Joseba Otano Villanueva
Administrazioan Euskaraz Taldea

Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politika salatzeko eguna

Administrazioan Euskaraz taldeak deia egiten du 2014ko martxoaren 22ko manifestaziora joateko. Bertan, Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politika salatuko da. Frankismoaren ondorengo Nafarroako Gobernuak ez dira eskuzabalak izan euskararekin.

Une konkretu batzuetan hobeto jokatu badute ere, oro har euskararen aurkako jarrera izan dute ezaugarri. 2000tik aurrera Miguel Sanzekin eta ondoren Yolanda Barcinarekin euskararen aurkako herra erabatekoa erakutsi dute. Euskaldunok Nafarroako Gobernuarekin genuen arazoa krisi ekonomikoarekin areagotu da. Abagune ederra aurkitu du hor euskarazko jardun oro murriztu edo mozteko. Aspaldiko ametsa gauzatu dute (guretzat, amesgaiztoa dena). AEK eta IKA iaz diru laguntzarik gabe, euskarazko komunikabideak ere diru laguntzarik gabe, udaletako euskara zerbitzuetarako dirua nabarmen murriztuta, Lodosako ikastola laguntzarik gabe... ‘Bertsolaritza Hezkuntzan’ programak berak ere problemak ditu hitzartutako dirua kobratzeko. Diru arazoak benetako nahiak gauzatzeko aukera bihurtu dira. Dirua gako ez den kontuetan ere nabaritzen da desira ez hain ezkutu hori.

Administrazioa euskalduntzeko borondaterik eza, D eredua kriminalizatzeko ahalegina, D ereduaren hedapena oztopatzeko PAI bultzatzea, Euskalerria Irratiari lizentzia ukatzea (legea inpunitate osoz nabarmen urratuta)... Aukera guztiak aprobetxatuta, ETBri ere bidea moztu dio, digitalizatzeko beharrak tramite berriak eskatzen zituenean. Euskaldunok baztertuta gaude. Gure aurka aplikatzen dituzte politikak. Nafarroako Gobernua kinkan dagoen honetan, euskaldunok eta euskaltzaleok ere gure ahotsa entzunarazi behar dugu. Ez soilik Nafarroako Gobernu honen erorketa laguntzeko (ez baitugu uste Gobernu honekin hizkuntz politika aldatzea posible denik), baita balizko Gobernu berriaren hizkuntz politika baldintzatzeko ere. Ez dugu ezer irabaziko, hurrengo Gobernuak hizkuntz politika berria egiteko beharraren kontzientzia ez badu. Nahiko arrazoi badugu, beraz, martxoaren 22an, arratsaldeko bost eta erdietan, Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko den manifestazioan egoteko.

 

Search