Nestor Lertxundi Beñaran

Manifestaldi baketsuaren atzeko itzala

Probokazioa, poliziaren jarduna eta herritarren babesgabetasuna

Manifestaldi baketsu bat gertakari edo agindu baten aurrean uritarrek (hiritarrek irakurri) antolatzen duten erantzun kolektiboa da. Halakoetan, polizia-indarrek beren dispositiboa prestatzen dute. Manifestaldia baketsua bada, ordea, ez dago istilurik, eta horrek ez du beti boterearen interesekin bat egiten. 

Orduan sortzen da galdera: zer gertatzen da istiluak beharrezko bihurtzen direnean? Nork ateratzen ditu jendartean infiltratutako «gaiztoak», manifestari edo kaleko norbaitez mozorrotutako polizia, bertze mamu horiek, inork ikusten ez dituenak, baina hor daudenak? 

Manifestaldi baketsu batean harriak botatzen dituzten pertsonak agertzen badira, gazteek jokabide hori imitatzeko arriskua dago. Eta horrela, berriro ere, eztabaida bera pizten da: herritarrok artikuluak idatzi behar al ditugu gazteei eskatzeko probokazioei ez erantzuteko, egoera horiek agerian gera daitezen? 

Oreretako desahuziaren aurkako mobilizazioak ere beste galdera bat planteatzen du. Desahuzioa agindu, polizia bertaratu eta herritarrak elkartzen dira, aurkako jarrera modu baketsuan adierazteko. Manifestariak lurrean eserita daudenean, indarraren erabilerak beste dimentsio bat hartzen du: poliziaren jarduna eta ondorengo kontakizun judiziala. Manifestarien aurkako akusazioek, poliziaren bertsioan oinarrituta, prozedura judizialak aurrera eramateko bidea eman dezakete. 

Baina hemen bada galdera deserosoago bat, eta ezinbestekoa dena: nork babesten ditu herritarrak poliziak berak jotzen dituenean? 

Manifestaldi baketsu batera eskubide osoz joan, lurrean eserita egon, eta etxera odolez itzuli behar al du herritarrak? Nori eskatu behar dio babesa? Nork bermatzen du indar publikoaren erabilera bidezkoa eta proportzionala dela? Eta, batez ere, nork hartzen du erantzukizuna herritar bat zaurituta ateratzen denean? 

Herritarrei bakea eta zuhurtzia eskatzea erraza da. Zailagoa da botere publikoari bere jardunaren erantzukizuna eskatzea. Poliziaren eginkizuna herritarrak babestea da, ez haien segurtasunerako arrisku bihurtzea. Uniformeak ez du zigorgabetasunik ematen, eta agindu batek ez du edozein indarkeria justifikatzen. 

Manifestaldi baketsu batean herritarrak babestu behar dituen polizia uritarren aurkako indarkeriaren eragile bihurtzen bada, nork babesten ditu herritarrak? 

Galdera horri erantzun gabe, ezin da esan herritarren segurtasuna bermatuta dagoenik. 


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen. 

Search