzea. Egia da badirela plataformak, online liburu-dendak, katalogo digitalak eta liburu digitalak soilik saltzen dituzten editorialak. Baina eskaintza digital (legala) oso eskasa eta urria da oraindik. Liburuak formatu digitalean eskuragarri izatea beharrezkoa da merkatu horri indarra eta forma eman nahi bazaio. Horrela, beharbada, sortu ahal izango da sortzaile, editore eta irakurleen arteko harmonia digitala.